« Pentsamenduan aske | Adiskidetasuna »
Ladix Petrirenekoa / Luis Mari Mujika / Erein, 1998
Gogorkeria estaltzen duen majikotasuna Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-31
Erein argitaletxearen azken emaitzak itxoiten ditugun bitartean, eta Durangoko Azokak laster ekarriko dituen lan berrien etorrera aiseago eramateko, uda baino lehenago argitaratu eta hemen oraindik jaso gabe genituen liburuen iruzkinak egingo ditugu.
Lehenengoa Luis Mari Mujikaren azken liburua da. Azkenaldi honetan argitaratutako azken lanak bezala, oraingoan ere Mujikak eleberri bat plazaratu du eta ekintza nagusiak iraganean gertatzen dira.
Liburuari izenburua istorioaren protagonista nagusiak ematen dio: Ladix, Petrirenekoa. Bera izango baita Lizarbe herrixkan Ama Birjina ikusiko duen pertsona bakarra. Hala ere, horrelako mirariak gertatzen badira ere, ez Ladix bera eta ezta egoera ere ez dira nolanahikoak izango.
Lizarbe herrixkan abereak hiltzen dituen izurri larria dago zabalduta. Ondorioz, jendea, gizartea, oso arduratuta dabil, gehiengoa abereen salerostetik bizi baita. Izurriaren jatorria ez dute ezagutzen eta guztiak oso larriturik daude. Gainera, gauza hauetan gehienetan gertatzen den bezala, errua, arerioa, arrazonalki aurkitu ordez, pasioz bilatzen saiatuko dira.
Ladix Petrirenekoa dugu. Gaztea atzeratua da eta herrian trufa guztiak jasan behar ditu. Baina bera izango da Ama Birjina ikusiko duena eta, ondorioz, argitzeke duten kontua eta agerpena batuko ditu herriak eta Ladixi eskatuko dio Ama Birjinaren agerpena erabil dezala izurria urruntzeko.
Eleberrian beste gai eta pertsonaia desberdinetaz ere hitz egiten da, horien artean On Benjamin, herriko apaiza, da pertsonaia interesgarriena.
Luis Mari Mujikaren beste eleberri bat, hau pentsatuko du batek baino gehiagok iruzkin hau irakurtzen duenean. Mujika euskal literaturan ezaguna da, eta gehienbat, estilo aldetik, Hego Amerikatik heldutako errealismo majikotik egon da gertu. Baina oraingoan desberdina da. Errealismoak eta majikotasunak lanaren ardatza izaten jarraitzen badute ere, eleberrian betetzen duten funtzioa desberdina da. Orain, Mujikaren ikuspuntua objetiboagoa da. Bere beste lanetan hurbiltasun handiagoa ikusten zitzaion. Majikotasuna badago, noski, baina estiloan baino gehiago gaian nabaritzen da. Gainera, gaia bera Mujikaren literatur bidean majikotasun gehien duen argudioa da. Badirudi kontraesana dela, baina horrela da. Istorioak gaiaren aldetik majikotasuna irabazi du, baina estilo aldetik, bestalde, galdu egin du. Gaiak duen majikotasunak estilo objetiboa, zuzena eta gogorragoa eskatu dio oraingoan Mujikari.
Irrealitatetik gertu dagoen gai hau errealitatetik gertuago egotea Ladix pertsonaiaren karakterizazioak asko lagundu du. Mujikak ez du inoiz Ladix dulzifikatzen, ez du pertsonaia berezia bezala garatzen. Berdin egiten du herriarekin, bere giroarekin eta baita beste pertsonaiekin ere. Ondorioz, zenbait zatitan liburua gogorra egiten da, baina beti ere interesgarria. Hala ere, oraingo honetan Mujikak ezer gutxi berri gehiago eskaintzen digu. Estiloan aldaketa dago, bilakaera, eta gai aldetik gure egungo egoerarekin agian parekotasunak aurki ditzakegu, baina Mujikak berak ez du azken alderdi honetan gehiegi laguntzen. Ziur naiz, oraindik Mujikaren lan onenak irakurriko ditugula etorkizunean.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez