kritiken hemeroteka

8.710 kritika

« | »

Gauza guztien zergatia / Quim Monzo (Luis Berrizbeitia) / Elkarlanean, 1998

Irribarrearen gibeleko tristura Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-07-04

Azkenean. Galizia eta Kataluniako literatura irakurtzeko ohitura handia daukat. Beraien eta gure herriaren arteko parekotasunak nabariak dira, nahiz eta egoerak desberdinak izan. Hau dela eta, herrialde hauetako literatura irakurtzean saiatzen naiz eta, orokorrean, oso interesgarria da eta asko gustatzen zait. Hala ere, galegoa eta katalana ez ditut ongi menperatzen eta literatura hauen gaztelerazko itzulpenetara jo behar dut. Orain, azkenean, euskarara itzulia izan den liburu hau, adibidez, lehenengoz gazteleraz irakurri nuen eta gero katalanez Madrilgo lagun on batek oparitu zidan liburuan.

Baina atzera begira hasiz gero, onartu behar dut liburu honekiko nire lehenengo harremana ez zela literarioa izan, zinematografikoa baizik. Madrilen, jatorrizko bertsioan, katalanez, Monzoren liburuan oinarrituriko eta Ventura Pons zuzendari kataluniarrak zuzenduriko filma ikusteko parada izan bainuen.

Zergatik ekin diot iruzkin honi azkenean hitzarekin? Nire iritziz, Monzok burututako lana azken bost urte hauetan gure inguruan idatzi eta argiraratu den liburu interesgarrienetakoa baita. Ventura Ponsek zuzendutako film zoragarria maiz ikusi dut eta liburua gazteleraz, katalanez eta, orain, euskaraz, bertsio bakoitzean behin baino gehiagotan irakurri dut.

Baina, literaturaren egunerokotasunean murgiltzen direnen artean, nork ez du honez gero liburu hau irakurri? Bai, orain euskaraz irakurtzeko aukera dugu. Egindako ahalegina txalogarria da eta liburua irakurtzeko aukera berria ere —Luis Berrizbeitiaren itzulpen bikainari esker— eskertzen da, baina ez al da beranduxe? Euskal Herriko argitaletxeak zergatik ez dira saiatzen egunean egoten? Klasikoak eta ospetsuak itzultzea oso ongi dago, baina eta gure gaur egungo hitzak?

Azken buruan Monzo izeberraren tontorra soilik da. Gero, ziur bakoitzak badituela bere zerrendak. Nirean, adibidez, aspaldidanik Manuel Rivas galiziarra edota Antonio Lobo Antunes portugaldarra itxoiten ari dira. Euskaraz irakur daitekeen literatura, produkzioaren zein kalitatearen aldetik hobetu nahi badugu, gaurkotu egin behar dugu.

“Eta liburua?”, galdetuko didazue. Liburua zoragarria da. Lana hogeita hamaika ipuinek osatzen dute, orrialde laburrekoak baina edukin sakonekoak, mamitsuak eta oso interesgarriak. Ipuin bakoitza kontakizun harrigarri eta liluragarria da eta bukaera gehienak ustekabekoak dira. Kontakizunak azaltzeko orduan Monzok hitz errazak erabiltzen ditu, baina istorioak hartu eta korapilo desberdinaz beterik daude. Eta guztiz umore fin eta ironikoz horniturik. Zertaz egiten duen barre? Gure gizarteaz, gure sentimenduetaz, gure grinetaz, gure beldurretaz, hots, gizakiaz, gauza guztien zergatiaz jakin nahi duten animalietaz.

Liburuan zehar istorioek gai desberdinetaz barre egiteko aukera ematen dute. Egoera gehienak arruntak dira, nahiz eta askotan ipuin fantasiosoen itxura hartu. Liburua, orokorrean, literaturaren azken historian egunerokotasuna umorez interpretatzeko ahalmenagatik sartu da.

Baina hau egia bada ere, niri iritziz, ez da nahikoa. Hasiera batean liburuan kontatzen diren istorioekin barre egin dezakegu, baina bigarren irakurketa bat ere badago. Monzok ez digu gizartea, gizakia eta egunerokotasuna beraietaz barre egiteko soilik aurkezten, baita hausnarketa egiteko ere. Eta Monzok gaiak azaltzeko duen eragatik eta gure egunerokotasunak erakusten digunagatik, amaierako sentsazioak ez du ikusteko askorik hasierako barre algarekin. Hauen atzean bizitzarekiko ikuspegi tristeagoa ezkutatzen baita. Baina beharrezkoak diren honelako liburuak (gizartearentzat, gizakiarentzat zein literaturarentzat) umorez eskaintzea, beti eskertzen da.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak