« Agirreren biografia | Gizartea aurka »
Maltako belatza / Dashiell Hammett (Xabier Olarra) / Igela, 1997
Beltzez esmaltatutako literatura Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-10-25
Raymond Chandler-ekin batera eleberri beltzaren aitzindari eta maisua den Dashiell Hammett euskaraz irakurtzeko hirugarren aukera eskaini berria digu Igelak eta, zinemak hain ezaguna egin duen Maltako belatza eleberria aukeratu du argitaletxe nafarrak.
Irakurleari, ez zaio damutuko eskaintzari erantzun izana. Lehenago Gizon argala eta Uzta gorria eleberrietan bezala —Koro Navarro eta Xabier Olarra itzultzaile, hurrenez hurren—, Hammetten idazkerari darion bizitasunak eta abiadurak lotuko du irakurlea, eleberriaren hasieratik amaieraraino kateatuz. Abiadura eta bizitasunari, gainera, Hammetten estiloa lotzen zaio, ironia beti lagun duela eta, honek guztiak, kontatzen diren gertaerek biltzen duten misterioarekin batera, gustura irakurtzen den liburu bihurtzen dute Maltako belatza.
Hammetten idazkera, elkarrizketaz eta prosa laburzalez betea, zinematografikoa da zeharo. Hammetten irakurlea berehalakoan ohartzen da aurrean duen testua zinemara eramateko egokia dela. Maltako belatza hau, esaterako, zinemak egin du gehienbat ezagun. 1931. urtean R. del Ruth izan zen Hammetten liburua lehen aldiz zeluloidera eraman zuena. Alta, izan da besterik ere. Honela, Hammetten eleberrian oin hartuta zuzendu zuen John Huston estatubatuarrak bere lehen filma, 1941. urtean, Humphrey Bogart antzezle nagusi zuela eta film haren arrakastak zabaldu zuen Estatu Batuetan hain hedatua zegoen Hammetten sona munduan barrena. Honen Kristalezko giltza eleberriak ere ezagutu zituen F. Tuttle (1935) eta S. Heisler zuzendarien zinemarako egokitzapenak.
Ez da harritzekoa. Izan ere, zerbait nabarmendu behar baldin bada Hammetten idazkeratik, estilo eta erritmo zinematografikoa da, lehen esan bezala. Maltako belatza honen adibide garbia da. Hammettek ez digu lekuen eta giroen deskripzio luze eta poetikorik egiten. Elkarrizketak dira nagusi eta deskripziorik baldin badago, ohiki, pertsonaiaren bat aurkezteko izan ohi da. Gainerakoan, irakurketa erraza da, hilketak argitzea eta hariaren mataza askatzea eskatzen duena orrialdez orrialde.
Samuel Spade detektibea da liburuko pertsonaia nagusia. Pertsonaia diogu, protagonista nagusia beltzez esmaltaturiko urrezko txoria baita: Maltako belatza. Hura eskuratu nahiak eragindako heriotzak, belatzaren nondik-norakoak eta haren inguruan aztertu beharreko guztiak korapilatu egiten zaizkio hasieran Spade detektibeari eta korapiloa askatzea irakurlearen lan bihurtzen da. Ordaina, ordea, merkea bezain atsegina da. Eleberriaren orrialdeetan barrena Spaderen ibilerak jarraitzea, alegia. Eta hori, berriro diogu, erraz egiten da.
Itzultzailearen lanak ere izango du honetan zer ikusirik, noski. Hammetten Uzta gorria itzuli zuenean, “estilo aldetik oso egokia da itzultzeko eta euskaraz asko irakurri ez duenarentzat ere aski erraza egiten da irakurtzeko” zioen Xabier Olarra itzultzaileak. Maltako belatza hizpide hartuta ere, gauza bera esan daiteke. Hots, irakurterraza dela.
Eleberri beltzaren zalea denak ez du aitzakiarik Hammetten klasiko honi heldu eta Spade detektibearekin batera Maltako belatzaren bila hasteko.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria