« Umore marxista | Tradiziozko historiak »
SPrako tranbia / Unai Elorriaga / Elkar, 2001
Kolore askotako zeppelinak gure literaturan Lutxo Egia / Deia, 2001-07-06
Lucasi ebaketa bat egin diote ospitalean. Ebaketa ez da gaizki atera baina gizona burua galtzen hasi da. Une horretantxe azaldu dira bizitzaren alderdi erreal eta surrealistak. Une horretantxe barneratu da heriotza bizitzaren gelara. Une horretantxe Julio Cortazar eta Juan Rulfo. Une horretantxe Unai Elorriaga.
Garcia Marquezen ustez, magikoa den oro eguneroko errealitatean sortzen da. SPrako tranbia eleberriak errealitatea islatzen du Lucas zaharraren mundutik abiaturik. Mundu ttikia bezain berezi eta mamitsua da Lucasena. Biziek (María, haren arreba; Marcos, pisukide gazte mukerra; Roma, Marcosen laguna; Don Rodrigo, etxeko sits bat; Shisha Pangma mendia; kuku-erlojua eta Angel anaia zenaren bastoia…) eta hildakoek (Rosa, haren emaztea; Matias, tranbia-gidaria; Angel; tranbia…) nahasmahas agertzen dira hartan.
Unai Elorriagak, liburua aurkeztean, gorago aipatutako errealismo magikoaren maisu bien eragina nabarmendu zuen. Hura ukaezina da, bistan dago. Imagina dezakegu narrazioaren nolabaiteko desegituraketak (linealtasuna erabat apurtu gabe) Rayuela-tik edaten duela eta bakarrizketa edo gogoetek, berriz, Pedro Paramo-tik. Baina, eraginak eragin, liburua ez da, inondik ere, nortasunik gabekoa. Egiturari dagokionez, esateko, idazleak hirugarren pertsona eta iragana aukeratzen ditu narraziorako, kontaketarako, istoriorako; pertsonaien gogoetak azaltzeko, aldiz, lehen pertsona eta orainaldia. Baina gogoetak ez dira bakarrizketa hutsak. Ipuin modukoak dira, narrazioaren barrura bildurik, neurri handi batean modu autonomoan funtziona dezaketenak. Bakoitzak bere izena (Mariaren ipuina, Lucasen ariketa, Matiasen gatuna…) eta bere izara du.
SPrako tranbia eleberria istorio zoragarria da, hasi eta bukatu arte irakurriko duguna seguraski, Lucasen etxeko sofaulkian iltzaturik, mugitzeko batere gogorik gabe. Baina liburua haren erotze gozoa baino gehiago da. Liburua lerro guztietara zabaltzen den ironia eta umorea baino gehiago ere bada. Liburua berbetan sumatzen den jolasa baino gehiago ere bada.
Liburua oso tonu poetikoan narraturik dago, nik uste. Paragrafo bakoitzean bada zer gozatu, zer dastatu, zer irakurri berriro. Hitza ederra da liburu honetan, ederra bezain eskuragarria.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera