kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Poema Antologia / Charles Bukowski (Josu Lartategi) / Susa, 1997

Bonbatxo atomiko bat Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-05-03

Carl Weissner itzultzaile alemaniarrak Bukowski ezagutu zuenean, “arraioa, idazten duen bezalaxe hitz egiten du!” esan zuen harrituta, zur eta lur. Ez zen gutxiagorako, Bukowskiren idazkera zerbait baldin bada, gordina baita. Bere prosaren antza du bere poesiak, gordina, bizia, garratza, eguneroko bizitza eta hizkuntzaren modukoa. Hori da Bukowskiren literatura, bere egunerokotasunaren isla, botila, emakumeak eta hipodromoa lagun dituela. Antologia prestatu eta poemak euskaratu dituen Josu Lartategi bilbotarraren hitzaurrean garbi gelditzen da zein zen eta nolakoa zen Charles Bukowski, “Los Angeles-ko Agure Xikiña, literatura marjinalaren ikur, hil artean inkonformista eta egolatra, lege, politika eta moda guztien etsai, Estatu Batuetako feministen iritzirako misoginiaren idazle, kritikari askoren iritzirako gustu txarraren eta idazkera ezin are okerragoaren adibide, beste batzuen iritziz alkoholaren eta gehiegikeriaren apologista…”. Hitz batean: Bukowski.

Lehen aldia da idazle ezagun honen izena liburu baten azalean ikusten dugula gurean. Bai, gezurra badirudi ere, egia bezain lotsagarria da egoera. Alegia, hau da Bukowskiren literatura biltzen duen euskarazko liburu bakarra. Prosa zein poesia liburu ugari idatzi zituen Bukowskik baina, dirudienez, orain artean ez zaio inori bururatu Los Angeleskoaren lanekin libururik argitaratzea euskaraz. Ea Susa argitaletxearen lehen ahalegin hau ez den bere horretan gelditzen eta euskal irakurleek Bukowskiren literatura —idazten duen bezalaxe hitz egiten duen hori— gehiago gozatzeko aukera duen.

Dagoenari eusteko gurean askok duten ohiturari helduko diogu oraingoan guk ere eta, beraz, Lartategik atondutako liburua izango dugu hizpide. Honelako liburuen aurrean, euskarazko bertsioa bakarrik eskuan, ez da erraza idazlearen eta itzultzailearen merituen arteko muga zehaztea. Atseginak dira Poema Antologia honetan aurkitu ditugunak eta, gainera, irakurterrazak. Idazkera zuzena du Bukowskik, danbateko baten modukoa, bortitza, benetakoa. Hitzek, ordea, sakontasuna dute sarritan. Liburuko bigarren poeman gelditu gara lehen aldiz harrituta —lehenago ere, lehen orrialdeko “beleek ahoa / muxukatzen didate, / zainak katramilaturik daude hemen, / itsasoa odolezkoa da” lerroekin hasiak ginen liluratzen—, hitzek adierazitakoarekin: “eta poesian huts egiten duzunean / bizitza huts egiten duzu, / eta bizitza huts egiten duzunean / sekula ez zinen jaio”. Hasiera sendoa antologiarentzat.

Hasiera ezezik, ondorengoa ere mamitsua du liburu honek. Poemak bezala, izenburuak, harrigarriak, indartsuak. Honako hauek, esaterako, bildumaren bi atalei dagozkienak: Maitasuna infernuko txakur bat da eta Jo pianoa mozkorturik perkusio-tresna lez hatzak pittin bat odoltzen hasi arte. Erabatekoa. Berehala nabari zaio Bukowskiri benetako artistek buruaren bazter ezkuturen batean duten ideia eroen itsasoa, naufragiotik sarritan literatura sortzen den horietakoa. Gainera, ez da gelditzen inoren bedeinkapenaren zain. Adierazgarria da Aizue, begiratu hona izeneko poema, “Poeta / babo sasikume dizdizariok / zeuon / pergamino zozoekin / hain arranditsuak / zarete / zeuon / jakintzan / hain / sinesberak / ze / haril bero baten barruan / zoazte / nirvanara”. Berdin zaio kritikariek diotena, berdin egile madarikatuen zerrendak bete izana. Irakurleak bere alde egin zuen aspaldian eta hori aski zaio. Baina irakurleen oniritzirik gabe ere, iluntasuna besarkatuz aurrera egingo luke Bukowskik: “Nahasmena jainkoa da erotasuna jainkoa da” irakurri diogu. Bakarra da. “Nire dentista mozkorra da” edota “Pentsatzeko biderik onena da inondik ere / ez pentsatzea” idazteko gai dena. Bakarra. Bonbatxo atomiko bat. Bukowski.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak