kritiken hemeroteka

6.822 kritika

Azken kritikak

« | »

Galdu arte / Juan Luis Zabala / Susa, 1996

Behin ere galdu ez zutenak Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1996-11-02

Kritika txukun xamarra egiten hasiz gero —ondoren kalera lepoa tente irteteko modukoa behintzat—, liburua gutxienez bi perspektibatatik irakurri behar dela defendatzen dutenetarikoa naiz —paperaren zurian behintzat—, eta alde horretatik begiratuta, planteamendu zail baten aurrean imajinatzen dut autorea liburu hau idazten hasi zenean. Emaitza ere horren ondorio dela deritzot. Benetako gertakarietan oinarritutako nobelaren aurrean gaude, baina jazo ziren guztiak ez bide ziren gertatu kontatzen diren bezala, nobelaren taiukerari ez zitzaizkiolako behar bezala egokitzen, autore beraren hitzetan. Ez da, berez, liburu historiko bat eta, horregatik, argi utzi nahi nuke garaiko gertakizunen kronologiaren bila doazenek ez dutela euren nahia betetzea lortuko. Bizitzeko modu baten azalpena gehiago da liburu hau, hots, 80ko hamarkadan punk-aren leherketarekin batera, diktaduratik irten berriak eta gaur egungo egoeraren atarian loratu ziren gaztetxeen mugimendua posible egin zuen gaztediaren sentipen eta bizitza ulertzeko moduaren narrazioa baino. Egun haietan 20 urte bete berriak zituztenak egun hogeita hamar urteen aldapa gogorxeagoan sartuta daudenez, azpi-azpian hizkiz kontatuta ez dagoen beste narrazio bat irakurri uste izan dut: gaur egun euskal idazleen nukleo berezi eta garrantzitsu batean ustez literatura eta bizitza berberari aurre emateko erabiltzen den ikuspegiarena, hain zuzen ere. Esanguratsua iruditzen zait aberatsagoa iruditzen zaidan ikuspegi honetatik behatuta, liburuaren aurkezpenean, izenburuari buruz Iñaki Segurolak azaldurikoa. Hots, Euskal Herrian, euskaraz bizi ziren hiru herri handi geratzen zirela: Azkoitia, Azpeitia eta hirugarren bat, Ondarroa edo. Hitzok ezin izan ditut burutik baztertu —azpeitiarra naiz eta ez nago harro—. Hain iruditzen zitzaizkidan exajeratuak! Aurka egiteko argumenturik ezin nien aurkitu ordea. Filosofia berezi bat da, bizitzeko eta jokatzeko modua islatzen duena, irabazteko galdu arte borrokan jarraitu behar duenarena, galtzen irteteko aukera guztien jabe izateaz kontziente izanik. Liburuaren hizkuntza, ordea, Azkoitiko mugez aparte doala esan behar, belaunaldi baten esperientziak jorratzen dituelako liburuak, Azkoitiko hainbat irakurlek esana didate hori, tartean liburuan pisu zehatza daukan Atraskua tabernan gaur egun biltzen diren gazteetariko bat edo bestek. Pipi goitizenaren atzetik izkutatzen den ikasle unibertsitarioa ere Juan Luis berbera dela ziur nago. Goitizenen erabilera hain luzatua den herrietan bakanetariko bat Azkoitia dela ziur nagoen moduan.

Bestalde, liburuari dagokionez, nire iritziz autoreak orain arte argitaratu dituen liburuetatik irakurterrazena hau dela deritzot. Zabalaren testu denetan ukitu metafisiko eta existentzialak beti izan du pisu garrantzitsua. Protagonistak ezpata eta hormaren artean mugiaraztea gustukoa izan du baina, oraingoan, beharbada zorro berean esparru zabalegia bildu nahi izan duelako, eta baita idazkera errazagoaren alde jo duelako ere, arinagoa da bere ukitu pertsonal hori. Xepe protagonistaren barne-sufrimenduaren berri bakanak, inprobisatzen dituen antzerkietatik edota logelako atearen ostean bere burua belaunen artean gordez eta bilduz espetxeratzen duenean jasotzen ditugu. Sufrimendu urrun xamarra aukeran, asimilatzea eta ulertzea zail gertatzen dena. Bestelakoa da amaiera, ordea. Herrizaingoen autoa Arantzazuko eleizaren sarreran, kulturetxerako filmea barnean duen maleta susmagarria auto sabaian, artifizieroak, betidanik lagunak izan direnen arteko mugak, izaera asanbleariotik botere eta kultur oftzialen diktadurapera makurtzeko eraldaketa inkontzientea, zaldiarekiko maitasuna zainetan… Zailegiak dira hitzak, kaka besterik ez dute esplikatzen.

Azken kritikak

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Hasier Rekondo

Telleria eta gero, zer?
Ernesto Prat

Javier Rojo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Hasier Rekondo

Kristo irakiarra
Hassan Blasim

Mikel Ayerbe

Maitalea
Marguerite Duras

Aritz Galarraga

Ospa
Juan Luis Zabala

Estibalitz Ezkerra

Txoriak etortzen ez diren lekua
Alaine Agirre

Iker Zaldua

Jesusen eskola-egunak
John Maxwell Coetzee

Javier Rojo

Deserria haurtzaro
Maddi Zubeldia

Mikel Asurmendi

Patagoniara Hazparnen barrena
Kepa Altonaga

Alex Gurrutxaga

Txoriak etortzen ez diren lekua
Alaine Agirre

Igor Estankona

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Javier Rojo

Azken patriarka
Najat el Hachmi

Mikel Ayerbe

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Hasier Rekondo

Artxiboa

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Iraila 2016

Abuztua 2016

Uztaila 2016

Hedabideak