kritiken hemeroteka

6.894 kritika

Azken kritikak

« | »

Erdi guneak / Ur Apalategi eta Unai Goieaskoetxea / Maiatz, 1995

Idazle izatearen abentura Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-02-03

Ur Apalategi eta Unai Goieaskoetxea gazteek idatziriko lehen olerki liburua da hau. Irakurketari ekin aurretik badakigu, beraz, ezohikoa dela esku artean dugun poemarioa. Bi idazle biltzen baitira orriotan, bi idazteko modu desberdin. Hori da liburuak dakarkigun lehen ezustekoa. Gero etorriko dira gainerakoak.

Hitzaurrean bertan lotzen gaitu lehen ezustekoak, “gizakia eta Su ta Gar-en entzule ertaina bereizten dituen amildegia” aipatzean. Bitxia gertatzen da bost orrialdeko hitzaurrea, gerora liburua izango denaren aurrikuspena. “Ixiltasuna poesiarik gorena da” dioten hitzekin hasten da poemarioa, egileek, isiltasuna hautsiz, poesiatik urruntzen doazen konzientzia izango bailuten. Ur-en eskutik datoz lehenengo poemak. Eguneroko irudiak plegatzen ditu Ur-ek olerkiotan: “Elur malutek Baiona estali zuten goizalde ilun hura / Saxofoi ikasketak ahanzteko baimena lortu nuen unea / Lehen musua / Lehen maitemintzea eta lehen gorrotoa / Marino Lejarretak tourrean irabazi zuen etapa hura”. Baina irudi hauekin batera, intimitatearen esplorazio bat eta poesiaren izaerari buruzko galdeketa da bere lana. Egileak berak aitortzen du: “Gaur egun denbora dirua dela badakizu, / ondorioz poesia ere errentablea bilakatu behar da / irakurtzen xahutu duzun denbora / prezios horren errentagarritasun intelektualaz / komentzitu behar duzulako zeure burua. / Ez baita gauza errexa onartzea liburu txar bat erosi duzula edo autoreak / denbora galerazten dizula bere lelokeriekin”.

Hurrengo poemak bien artean idatziak dira. Unaik eskaintzen dizkigun azkenengo poemak lotzera datozen hiru poema hain zuzen ere. Unairen poemak laburrak dira, estilo berri bat dakarkigutenak. Bitxiak. Baina era berean gogoetan murgilduak hauek ere, estiloan baino gehiago esan beharrekoan sakonduz, “bere etxetik ateratzen den jendea egunaren objetu bat bihurtzen da” edo “gitarra jole bat kalean. Kalean dagoelako gitarra jole” bezalako ahapaldiekin. Euskalki ezberdinak nahasirik agertzen dira azken poema hauetan, ahalegin berezirik gabe, bizitzaren denborari hitzak emanez: “Ikuspuntu guztietatik begiratu aukeratutako hitza. / Eta gero emaizkiozu ederki doazkion hitz guztiak, bere / inguruan idatziz”. Hori da azken batean Unaik egiten duena. Bizitzaren eguneroko gertaerak singularizatu, bere orokortasunetik atera eta hitzez jantzi.

Irakurle eta idazlearen artean poesian distantzia handia dagoela iritzita, bien arteko zubia egitea, bi irlaren batuketa egiten saiatzea izan dute helburu Iparraldeko bi gazteek. Bidean, nabari izan zaie Bordeleko unibertsitateko idaz-tailerran erabili dituzten tekniken eragina. Idazketa automatikoa eta surrealisten teknikak erabiliz, idazle izatera jolastu dira. Ez da ziurrenik maisu lana izateko deitua den liburua, baina poesia liburu batean aurkitzea gustatuko litzaiekeena idatzi nahi izan duten bi adiskideren abentura da honakoa. Bi idazle gazte. Gazte direlako idazten. Nigarrez. “Eta ez dago munduan / malko horrek daraman / sutea itzal dezakeen surik”.

Azken kritikak

Golgota
Xabier Montoia

Amaia Serrano Mariezkurrena

Begirada
Jean-Paul Sartre

Joannes Jauregi

Mina edo libertatea! / Biba Mina!
Kepa Larrea

Aiora Sampedro

Ametsondoa
Peru Magdalena

Estibalitz Ezkerra

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Javier Rojo

Itzulera
Martin Bidaur

Igor Estankona

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Peru Iparragirre

Ametsondoa
Peru Magdalena

Igor Estankona

Baina ez lukete han egon behar
Asier Osinalde

Javier Rojo

Itzulera
Martin Bidaur

Aiora Sampedro

Nagusia kanpoan bizi da / 1928ko martxoaren 15a
Takiji Kobayashi

Joannes Jauregi

Ero hiria
Javi Cillero

Aritz Galarraga

Itzulera
Martin Bidaur

Miren Lizarralde

Maite ditut maite
Ismael Manterola

Iratxe Esparza

Artxiboa

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Hedabideak