« Hasi, eta ezin geroko utzi! | Tradizioa zaharberrituz »
Oktaedroa / Julio Cortazar (Gerardo Markuleta) / Ibaizabal, 1993
Oso gertu eta oso urrun Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-10-09
Ez zion erronka errazari heldu Gerardo Markuletak liburu hau euskaratzen hasi zenean. Markuleta berak dio, liburuari ezarri dion hitzaurrean: “Cortázar borroka bizian aritzen da sintaxiarekin esaldi bakoitzean”. Bada Cortázarrek bere lana idazteko sintaxiarekin borroka egin behar izan bazuen, Markuletak ere ez zuen harreman samurrik izango. Inoiz amaituko ez direla diruditen gaztelerazko perpaus luze eta bihurriak euskarazko prosa jariakor bihurtzea ez da, ez, oraingoz behintzat, ahuntzaren gauerdiko eztula.
Esaldi luze eta korapilatsuekin egindako borroka horretan, gehientsuenetan behintzat, itzultzailea garaile irten dela iruditu zait, nahiz eta batzuetan —euskarazko itzulpen guztietan gertatzen zaidan bezala— neuk beste aukeraren bat egingo nuela pentsatu. Jakina, ez dugu euskarazko bertsioarekin jatorrizkoarekin adina gozatzeko aukerarik —ezin Cortázar pixka bat itzali gabe itzuli, Markuletak hitzaurrean egiten duen hitz jokoari jarraituz—, baina horren berri bazuen Markuletak itzulpenari ekin aurretik, eta jakinaren gainean nengoen neu ere irakurtzen hasi aurretik. Ez gaude ohituta Cortázarren prosa euskaraz irakurtzen, eta ez dakit inoiz ohitzera iritsiko garen. Hortxe dago, ordea, erronka, eta hortxe Markuletaren apustua.
“Oktaedroa” zortzi ipuinek osatutako bilduma da, egoera eta pertsonaia bitxiak aurkezten dizkiguna, beti amildegiren baten ertzean dardarka ari direla diruditen egoera eta pertsonaia iradokorrak, irakurleak berarengandik aldi berean oso gertu eta oso urrun sentitzen dituenak. Neuk behintzat izan dut behin baino gehiagotan istorioan sartu eta pertsonaiaren bat edo besteri laguntzeko gogoa, baina, jakina, alferrik izan da nire borondate ona, pertsonaiak bereari eutsi dio eta bere bidetik ailegatu da Cortázarrek prestaturik zion azken puntura.
Gizarte eta bizimodu modernoa oinarritzat hartuz etengabeko jolas literarioak asmatzen dakien idazle jostaria da Cortázar, hotzegi eta kalkulatzaileegia nire gusturako, baina irudimena bihurrituz eta azken muturreraino eramanez gozatzen duena, eta gozamen horretan irakurlea berekin herrestan eramaten duena. “Oktaedro” gozamen horretarako aukera da, oraingoan euskaraz emana.
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez