« Erradiografiarik fidelena | Argi bila »
Bilbo, 1937 / George Lowter Steer (Maria Garikano) / Emak Bakia Baita, 1994
Lekukotasun zirraragarria Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-09-18
Gero eta gutxiago —eta gero eta zaharrago, noski—dira Espainiako gerra zibila ezagutu zuten euskaldunak. Gero eta ahaztuago dago Euskal Herrian hainbeste sufrimendu sortu zuen borroka latz hura. Gazte ginela gerra zahar haren oihartzun asko belarriratu genuen, kasu handirik egin gabe, egia esan, gure aitona-amonek bizi izandako borrokak eta gure aita-amek pasatutako goseak denbora urrun eta galdu bateko kontuak iruditzen baitzitzaizkigun. Gaur egun, aitzitik, gerra hura ahaztuegia ez ote dagoen iruditzen zaigu batzuetan, eta azala oilo ipurdi bihurtzen zaigu, esate baterako, Martin Ugaldek orduko kontuak herritu eta egun bizi dugun egoera orduan gertatutakoen ondorio dela gogorazten digunean.
Gerra hura gogoratzeko beste aukera bat da Emak Bakia Baitak “Luxia” saileko laugarren ale honekin eman diguna. George Lowter Steer kazetari, gerra-korrespontsari eta idazle hegoafrikarrak 1938an argitaratutako “The Tree of Guernica” (Gernikako Arbola) liburuko hainbat pasarte itzuli ditu Maria Garikanok euskarazko argitalpen xume honetarako. “The Times” egunkari ingelesak bidalita, Bilboren defentsarako borrokaren lekuko zuzena izan zen Steer 1937an, eta orduan ikusitakoak agertzen dira bere lanean, latz eta gordin, berez izan bide ziren bezala.
Bilbon ikusitakoak ikusirik, ez zen Steer oso konforme Europako demokraziek izan zuten jokabidearekin, pasarte honek argi erakusten duenez: “Isolaketa berezia behar zuen, beraz, demokrazien logelak, eta; produktu patentedun guztiek bezala, oso izen luzea zuen. Interbentzio-Ezari buruzko Batzordea deitu zioten, eta ados ez jartzearren bildutako pertsonez osatua zegoen. Euklidesen lerro paraleloekiko kontraste garbian, hamaika aldiz elkartuta ere, ez zuten behin ere bat egiten”. Ez al dizkizue azken urteotan Bosnian izandako kazetari eta idazleen arrenkurak gogora ekartzen pasarteak?
Lekukotasun interesgarri eta zirraragarria da “Bilbo, 1937” honek eskuratzen diguna. Jarraipen ederra ematen dio “Luxia” sailak lehen hiru aleekin zabaldu zuen bide zabalari.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera