kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Roke txikia / Guy de Maupassant (Jesus Mari Mendizabal) / Erein, 1992

Krimen baten kronika Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1993-01-23

Guy de Maupassant izan da XIX mendeko idazleen artean ipuingintzaren teknika ederkien menderatu duena. Arlo horretako maisutasuna aitortu zioten garaiko frantziar idazleek zein kanpokoek, batez ere errusiarrek, eta horien artean Turgenievek. Asko idatzi zuen eta, esaterik badago, asko ere bizi izan zen. Bizitzea gertutik jarraitzetik atera zituen ipuinak idazteko pertsonaiak, egoerak, pasadizoak, gaiak. Ugariak dira azken hauek, pertsonaiak ere modu eta klase askotakoak diren modura: galaiak, aspaldi bateko jauntxo ondo hezi eta aberatsak, dirua emakumeetan xahutzen zutena alegreki; giro erruraleko ugazaba lurjabeak, nekazarien artean bizi eta haien ardura morala beren gain hartua zutenak; gerrako istorioak, eta horietan nabari da militarrei eta haiek islatzen zuten pentsamenduari buruz zuen gorrotoa. Naturalismo izenarekin ezagutu izan den eskolan sartu bazuten ere, sailkatze horretatik aldegiten du askotan, fantasiazko munduak uztartuz errealitate askotan sumin batekin. Hala ere, ipuin gehienetan ez zaio falta umorea, edo ironia.

“La petite Roque” krimen baten istorioa dugu, herri txiki batean gertatua, eta bi planotan kontatua. Lehenean, “drame paysan” horretako pertsonaiak agertzen zaizkigu: postari alaia, Roque txikia, neskatila bat, hilik aurkitzen duena sasitzan; Renardet alkatea, gizon odolbero eta oldakorra, Napoleonen urteetako ametsetan geldia erlojua; eta herriko baserritar eta nekazariak, haien konformismoa eta fatalismoa krimenaren aurrean. Bigarrenean, hiltzailearen gogoetak azaltzen dizkigu, haren damuak, haren barreneko harjatea, haren kezkak, haren aitortza. Hitchcock ezagutu izan ez bagenu, esan genezakeen lasai asko Maupassant dela suspensearen maisu. Irakurleak badaki zein den hiltzailea, bigarren zatia hasten denean, baina hala ere ezin du liburua baztertu, narrazioak tentsioa sortu baitu haren adimenean, idazleak bere kontatzeko moduarekin jarria baitu irakurle gaixoa hiltzailearen lekuan; hiltzailearen burutazioak irakurlearenak bihurtu ditu.

Jesus Mari Mendizabalek testu gozo bat, baina inondik ere ez leuna, eskaintzen digu, onomatopeiez betea, plazerez, ia jolastuz bezala, irakurtzen dena. Baina zerbait azpimarratzekotan hori da elkarrizketei ematen dien bizitasuna. Sinesgarriak eta hurbilak egiten ditu Maupassanten pertsonaiak.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak