kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Mailuaren odola / Aingeru Epaltza / Elkar, 2006

Historia hutsetik harago Alvaro Rabelli / El País, 2007-06-25

Ez da erraza izaten historia-eleberriak idaztea genero honek dakartzan arriskuak bildu gabe. Generoak, bere arrakastaren seinale, milaka irakurle ditu munduan barrena, akzio, historia eta epika irakurtzeko gose direnak, eta aldi berean, liburuok dituzten dohain literarioekiko exijentzia gutxi planteatu ohi dutenak.

Aingeru Epaltzaren Mailuaren odola eleberriak, etorriko den trilogia baten lehen aleak, kontrara, ederto erakusten digu historian oinarritzen den kontakizunak urrunago jo dezakeela, zer edo zer gehiago eskaintzera jo behar duela nahitaez, are gehiago kontuan hartzen badugu, kasu honetan bezala, badatorrela egile-eleberriak idazten iaioa den idazle baten eskutik.

Epaltzak epikotasun eta manikeismo oro uxatu ditu aurkezten digun testuinguru historikoa jorratzean. Testuinguru hori XVI. mendeko Nafarroan gertatzen da, 1512ko konkistatik mende amaiera aldera, Nafarroako erresumak iraun zuen arte.

Tarte horretan hamaika gertakarik harilkatzen dute liburua: Nafarroa Garaia berreskuratzeko saio ustelak, erreforma eta kontrarreformaren zurrunbiloak, erlijio gerrak… Gertakariok ongixko dokumentatuta eta deskribatuta daude, beraz, aukera ezin paregabeagoa Euskal Herriaren historiaren bidegurutze garrantzitsu batez jabetzeko.

Baina, Epaltzak ahalegin handia egin badu eleberria egoki girotzeko, ez da txikiagoa fikzioaren alde egin duen lana. Joanes Mailu liburuko protagonista nagusiaren eskutik, egileak ahalegin handia egin du pertsonaien izaera, jokaera eta ideiak agertzeko.

Berorrek sendotzen du liburua pasarte historiko hutsak izango liratekeenen aurrean. Fikzio ahalegin horretan nabarmentzekoa da sasoi horretako euskal kulturaren protagonistei emandako papera, esaterako Axularri, zeinek Joanes Mailuren eskuizkribuak jasota liburuaren istorioa abian jartzen duen.

Hizkuntzan ere nabarmentzen da Epaltzak sasoia behar bezala girotzearren egin duen saio eskerga, horretan nabarmen-nabarmena da euskal autore klasikoen ekarria, garai hartakoena hain zuen.

Hortaz, liburu guztiz gomendagarria orain udan irakurtzeko. Hori bai, argitaletxeak ahalegintxoa egin beharko luke beste azal txukunago bat izan dezan.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak