« Zirriborroak | Klasikoa »
Tunela / Ernesto Sabato (Mikel Garmendia) / Alberdania-Elkar, 2007
Hiltzaile baten aitorpena Ibon Egaña / Berria, 2007-06-17
“Esango dut, eta aski izango da horrekin, Juan Pablo Castel naizela, Maria Iribarne hil zuen margolaria; nago denon akorduan dagoela prozesu hura eta ez dagoela nire buruaz azalpen gehiago eman beharrik”. Horrelaxe zabaltzen da Ernesto Sabatoren Tunela nobela, apaindura handirik gabe, hitz zorrotz eta ongi neurtuz, irakurleari amua lehen lerrotik eztarriratuz, gutxitan bezala. Istorioaren amaiera eta liburuaren hari argumentala hasieratik uzten du agerian Castel narratzaileak, eta hargatik ere ez du galtzen nobelak intentsitatea eta tentsioa akabura arte.
Nobelaren argumentua eta amaiera lehen paragrafoan aipatzeak, izan ere, salatzen du klarki ez dela Sabatoren intentzioa gertaera txundigarriak eta trama korapilatsuak jostea, ezpada, batez ere, pertsonaia nagusia eta narratzailea den Castel margolariaren psikologian barneratzea. Pertsonaia bitxia da Castel, margolaria bizibidez, obsesibo eta neurotikoa askotan. Lehen pertsonan idatzitako aitorpena da Tunela, kartzelan egina hilketagatiko kondena betetzen ari dela. Atzera begira jarrita, narratzailea Maria Iribarne hiltzera eraman zuten zergatietan arakatzeari lotzen zaio, horretaraino eraman zuten bideak errepasatzera. Pertsonaia neurotikoak gauza guztien zergatia, logika ezkutua azaleratu nahi du, ekintzek erakusten ez duten, baina izan behar luketen barne zentzu gordea arakatu; eginahal horretan dihardu bai ekintzen unean, bai ondotik ere aitorpena idazterakoan. Hutsalak eta alferrikakoak zaizkio, baina, ahaleginak oro, mundua bera mutu eta arrazionaltasunetik kanpoko ageri baitzaio.
Existentzialismoarekin eta Kafkarekin lotu izan du kritikak maiz Sabatoren lan hau, inguruarekiko arroztasuna eta bakardade erabatekoa lantzen dituen heinean, besteak beste. Funtsean, XX. mendeko nobela mendebaldarraren gai eta gatazka nagusietako bat izan dena birsortzen du Sabatok 1948ko nobela honetan: banakoa (kezka estetikoduna eskuarki: pintorea kasu honetan) ulertzen ez duen eta harekin komunikatzerik ez duen ingurune bati aurrez aurre jarria. Castelek Mariarekin soilik lortzen du komunikatzea (bere lan artistikoaren eta erakarpen erotikoaren bidez), baina horrek ere finean Maria hiltzera darama, areago azpimarratuz banakoaren bakartze erabatekoa eta existentziaren zentzurik eza. Kapituluz kapitulu, gai eta kezka desberdinak aletuz doa Castel, eta bere angustia azkartzen, gizatasunaren gaitzak aletu ahala: harrotasuna, taldekatzearen beharra, itxaropenik eza, arrazionaltasunaren ezina, traizioa, intzestua…
Tunela sinbolo gisa hartuta, ilunpean eta iheserako aukerarik gabe, konprenigaitz zaion munduan aurrera doan gizaki modernoaren patuaren inguruko gogoeta irakurri da batez ere Sabatoren lan honetan. Xehetasun bat (eta ez txikia) egin beharrekoa da, baina. Non dago emakumea giza kondizioari buruzkoa omen den hausnarketa horretan? Emakumea, bistan da, eleberri honetan gizon modernoaren ezintasun psikologikoen eta traumen biktima baino ez da (zentzurik literalenean); ez, esan nahi da, kondizio moderno horren subjektu. “Zer piztia anker, hotz eta zikina egon daitekeen uzkurturik emakumerik ahulenaren bihotzean!”, dio narratzaileak, beste behin ere emakumea gizon moderno eta frustratua hondamendira daraman piztiatzat aurkeztuz. Eleberriaren gogoeta giza kondizioari, oro har, ote dagokion gutxienez zalantzan jartzekoa litzateke, beraz.
Ez da falta, bestalde, nobela honetan literaturaren eta diskurtsoaren beraren gaineko hausnarketarik (testuaren izaera aitorpenezkoak samurtzen dio bidea), eta horrek ere ematen dio halako garaikidetasun ukitua eleberriari. Gaurkotasunik galdu ez duen eta irakurketa berriak eskatzen eta onartzen dituen testu gozagarria da, izan ere, Tunela.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres