kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Larrialdietarako irteera / Txuma Murugarren / Paper Hotsak, 2006

Gauak, neskak eta maletak Ibon Egaña / Berria, 2007-02-11

Jabier Muguruza gogoratzen dut, Kiko Venenoren hitzak bere egiten, eta kantu bakoitzak istorio bat kontatzen duela esaten. Istorio txiki bat, une txiki bat, iheskorra, hitz larriegirik gabekoa jasotzen duen kantua aldarrikatzen zuen Muguruzak. Postalarekin lotu zuen ondoren kantua; une baten epeltasuna jasotzen duen kartoia da abestia. Batzuetan, kantuen hitzek eurek jasotzen dute istoriotxoa; bestetzuetan, kantua istorio bati, une bati espazioa eraikitzen dion giroa da. Eta, hala, Murugarrenek lehen liburu honetan kantuek iradokitako istoriotxoen bilduma egin du; batzuetan, kantuak ematen dio istorioaren hasierako printza; bestetan, kantua istorioa biltzen duen atmosfera da, giroa, ingurunea.

Pop musikak (musika popularra, zentzurik zabalenean) eta bere hitzek berez ohi dute joera klixerako, haiek etengabe berrerabiltzeko (I love you, I miss you) eta aldi berean badu gaitasun apartekoa entzuleak berba horiei fosilaren trazarik ez emateko, kantu bakoitzean istoriotxo txiki horiek, nahi errepikatu horiek, tristezia betiko horiek berri egin dakizkigun. Eta ez dakit liburu honetako narrazioekin ez ote den pop kantuekin gertatzen den antzeko zerbait gertatzen. Esan nahi dut agian pretentsio handiegirik gabe egindako lanak direla, une bat, istorio atal bat jasotzen duten piezak, betiko baina beti berri diren kontuetan oinarrituak.

Gauak, neskak eta maletak izenburupean kaleratu zuen Murugarrenek bere bigarren diskoa, eta izenburua bada bere kantuek bezala bere istorioek biltzen dutena aurreratzen duen hitz hirukotea. Eta baita rock (eta oro har pop) musika eta kultura definitzen duen hirukotea ere. Beste hitzez esanda: gaua, sexua/maitasuna eta mugimendua/ihesa. Gaua da istorio hauei, kantu hauei giroa jartzen diena; ez beti narrazioak gauez gertatzen direlako, ezpada gaueko tonu barnerakoiagoan, barnebilduan eta apalean garatzen direlako; gaueko ordu txikietan piztuta dagoen argi horikararen traza dute narraziook. Neskak dira, mutilen desiraren xede, narrazio hauen protagonista ere, sexuaren eta desiraren bideak (eta bide horri jartzen zaizkion trabak, inkomunikazioa, aukera galduak…) arakatzen baitituzte Murugarrenen kontakizunek.

Eta maletak, pop musikan oso ohikoa den sentimendu batek josten baititu narrazio asko: ihes egiteko beharra (Let’s get out of this country, berriki Camera Obscurak kantatzen zuen bezala), mugimenduaren aldeko aldarria. Liburua ixten duen narrazioan irakurtzen den bezala: “agian horixe bera baitzen perfekzioa, etengabeko aldaketa, betiereko mugimendua”. Eta bizitza mugimendu bezala ulertze horretan, autoak, trenak, autobusak ageri dira etengabe Murugarrenean, baita ezlekuak ere, iragaitzazko lekuak, nortasunik gabeak, gizon-emakumeak biluziago, soilago agerrarazten dituztenak.

Ez da falta, egia da, klixerik narrazio hauetan, giro zenbait marrazterakoan, sentimentalismoa bilatzerakoan (biolinak, berriz), baina egia da, halaber, badagoela asmorik lehengai betikoekin narrazio freskoak egiteko, nahiz goi asmorik gabekoak ziurrenik (eta agian horregatik fresko), eta badago molde anitzeko narrazioak egiteko borondaterik ere: errealistak eta sinbolistagoak, luzeagoak eta laburragoak, lirikoak eta gordinagoak, lehen, bigarren eta hirugarren pertsonakoak…

Pena bat dut. Ez dakarrela liburuak berekin CD bat, liburuan narrazio bana eskaintzen zaien kantuekin. Ederra zatekeen Anari, Tom Waits, Low, Cocorosie, JC Perez, South San Gabriel eta konpainia disko berean batzea. Horren ordez, haien tonu apalak, beheranzkoak, gauekoak jasotzen asmatu duten narraziookin geratzen gara (eta agian miatuko ditugu diskoak eta e-mule-ak falta zaizkigunekin bilduma osatu arte).

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak