kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Rimmel / Koldo Izagirre / Susa, 2006

Aitatasun bete hitz Iratxe Retolaza / Berria, 2007-01-28

Harritu egin nau Koldo Izagirreren azken poema-liburuak. Rimmel izenburuak sorrarazi zidan harridurarik, hitz llabur bezain adierazgarri horrek Izagirre poetarengan ezohiko zitzaidan ahots poetikoa iragartzen zuelako. Poemaz poema eginiko irakurraldiak abiaburuko harridura hori areagotu eta indartu besterik ez du egin.

Liburua zabaltzen duen “Egunaren erditzea” poemak jorraturiko gai nagusia aurkezten du: aitatasuna. Poema indartsu horretan, gainera, aitatasunaren gaia poemategian zehar zein ikuspuntutik jorratuko den iradokitzen da: alabarekiko harreman, sentimen eta bizipenetan mamitu den aitatasunaren esperientzia da mintzagai. Euskal literaturan ezohikoa den gaiari heldu dio Izagirrek, aita-alaba arteko harremanari, eta oso deigarria da gaia poesiara bihurturik ikustea.

Aipatzeko da batik bat aitatasunaren mugetan, ezinetan, beldurretan edota harrokeriatan sakondu dela aitatasunaren esperientzia hori hitzetara bihurtzean. Zintzotasunez eta hurbiltasunez. Zehatz esanda, alabarekiko harremanak aitaren nortasunean eta mundu-ikuskeran eragin dituenak dira poemagai, bizi-esperientzian aitak alabari dion zorra aitortuz. Zentzu horretan, norabide konkretuetarako joera duen helduak (aitak) alabarekin ikasi du “elkarri nora galdetzeko beharrik gabe” ibiltzen (13. or.). Alabarekin eginiko sentimenduzko bide hori da poema hauetara bihurtu nahi izan dena.

Alabarekiko harreman eta sentimendu horiek helarazteko, mailaka-mailaka eta sasoika antolatu dira poemak liburu honetan: “Hezur ondoko mami” atalean, alabaren jaiotzarekin bizi eta sentiturikoak bihurtzen dira poemagai; “Nola jaso ote zuen harria trikua?” atalean, alaba haur zenean harekin izandako hitzezko lehen hartu-emanak dira papereratu; “Ur gazia zara” atalean, alabak haurtzarotik nerabezarorantz eginiko bidea du poemagai, hau da, alabaren gizarteratzea; “Laster gure alaba zu bezalakoa izanen da” atalean, azkenik, nerabezarora heldu den alabarekiko harreman eta sentimenduak jorratzen dira, burujabe bidea egiten ikasi duen alabarekiko urruntzea.

Mailakatzea ez da soilik gaika eta aldika mamitzen, bada mailakatzerik hizkuntzaren erabilera eta baliabideetan ere. Hasiera batean, poetak batik bat joera narratiboari heltzen dio, eszenak sortzen ditu. Alabaren haurtzaroa poemagai duenean, aldiz, poetak haur hizkeran ohikoak diren baliabideak bere egiten ditu; poemak hitz joko, hitz totel, hoskidetasun, haur-kanta, igarkizun, ipuin eta erritmo biziz osatzen ditu, alabaren hizkerarantz eta mundu-ikuskerarantz hurbiltzeko saioa eginez. Alabaren eskolaratzea gai bihurtzen duenean, eutsi egiten dio haur hizkeraren baliabide horiei, baina pixkana-pixkana erkaketa, hausnarketa eta ironia leunari bidea zabaltzen dio. Hortaz, helduaroranzko bidean ere, alabaren itzalez beterik daude aitaren hitz dardartiak (azalean irudikatu bezala), hitz zintzoak.

Hoskidetasunez eta hitz jokoz osaturiko poema horietariko zenbait errepikakor egin zaizkit, zurrumurru ezagun, nire gusturako. Esate baterako, haur kanta eta igarkizunen moldaketa diren horiek, ez naute besteek bezainbeste hunkitu. Nolanahi ere, ezin uka poemategiaren asmoari kartsuki lotzen ez zaienik, eta alabarekikoak kontatzeko indarrik ez dutenik. Nire ustez, hala ere, lehen ataleko eta azken ataleko poemak dira indartsu eta hunkigarrienak. Poema horietan aitatasunaren zenbait jarrerekiko kritiko agertzen da, Izagirreren poesiak ohiko duen ikuskera kritiko, hausnarkor eta ironiko hori aitatasunaren esperientzian kokatuz, eta ondorioz, aitatasunaren muga eta ezinetan sakontzen ondoen asmatzen duten poemak dira, esperientzia hori helarazteko gaitasun handiena duten poemak dira.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak