kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Erretzaileen eremua / Jon Alonso / Susa, 2006

Mikrohistoria Jon Kortazar / El País, 2007-01-08

Jon Alonsoren (Iruñea, 1958) Erretzaileen eremua liburu honen barnean kontatzen da editorial txiki batek liburu interesgarriak edo oso interesgarriak argitaratzen dituela. Balizko argitaletxe hori benetakoa balitz, ziur naiz liburu hau bere katalogoan izan nahiko lukeela.

Hamahiru ipuin bildu ditu egileak liburuan, irakurgarriak denak, nahiz eta, ohikoa denez, irakurle bakoitzak bereak egin batzuk eta beste batzuei buruz hain iritzi ona ez erakutsi, hain estimagarri ez iruditu. Dena dela, bat-batean ikusiko du oso ondo zainduta dela liburuaren egituraketa. Ipuinak alde bitan banan daitezke, batetik ipuin alegorikoak ditugu, neurri batean politikoak dei genitzakeenak, eta bestetik ipuin pertsonalagoak; haiek joera alegorikoagoa dute (“Afera pertsonal bat”), beste hauek pertsonaien une jakin bat hartzen dute kontagai eta garaiaren irudi zorrotza eskaintzen dute (aitortu behar dut bikaina iruditu zaidala “Eulia azaroan”); haietan denbora eta espazioa lanbrotu egiten dira; hauetan zehaztasun pitin bat ematen da, eta behintzat pertsonaiek izena dute. Liburua eratzeko orduan alde batekoak eta bestekoak batuak eta txandakatuz aurkeztuko zaizkio irakurleari.

Bietan baina, eta hauxe liteke liburuak eskaintzen duen hari gorria, batasun haria, denetan nagusitzen da etsipen puntu bat, historia pertsonaien menpe ez dagoela sinesten den joera bat, eta haren bidetik, pertsonaiak historiak maneiatzen dituela eta harena historiaren aurrean errebolta txiki bat egitea besterik ez dela. Ideia behin eta berriro errepikatzen da, eta batez ere, era nagusi baten “Afera pertsonal bat” deituriko ipuinaren azken esaldian : “Izenik gabeko objektua, gas-molekula, hodeia. Kea, gizon bat bezala”. Mikrohistoriak borobiltzea izan da idazlearen helburu nagusia.

Erretzaileen eremua ez da ipuin baten izena, ez da testuan aipatzen. Metafora nagusia da, egileak pertsonaia bereziei eskainitako tokia, bazterraren aipamena, baina era berean joko nagusia, berezien tokia. Eta idazleak jakin du eguneroko arruntasuna edo ideologiaz betetzen, pentsakizunari bideak irekiz, edo pertsonaien bizitza grisa kontatzen eta tentsio nabarmenez bere egoera tristea orokor bihurtzen, joko literario sendoa eraikiz.

Egoera sinisgarriak metafora bihurtzeko esku garbia eta maisua erakutsi du Jon Alonsok, liburu interesgarria ez ezik, gozagarria ere aurkeztuz.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak