kritiken hemeroteka

6.964 kritika

Azken kritikak

« | »

Euskal Hiria sutan / Xabier Montoia / Elkar, 2006

Erosokeria(k), zilborkeria(k) Iratxe Retolaza / Berria, 2006-12-31

Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan narrazio-bilduma mardularen irakurraldia gorabeheratsua izan zait. Izenburua, amu tentagarri izan dut, irakurraldia abiatzeko amu ez ezik, irakurraldi gorabeheratsu osoan zehar pausaleku iraunkor bilakatu dena, aurrera jarraitzeko kinada. Bilduma zabaltzen duen Amiotu narrazioa lehen aldiz irakurri nuenean, sentsazio gazi-gozo batek bildu ninduen; erritmo narratiboari eusteko gaitasuna bazuela sentitu nuen, baina narrazioak bere horretan, ale soil modura, irakurlearen gogoa kitzikatzeko edo harritzeko umezurtz sentitu nuen. Eta bilduma mardul honetako hasierako beste narrazioetariko batzuen azken puntura heltzean ere izan nuen halako sentsaziorik.

Nolanahi ere, bildumak aurrera egin ahala, hasierako sentsazio hori erabat aldatu zen. Molde, tonu, hizkera eta erritmo askotariko narrazio hauek elkar osatzen dutela ohartu nintzen, elkarri zentzuak zabaltzen dizkiotela. Azken batean, bilduma hau osatzen duten narrazioetariko bakoitza Euskal Hiria sutan irudikatzeko pintzeladak baino ez dira. Akaso, pintzelada horietariko batzuk, bere bakartasunean, gainerako pintzeladen argi-ilun eta matizei begiratu gabe, ez dira oso kitzikagarri. Pintzelada anitzez osaturiko mosaiko horrek, ordea, irudi kitzikagarria osatu du.

Bilduma honetan zehar Euskal Hiriaz hitz egiten denean, ez da geografia arkitektoniko edo fisiko batez ari, giza geografia da irudikatu nahi dena, mundu-ikuskeren geografia. Euskal Hiriaren mundu-ikuskera horrek Hipokrisia(k) d(it)u Jainko(sa) eta Lege. Hipokrisia horiek geografia anitzetan kokatu dira: etxaldean, hiriguneetan, taberna zuloetan, literatur jardunean eta abar. Hipokrisien mosaiko harik eta aberatsena margotzeko ahaleginean tematurik antzematen dira narratzaileak. Izan ere, Euskal Hiri horretan leiala izatea ezinezko dirudi. Pertsonaietariko batzuk azpikeriatan eta saldukeriatan ibiliko dira, haiek horrela erabaki dutelako, erabat kontziente. Beste batzuetan, leialtasuna ezinezko egingo zaie pertsonaia batzuei, zintzotasuna zeri zor dioten ere ez dakitelako, zintzotasuna bera antzemanezin bilakatzeraino. Horiek horrela, narrazio hauetan guztietan zintzotasun eta leialtasunarekin (edota ezarekin) loturiko hainbat galdera zabaltzen dira, eta bide beretik, epailetzaz gogoeta egiten da (nork behar luke epaile eta nork epaitu?). Ildo beretik, biktima eta borreroen inguruko hausnarketak ere zabaltzen dira (nor ote biktima?, nor ote borrero?). Azken batean, arduren eta arduradunen inguruko hausnarketak dira narrazio hauetan guztietan harilkatzen direnak. Jakina, euskal hiritar guzti-guztiek arduraz jokatu ordez, edo zintzotasunez jokatu ordez, erosokeriari eta zilborkeriari men egingo diote, nork bere interesak defendatuz (ekonomikoak, politikoak, ideologikoak edota pertsonalak). Hiritar hauen erosokeriak eta zilborkeriak irudikatzeko, narrazio gehientsuenetan hitzen eta ekintzen arteko amildegiak irudikatu dira.

Hipokrisien mundu-ikuskera hau sortzeko gaitasuna ez ezik, badu bilduma honek bestelako meriturik. Narratzaileek irakurle hau hipokrisiaren bide anitz horietara hurbilaraztea lortu dute, hipokrisiaren zenbait pitzadura larruan sentitzeraino: batzuetan, hasierako sentsazioetan ohartarazi bezala, irakurle honek erosokeriara jo duela ohartu da, proiektu narratibo anbiziotsua narrazio aleetara mugatu izanagatik; besteetan, irakurle honi iruzur egingo dio narratzaile traidoreren batek, eta haren azpikeriatan harrapaturik sentitu du bere burua; eta beste batzuetan, irakurle honek bere azpikeria eta hipokrisia papereraturik sentitu du, pertsonaia batzuen jokaerak hurbilekoak sentituz. Zilborkeriak jota, ni neu.

Azken kritikak

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Joannes Jauregi

Bertso bilduma
Etxahun - Pierre Topet

Aritz Galarraga

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Estibalitz Ezkerra

Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak
Nikolas Kazantzakis

Hasier Rekondo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Javier Rojo

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak