kritiken hemeroteka

8.768 kritika

« | »

Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia / Mark Haddon (Xabier Olarra) / Igela, 2006

Begi-bistakoak Iratxe Retolaza / Berria, 2006-12-10

Mark Haddonen izena Europan zehar (eta beste) abiada handiz zabaldu da, 2004. urtean Ingalaterrako Whitbread Saria irabazi zuenetik, Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia nobelari esker. Nobela hau du estreinakoa Haddonek. Nobela honen arrakasta itzelaren ondorioz, itzulpenak herrestan etorri dira, eta euskarara bihurturik ere azkar batean eskaini zaigu euskal irakurleoi, Xabier Olarraren lumari esker. Zinez, itzulpena egiteko trebetasun berezia eta hizkuntzaren ezagutza sakona eskatzen duen nobela baten aurrean gaude. Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia nobelak, izan ere, narratzailearen ahotsa du oinarrizko muin. Narratzailearen ahotsa mamitzerakoan erabilitako baliabideek, kontamoldeek, tonuek eta erregistroek egiten dute nobela hau mamitsu.

Nobelaren narratzaile bitxi hori Cristopher da, autista. Cristopherrek oztopoak ditu hizkuntzaren bitartez komunikatzeko, ez baitu hizkuntzaren kodea beste gizaki batzuek ulertu eta erabili bezala bereganatu. Ez ditu metaforak gustuko, gezurrak direlakoan. Ez ditu bigarren esanahiak gustuko, gezurrak direlakoan. Eta esaten ez denaren atzean gorde daitekeen edozein zentzu ere ez du harrapatzen. Isiltasunari isiltasun deritzo, ez besterik. Cristopherrek begi-bistan dagoenari baino ez dio zentzurik ematen, eta horregatik, haren komunikazioa eta hizkuntzaren erabilera konparazioz eta deskribapenez josia dago, ez baitu hizkuntza erabiltzeko beste biderik ezagutzen. Hortaz, munduaren beste ulermen batek ere biltzen du Cristopher gaztea. Harrigarria da narratzaile autista baten gorpuzte hori testuratzerakoan zeinen iaio ibili den idazlea. Irakurleoi narratzaileak berak kontatu digu zein den bere mundu-ikuskera, eta zein irudi, estrategia eta diskurtso-mota erabili ohi dituen gertaturikoei zentzua emateko. Baina ez hori bakarrik, narratzailearen diskurtsoak berak aipaturiko mundu-ikuskera hori gorpuzten du, eta horretarako, gainera, alderdi grafikoari berebiziko garrantzia eman zaio testuaren joskeran.

Are harrigarriago dena, halako mundu-ikuskerari, erregistroari, baliabideei eta tonuari eutsi diola itzultzaileak ere, hau da, Xabier Olarrak. Benetan, narratzailearen ahotsa hain berezko hori duen nobela hau maisuki eman digu.

Cristopherrek auzokoaren, Shears anderearen, txakurra hilik topatzerakoan abiatzen da nobela, eta txakurraren hilketa ezusteko horrek Cristopherren logikaren mekanismoak martxan jarriko ditu. Azken batean, Cristopher hobe komunikatzen da txakurrekin gizakiekin baino, eta txakurrekiko maitasun horrek gidaturik hilketaren ingurukoak ikertzeari ekingo dio. Eta idazteari; une oro idazte ekintzari ere erreferentzia egiten baitzaio, narratzailearen nortasunari koherentziaz lotzeko edo. Gure ikertzaile ezohiko honen galdetegiek ezusteko erantzunak topatuko dituzte, eta erantzun horien bilaketan Cristopherren hainbat egia ere kolokan jarriko dira. Cristopherrek ikertzaile lanak egitearekin batera, bere gurasoekin, psikologoarekin eta auzokoekin duen harremana helaraziko digu. Irakurleok, Cristopherren hitz horiek, gazteak berak ulertuko lituzkeen moldera uler genitzake, eta zuzen-zuzenean esaten diguna baino ez geure egin. Bere mundu-ikuskera geure egin. Baina, irakurbide horrekin batera, irakurleok ere haratago jo dezakegu, haratagoko bide ematen digu nobela honek. Alegia, Cristopherrek mundua irudikatzeko duen zuzen-zuzeneko eta irudiz irudiko komunikazio horren atzean, egon badagoela bestelako mundurik, bestelako zentzurik, bestelako sentimendurik. Gurasoen mundu-ikuskera, auzokoen mundu-ikuskera, psikologoaren mundu-ikuskera. Irakurleontzat, isiltasunak zentzua izan dezakeelako, izan ohi duelako, baduelako. Isilean eta zeharka dauden horien sentimenduek zuzen jo dute irakurle hau.

Azken kritikak

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak