kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bala hutsak / Castillo Suarez / Elkar, 2006

Neurrira Ibon Egaña / Berria, 2006-05-28

Gil de Biedmari irakurri nion poesia modernoaren gakoetako bat identitatearen bilaketa dela, hots, poeta identitate bat sortuz (batzuetan fikziozkoa edo asmatua) eta hura bere eginez doala obraren bitartez, nortasuna eraikiz. Bala hutsak zabaldu, eta neurrira egin eta asmatutako zu baten sorreraz ari zaigu Castillo Suarez: “Ez dakit zein egunetan asmatu zintudan, baina seguru nago ez zarela egiazkoa, eta nire neurrira egin zintudala noizbait”. Baina irakurleari etortzen zaio burura zu hori baino gehiago (edo gutxienik horrekin batera) batez ere ni-a dela liburu honetan, Suarezen aurrekoetan bezala, indartsu eraikitzen dena, eta horrek eman diola, batez ere, indarra eta bestelakotasuna altsasuarraren poesiari. Ahots poetikoarekin batera pertsonaia bat eraikitzen asmatu izana da Suarezen bertuteetako bat, eta bere poesia erakargarri, diferente egiten duten osagaietako bat. Batez ere, eraikitako pertsonaia horren nolakotasun, nortasun hori hein batean ezohikoa delako poesian, batik bat euskal literaturaren esparrura mugatzen bagara, eta zer esanik ez emakumeek egindako euskarazko literaturara.

Maitasunaz (agian maitasuna gehiegi esatea da) eta gizon-emakume harreman heterosexualez mintzo da Suarezek eraikitako ni-a, baina, Mugarri estaliak eta Spam poemak lanek zabaldutako bidetik, probokazio nahi eta irreberentzia ukitu batez jarduten da; inoiz harro, egolatra, ziniko, mesprezatzaile agertzen da, zu eta zuek interpelatuz, irakurlea asaldatu nahiz, baina biluzik ere azaltzen da, bere bakardadeak, minak, zauriak bistaraziz. Talaia horretatik, maitasunaz eta gizon-emakume arteko harremanez ematen duen irudia maitasunaren irudikapen klasikotik aldentzen da, eta eskertzekoa den eszeptizismo eta aire berri batez heltzen dio gaiari: maitasun, zorion, betikotasun… hitz eta kontzeptu potoloei trufa egiten die, unean unekoa, iragankorra, ustez azalekoa goretsiz haien ordez. Ez da kontraesanik gabea, baina, Suarezen diskurtsoa eta bere ni-aren eraikuntza, eta hori zinez da eskertzekoa: bere buruaz hitz egin nahi ez duen eta aldi berean bere buruaz soilik idazten duen ni-a, besteekiko indiferentzia erakutsi eta era berean haiekiko dependentea dena…

Poesia freskoa dela esan genezake Bala hutsak Suarezen lehen liburua balitz, baina hirugarrenean, esan dezagun garbi, sorpresa efektua galdua da, eta halako déjà vu sentsazioa izan du irakurle honek. Gai beraren bueltan etengabe arituz, maiz poema bera irakurtzen ari garelako sentsazioa, nahiz eraikitako nortasun hori indartsua den, eta erakargarritasun handikoa. Bestalde, batzuetan irakurlea inarrosi nahia, probokatu nahia modu ebidenteegian erakusten dela dirudi, eta poseak hartzen duela poemaren gainetik protagonismoa, eta, paradoxikoki, ahuldu egiten du horrek poemaren indarra; ez baitu probokatu nahi duenak probokatzen, eta are gutxiago probokatu nahi duela antzematen zaionak. Ziurrenik asaldura eragin nahiak bultzatuta, irudi gordinak, metafora bortitzak baliatzen ditu Suarezek, hizkuntza lehor, batzuetan garratzarekin batera; eta zenbait poematan irudi biolentoak sortu nahiak poemaren garapenari eta osotasunari kalte egiten diela dirudi, irudia zama bihurtzen dela poemarentzat. Maiz kutsu narratibokoak diren poemetan, edo argumentazio bat garatzen dutenetan (perpaus kausal eta guzti) bat-batean ustekabeko bihurgunea hartzen du poemak amaiera bortitza bilatze aldera, eta irakurlea epatatzeko balio badu ere, nekagarri xamar gertatu zaio lerrook sinatzen dituenari, eta irudi luke poemek eman zezaketena ez dela ahal beste ustiatu. Nolanahi ere, beste ur batzuetan sartzen denean ez bezala (heriotza, politika) gizon-emakume harremanez jardutean funtzionatzen du eta badu errairik Suarezen hizkuntza poetikoak.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak