kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Negutegia / Ixiar Rozas / Pamiela, 2006

Aitzakiatzat, bidaia Aritz Galarraga / Gara, 2006-05-29

Bidaia aitzakia bezala. Emik Berlindik abiatzen duena. Dedek, Bartzelonatik. Biek ere Omar lagunaren eskutitza jaso eta Gorgona irla dute helburu. Hobeto esanda, Omar bera dute helburu. Baina garrantzi gutxi du bidaia horietan zehar gertatzen denak, ez bada pertsonaien gogoan barrena. Road-movie intimista da, beraz, Ixiar Rozasen azken eleberria, benetako akzioa Emi, Dede eta Omarren buru-errepideetan gertatzen den neurrian. Eta Kavafisek idatzi eta gerora mila aldiz errepikatu den bezala, “Ithakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean,/ egizu otoitz bidea luze izan dadin,/ menturez betea, ezagutzez betea”. Hemen mila eta batgarrena, halabeharrez.

Bidaia espazioan zehar eta bidaia denboran zehar. Espazioan zehar egiten denak erakusten digu Mendebaldeko gizarteen alderik ezkutatuena: gazte talde bat kontenedoreetan, erabil daitekeenaren bila; etorkinak barkuetako kontainerretan, ekialdeko obra-langileak, kaskorik gabe; espekulazioak kostaldean moldatutako paisaia berriak… Horiekin batera, ordea, laguntasunaren apologia ere bai, Izmiteko lurrikara gertatu ondorenean liburuko hiru pertsonaiek erakusten diguten bezala. Laguntasunak salbatuko gaitu hondamenditik, ezerk salbatuko bagaitu.

Denboran zehar egiten denak, berriz, deserrotzeaz hitz egiten digu, sustraiak bilatzeaz. “Badakit atzerritarra izango naizela, Joan, edonon” dio Dedek, Lyongo sorterria utzi eta aiton-amonen Kataluniara joan aurretik. “Mainzekoa dela esanez igo da autora. Berlinen bizi naizela esan diot” entzun ahal zaio jatorri turkiarreko Emiri. Eta, bietara bidaiatu ondoren, ondorio mingotsa Emiren hitzetan: “geu ere astiro erailtzen gaituztela, lan formekin, kanpoan geratu nahi ez baduzu jarraitu beharreko bizitza ereduekin, onartu behar diren astakeriekin. Desberdintasuna, finean, ez dela hain handia”.

Baina bidaiaren aitzakiak ekar dezakeen originaltasun faltaren aurrean, berrikuntza. Berrikuntza forman. Zer den ausartzea eta ongi ateratzea. Fragmentazio hitza aipatu izan da. Gauzak zatika kontatzearena. Kexu agertzen da Dede liburuko une batean: “ez didazue inoiz ongi azaldu, zatika osatu behar izan dut dena”. Eta justu horixe bera da irakurleak egin beharko duena. Hasi eta buka harilkatzen den istorio lineala nahi duenak ez du horrelakorik aurkituko. Txatalak, zatiak lotu egin beharko dira, istorioak osatu. Istorio txikiekin historia. Hasiera kriptiko xamar batean, gerora etorriko denaren pistak baino ez dira jasoko. Goitik behera ez bada ulertzen ere lasai, segi aurrera, askotan saiatzen gara dena arrazionalki ulertzen eta. Hartu ahalik eta zantzu gehien, hasiko dira zalantzen korapiloak askatzen.

Eta idazkera. Lirismo handiko prosa erabiltzen du Rozasek, kulunka gozoan eramango gaituena, Emi eta Dede Gorgonara, Omarren enkontrura eramango dituen barkua bailitzan. Liburua amaitzeko, berriz, parentesiak, parentesi irekiak marraztuko dira ur-azalean, gure barrenean sortutako olatu txikien antzera. Erantzunak baino galderak, beti galderak.

Unibertsaltasuna aitortu diote batzuek lan honi. Egileak ez du horrelako pretentsiorik adierazi. “Unibertsaltasuna ez datza soziologia edota estatistikan, singulartasunean baizik” idatzi zuen Carlos Pujolek. Zabuka ibiltzea aurpegiratu diote beste batzuek. Liburu honetan erreproduzitzen den gisan, “Divina Comedia”-n idatzita utzi zuen dagoeneko Dante Alighierik, “ez zineten jaio ezjakinak bezala bizitzeko/ ezagutza eta bertutea bilatzeko baizik”. Eta ez dago hori bilatzen duen literatur lana baino zintzoagorik.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak