kritiken hemeroteka

8.666 kritika

« | »

Goragalea / Jean-Paul Sartre (Monika Etxebarria) / Alberdania-Elkar, 2004

Pentsatzen dugulako Josu Lartategi / Deia, 2005-05-10

Literarioki ezagutu nuen nik Sartre. Ez filosofia saiakeratik abiatuta. Horrek begirada desberdina eman didala uste dut. Batik bat fondoz (existentzialismoa gurera ekarriz) eta ez hainbeste formaz (baina gazte hizkera berria agertuz) euskarazko lehenengo eleberri modernotzat jotzen dudan Leturiaren egunkari ezkutua (1956) txillardegitarraren eskutik ezagutu nuen Sartre; Leturiaren ibilerek eta gogoetek eman zidaten bidea Antoine Roquentinenak ezagutzeko, harekin batera Bouvillen ibili, duen goragale bitxiaz pentsatu eta Autodidaktarekiko elkarrizketak gozatzeko. Hauek bezalakoak irakurtzeko: “nire pentsaera neu naiz, horra zergatik ezin naizen gelditu. Pentsatzen dudalako existitzen naiz”. Frantsesez edo, nire kasuan bezala, gazteleraz irakurri genuena euskara ederrean dugu orain Monika Etxebarriaren itzulpenari esker; irakurri ez duenak, berriz, aukera polita du XX. mendeko literaturaren historia markatu zuen liburua bere altxor partikularrera ekartzeko.

Egia esan behar badut, frantziar existentzialista konprometituetatik baino amerikar existentzialismo beatnik, distantziatu eta sinesgogorretik dakusat nire burua hurbilago. Aitortu beharrekoa da, hala ere, izugarria izan beharko zela bere momentuan Parisko Saint Germain de Prés hartan paseatzea, Simone de Beavoir, Cocteau, Eluard, Vian, Camus, Juliette Gréco edo Jean-Paul bera bertan ikustea eta haiekin hitz egitea. Erraza da mitomanian jaustea. Hori gertatu zaio kritiko anitzi, nik uste. Hori gertatu zaio, kasu, Goragalea honi. Marka du. Mitoak irentsi du.

Ez da bidezkoa Sartre filosofoaren itzalak literatur egilearena ezkutatzea. Badakigu jakin haren produkzio literarioa tesi filosofikoen gauzapena, zehaztea eta azalpena dela; horrexegatik beragatik, nik uste, agerian esan ez arren gutxietsi izan dituzte askok Sartreren literatur lanak, tesiaren azalpena izatera mugatu baitute dena. Sartreren La nausée edo Goragalea hau aipatua da baina ez da irakurria. Aipatua da baina beti zerbaiten erreferentzia izateko. Aipatua da baina ez da literatur kritikaren irizpidetatik aztertzen, irakurketa filosofikotik baino. Baina, Goragalea existentzialismoaren gaineko tesiaren azalpena bada ere, existentziaren eta kontingentziaren arteko loturari buruzko hausnarketa badago ere, erreferentzialki Descartes, Nietzsche eta Husserlen fenomenologia ageri bada ere, hori guztia egia izanda ere, gutxiago aipatzen da, esate baterako, eleberri beltzen estilo arina dariola. Literaturaren historian dagoen mugarri baten gisa aipatzen da, baina alderdi filosofikoak eta Sartreren biografiak dena estaltzen du. Agian Boris Vian harrigarriak J’irai cracher sur vos tombes (Ttu eginen dut zuen hilobietan, Igela, 1992) liburuarekin bezala egin beharko zuen Sartrek, hots, egile-izena asmatu; edo bestela, Roquentin erreala dela esan eta gezur/egia literarioa muturreraino eraman, ez soilik liburuaren hasieran ageri den argitaratzaileen ohar gisa; orduan, ziur beste koordenatu batzuetan jorratuko zutela kritikoek, ziur surrealistekiko lotura aipatuko zutela, ziur Celine eta Faulknerren eragina aipatuko, ziur eleberri beltzen sintaxi zehatz, labur eta mailu itxurako baina iradokiorra azpimarratuko zutela. Begien bistakoa da ez naizela Sartreren kritikoen laguna.

Azken kritikak

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak