kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Zirkulua / Andoni Urzelai / Erein, 2004

“Zirkulua” nobelaren kritika Juanjo Olasagarre / Volgako Batelariak, 2005-05-05

Literatura, arte gisa bizirik ote dago? Arteak, ez dakit zein filosofok esan zuen, arte izanen bada zerbait eraldatu behar du irakurle/ikuslearengan. Galdera, beraz, honako hauxe litzateke: irakurtzen ditugun liburuek noraino eraldatzen gaituzte, noraino aldatzen dute gure munduarekiko ikuspuntua plazer estetikoaren bidez? Galderak, badu zentzua, edo bazuen, esan beharko da, joan diren azken bi mendeetan, behintzat; gaur egun, hala ere, ez dakit noraino.

Baina eman dezagun izan, baduela. Kontsumo literatura noraino da arte? Aitortu beharra dut literatura klase horretako liburu bi baino ez ditudala irakurri: The last jew , Noah Gordon, eta The road to Santiago, Paulo Coelho. Biak ere best-sellerrak. Gordonenak mendetan zehar judutar familia batean gorabeherak kontatzen ditu oso modu klixean, alegia, irakurleari mastekaturik ematen zaio irakurtzeko eginahala, horrek dakartzan ondorioekin: eszenatokien gaineko begiratu sinplista, pertsonaiak lantzeko modu estereotipatua (“saminki hunkiturik”, “bere baitara bildurik”, “keinu leun bat egin zuen”), narrazioaren tramoia guztia agerian agertzea. Liburua, hau bada ez bada diot, seriotan dago idatzirik, ezen ez ironikoki. Bigarrenak, bestalde, modu berean kontatzen ditu kontatu beharrekoak baina badu Azkeneko judua-k agerian behintzat agertzen ez duen ezaugarri bat: The road to Santiago-k bizitza ongi nola bizi behar den erakutsi nahi du, edo beste modu batera esanda norberak bizi ona (ona grekoek ulertzen zuten moduan) bizitzeko eman beharreko aldaketak irakatsi nahi ditu, zein bide segitu zoriontsua izateko. Alegia, ez literaturaren baizik eta filosofiaren zeregina hartzen du bere gain: bizitza misterioa bezala bizi izatea, mistizismo pixka bat, zentzu pixka bat, egiatia izatea, eta autolaguntzako aszesia, horra Paulo Coelhoren bidea.

Ez dut elitista agertu nahi baina harritu egiten nau nire inguruko jende irakur zaleak Coelhoen liburuez duen uste ona. Berritu nahi dut, hala ere, bakarra baino ez dudala irakurri.

Erreflexio honen argitara Zirkulua (Andoni Urzelai, Erein, 2004) kontsumo literatura kontsidera dezakegu, Hollywood-en egiten den zinematik hurbilago dago, Fernandoren egia bat esatera noa, Proustengandik baino. Baina horrenbeste alde dago Zirkulua-tik Dashiell Hammetten liburuetara, edo Mankellenetara edo Vazquez Montalbanenetara? Nobela beltza kontsumo literatura gisa abiatu bazen ere gerora literatur izena jaso du. Beraz, alde handia ote dago Zirkulua-tik, eman dezagun, Mankellen liburuetara? Baietz esanen nuke, alde batetik errealitatea aztertzeko Zirkulua-ren autoreak ez duelakoz Mankellek erabiltzen duen bisturia erabiltzen, eta bestetik Zirkulua-ko pertsonaiak topikoegiak iruditu zaizkiolako irakurle honi.

Liburuak kontatzen digu Zirkuluak (ongi ez dakigun jende boteretsu talde batek) ETA eta Ezker Abertzalearekin bukatzeko antolatu duen konspirazio bat. Davidez baliatzen dira hori aurrera eramateko; aldi berean, David, Rafael psikiatraz baliatzen da, eta hau, azkenik, Angelez: jendea hiltzen hasiko da eta horrela jendeak, izuturik, kalea utziko du eta elkarrenganako lotura, eta horrela Ezker Abertzaleak sostengua galduko du. Hau dena, Zirkuluak ETA hor egoteari, jada, beharrezko ez deritzolakoz. Anjel harrapatzeko Pedro Ertzainaren ikerketarekin eta Braulio ETAkidearen gorabeherekin osatzen da trama. Harrigarria suerta daiteke abangoardietako hainbat lorpenen baliatzea liburua: bigarren pertsonaren erabilera zurruna bezain eraginkorra, barne bakarrizketa oso ongi eramana, ikuspuntu aldaketa. Eta hala ere kontsumo literatura? Ian Flemingen (007 agentea) lana aztertzerakoan Ecok esan bezala, abangoardien garaian lortutako aurkikuntzak kontsumo literaturara pasatu dira, eta eraginkorrak izaten jarraitzen badute ere, galdu egin dute errealitatea beste ikuspuntu batetik adierazteko indarra eta plazer estetikoa eragiteko ahala. Horri gehitzen badiogu, pertsonaien trataera laua (ez dute argi-ilunik, oso prebisibleak gertatzen dira, Gema batez ere), erabaki beharko genuke Zirkulua igande arratsaldean telebistan ikusten ditugun film horietako bat bezala dela: ikusten ditugu, errazak dira jarraitzeko, denbora pasatzen laguntzen digute baina ez dira literatura. Arestian aipatu Gordon eta Coelhoren liburuak baino dexente gustagarriago hala ere. Izan ere, literaturak, batzuetan nekatu egiten du, ez da hala?

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak