kritiken hemeroteka

8.301 kritika

« | »

Maitea / Toni Morrison (Anton Garikano) / Alberdania-Elkar, 2004

Maitea Iñigo Roque / Gara, 2005-06-11

Gaur egun Estatu Batuetako kultura mundu osoan zabalduta dagoen arren, gehienok nekez aipa genitzake hiru afro-amerikar idazle. Areago, Alice Walker, “The Color Purple”ren egilea, baino ez zaie bururatuko bati baino gehiagori. Toni Morrisonek, horrenbestez, gutxiengo baten berri ematen digu, “kedar-jendea”ren berri. Liburua benetako gertakarietan oinarrituta dago, eta soka luzea du; izan ere, oraindik ere ale berriak ematen ari da: aurten, esaterako, “Margaret Garner” opera estreinatu da, Maitea-ren istoriotik abiatuta.

Sezesio-gerra amaitu berritan, esklabotzatik ihes egindako familia baten gorabeherak kontatzen dira liburuan. Iraganeko izugarrikeriak eta gerra ondoko itxurazko libertatea txirikordatu egiten dira. Lehenaldiko hotsak durundi egiten du etengabe berriketaldietan eta egunerokoan. Hiru belaunalditan lorratz sakona utzi du gatibualdiak.

Amama, ama eta alaba bizi dira etxe berean; hirurak, andrazkoak, gizonezkoen absentzia ezinbestekoa baita. Hala, elkarrizketa gehienak noka idatzita datoz. Amama, Baby Suggs, predikari aritutakoa zen, bere gisa; eta haren etxea Cincinnatiko beltz guztientzat ostatu eta biltoki izandakoa zen. Ama, Sethe, kosta ahala kosta, seme-alabak esklabotzako sufrikarioetatik ateratakoa da. Denver, alaba txikia, ama ihesi zihoala jaio zen, eta esklabotza bertatik bertara jasan ez zuen familiako kide bakarra da. Zoritxarreko hilketa bat dela eta, familia baztertuta dago, behialako ospea galdurik.

Orrialdeetan barrena hilen eta bizien munduak nahasi egiten dira, gainazpikatzen: “Gaizki hildako jendea ez da lurpean geratzen”. Errealismo magikoa dario liburuari, zoko-moko guztietan. Naturaren deskribapenak guztiz iradokitzaileak dira, joriak, hegoaldeko hezetasuna bekokian perlatzeraino. Irakurleak arima errarien munduan must egiten duenean, noraezean ibiltzen da, jitoan, halako sorgin-haize batek eramango balu bezala; ezer gutxi ulertuko du, sentitu asko, ordea.

Sekretuak gutxika-gutxika azaleratu egiten dira: nola jaio zen Denver, nola hil zen alaba nagusia… Gertakari horietara hurbiltzeko saio bakoitza durduzagarria da irakurlearentzat; ez dago jakiterik zehatz zer gertatu zen, baina senak gidatu egiten du liburuzalea. Saio bakoitzean gero eta xehetasun gehiago agertuko dira, ipi-apa guztiak egundo xehatu barik. Ez da liburu erraza, horratik.

Bestetik, ezin ukatuko dugu liburu didaktikoa dela; azken batean, funtsean, eleberri historikoa da. Paul D-k, liburuko gizonezko bakanetako batek, askatasunerako bidean barrena eramaten gaitu, ihesaldirik ihesaldi, gatibualdirik gatibualdi. Eta harexek ekarriko ditu umore-printza apurrak, asto beltzarenak pasatu arren aldarte onari eutsi baitio. Eta umorearekin batera, maitasuna ere emango dio Setheri.

Liburua anabasa hutsa da. Bateko, maitasuna dugu, istorio osoaren eragile. Besteko, esklabotzako izugarrikeriak ahaztu ezina. Eta indar bi horien artean ehuntzen da istorioa: noraino iritsi zen Sethe semealabak esklabotzatik libratzeko, zein asaldagarriak diren oroitzapenak esklabo izandakoentzat. Ezinezko amnesiaren kronika da, zapaltzaileek baino ez dute-eta ahazteko erarik. Egunotan, berretsi egin dit uste hori Traudl Junge-ren, Hitlerren idazkari izandakoaren, liburua hostokatzeak. Sufritu duenak ezin du ahaztu; zerbait hautsi egin zaio barrenean. Eta Sethe halaxe dago, barrutik hautsita legez, eta ez da gauza errealitateari buru egiteko, eta are gutxiago hilen eta bizien inauteriari.

Maitea ez da orri-pasan ibiltzeko liburua, ahaztura sendatzekoa baizik.

Azken kritikak

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak