« Maitea | Gizartearen atzaparretan »
Bihotz gosetien kluba / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2005
Bihotz goseti galdua Iñaki Mendizabal / Deia, 2005-06-14
Urteak daramatza Xabier Mendiguren Elizegik bere nerabezaro eta gaztaroko pasadizuak kitatu guran. Liburu sorta txinpartatsua osatu du horren inguruan, eta badirudi gainezka egin diola txanbilak, kontatzeko zer edo zer utziko zuen arren (enegarreneràko utzi ere, seguruenik). Kieto egoteko botikarik ezagutzen ez duen editore eta idazle hau antzerkian ere murgildu da azken aldian, eta horrez gain blog zirikatzailea betetzen saiatzen da, egunero-egunero, sarean. Badu etorria bai beasaindarrak.
Orain fikziora bueltatu dela dio berak, eta nik, fikzioa baino egiazko fikzioa ikusten dut liburu berri honetan, sinesgarritasun handiko kontakizunak ondu dituelako idazleak, behin edo behin horrelako egoeratan ikusi dugulako geure burua, eguneroko desertu populatuan galduta, eguneroko txikikerietan nahastuta, bai, baina beti zer edo zer bilatzen, laguntasuna, kidetasuna, konplizitatea, ulermena, edo bat-bateko sexu astinaldia, “heriotza txikia”, egileak “Heidi” ipuin luzean agertzen duen legez. Eta, hala ere, bihotza ezin ase, bihotz gosetia, bihotz ehiztaria, bihotz bakarti eta xurgatzailea. Hori da ipuinen abiapuntua: insatisfakzioa.
Noragabetasuna da ipuinetan suma daitekeen beste aspektu bat, hau da, bihotz aseezinen kokatu ezina, eta egoera horren kontzientzia izatea. Neurri baten, esango nuke goseak baino noragabeak berak galtzen dituela pertsonaiak, eta beraien tragedia txikiak puztu egiten dituela ez kolokazio horrek, zer nahi duten ere ez dakitela dabiltzalako. Edo, agian, beste barik, noragabetasuna eta aseezintasuna bidelagunak direla, elkarri xaxaka dabiltzan bidaideak, edonor izorratzeko gai direla.
Baina hau guztia irakurrita ez dezala pentsa irakurleak istorio triste eta txaposoak ondu dituenik Mendigurenek, malenkonia ttantta bat duten arren. Umorea abileziaz erabiltzen du idazleak, han-hemenka, eta pertsonaiekin jolasten du, batzuetan beraiekin bat eginez (beraien jokaera konprenituko balu legez), bestetsuetan lepotik barre eginez (barregarri utziz, egoera muturrekoetan sartuz). Gabonetan larrialdiko miraria espero duen albaitaria, lankide bat bere sarera biltzeko estrategiak lantzen dituen telebista-produktorea, mutilarengana doala harekin segitu nahi duen galdezka doan emakumea, tabernero bakarti eta gutxiestua, lanean ligatu ezinda dabilen astakirtena… Galeria bitxia eta interesgarria, edonola ere.
Bost ipuinak dira gazi-gozoak eta amaiera irekia dute ia gehienak. Estilo aldetik Mendigurenen betiko lerroa nabarmentzen da kontakizunotan: erritmoa, ulergarritasuna eta umorea. “Bihotz gosetien kluba”, beti galdatan dagoen geure barruari begiratzeko beste ispilu bat.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi