« Bihotz goseti galdua | Hunkialdia »
Mahatsaren begia / Eneko Bidegain / Elkar, 2005
Gizartearen atzaparretan Maider Ziaurriz / Berria, 2005-06-15
XXI. mendeko gizartearen alderdi makurrenak erakutsi dizkigu Eneko Bidegainek “Mahatsaren begia” eleberrian. Horretarako, familia bat jarri du miseria horien erdi-erdian, eta erretratu arrunt erreala egin dio. Nobela gordin bat da horren emaitza.
Ez da gehiago behar: nahikoa da familia bakar bat, gaur egungo gizartean ditugun arazo larrienez hitz egiteko. Eleberri honetako familiak, izan ere, ez du ezagutzen zoritxarra besterik, eta senperrenak ikusiko ditu: langabezia, gizartearen bazterketa, espetxea, hiesa, familia galtzea, traizioa… Zoritxar perfektu baterako osagai guztiak ekarri ditu Bidegainek, bata bestearen atzetik. Horrela esanda, pentsa daiteke gehiegizkoa ere badela hainbeste zoritxar familia bakar bati gertatzea, baina halaxe etortzen omen dira ezbeharrak, denak sailean; gainera, sufrikario horiek ez dira bat-batean eta ezerezetik sortzen: ondo sustraituta daude istorioan; ernetzen eta hazten ikusiko ditugu, elkarren artean nola korapilatzen diren, eta korapilo horiek familia nola estutzen eta itotzen duten. Istorioa ondo errotzeko, pertsonaien psikologian miaka ibili da Bidegain. Haien kezkak, minak eta ezinak erakusteko eginahalak egin ditu, eta, horri esker, zoritxarren kate horri egiantza ematea lortu du.
Protagonista lanik gabe geratzen denean hasiko da familia honen gurutze bidea. Ogia kentzea nahiko zigor ez, eta gizartearen presioa jasan beharko dute; jendearen begiratuek eta arbuioek azpilana egingo dute beren buruetan, isilik baina gupidagabe, eta estropezuka ibiliko dira ilunpetan, argia bilatzeaz ere etsita. Eleberri honetako protagonista burua ezin altxaturik ibiliko da; hondoa joa du, estimua ondo zanpatua, eta tabernazuloan soilik lortuko du bere ezinetatik libratzea eta nor sentitzea. Halaxe ibiliko da familia osoa ere: mandotik astora eta astotik lurrera. Hala ere, beltz nabarra izango da hasierako tragedia hori, ikatza bezalako labezomorro bihurtuko baita aurrerago.
Azken batean, gizartea labezomorro handi bat da, jendea bere atzapar zorrotzekin harrapatzen duen zomorro beltz eta erraldoi bat, eta estutu egiten du, eta lepoa ondo bihurritzen. Ez du kontuan hartzen inoren sentimendurik, eta preso hartzen du jendea, arauetatik eta ustez denok izan behar ditugun bizi-ohituretatik kanpo ibiliz gero. Baina preso egoteko ez da kartzeletako barrarik behar; barra fisikoen artean baino askoz presoago egon daiteke bat barra psikikoen artean, norberaren burua baita denik eta espetxerik gogorrena. Liburu honetan, preso egoteko bi moduak erakutsi dizkigu Bidegainek; baina, batez ere, kate ikusezin eta ezin hautsizkoak erakutsi dizkigu, burdinazkoak baino gotorragoak diren kateak.
Ez du juzgu moralistarik egin, baina gizarteko hainbat bidegabekeria utzi ditu agerian: jendea zigortzeko sistema zurruna, mihi gaiztoek dakartzaten ondorio latzak, laguntzaren premia gorriena dutenak baztertzeko joera… Horrez gain, giza harremanen gainean hausnartzeko bide eman du: familiakoen arteko ezin ulertuak, gizon-emakumeen arteko sentimendu korapilatsuak… Eta, harreman horietan oinarrituta, hainbat galdera ere egin ditu: zergatik arrimatzen gara gizon-emakumeok elkarrengana? Zergatik irauten du jendeak urteetan eta urteetan elkarren ondoan? Benetako maitasuna ote da, edo behar hutsa eta bakardadearen beldurra? Galdera horiei, ordea, norberak bilatu beharko die erantzuna.
Istorioa indarra hartzen doa orriz orri, idazlea gero eta seguruago, istorioan gero eta sartuago egongo balitz bezala. Urtu ahala ahoa bete gustu uzten duen goxokiaren antzera gertatuko zaigu azkenean, baina gozo gehiegi ere komeni ez, eta Bidegainek ez du istorioa amaitu nahi izan, irakurleak ere parte hartu behar baitu.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres