« Antologia poetikoa | Pertsona zintzoen maltzurkeria »
Karonte / Asel Luzarraga / Elkar, 2005
Bilbo-Tokio Iñigo Roque / Gara, 2005-04-09
Zientzia fikzioa ez da beti hain urruneko gertatzen. Asel Luzarragak kableak, Internet eta txip miragarri batzuk baino ez ditu behar. Demokrazia liberaletako zerbitzu sekretuen isileko proiektu bat asmatu, eta hor duzu liburua. Oso osagai gutxi behar dira, beraz.
Ametsi tumore bat aurkitu diote garunean. Medikuek etsipena eman ondoan, piztu egiten da, oharkabean. Etxean Argentinako lehengusina dauka zain, Naroa, gaixoaldian lagun izan duena eta orain etengabeko tentazio. Ainara neskalagunarekin berriz elkartuko da, baina hark ez du zer eginik izango lehengusina tentagarriaren aldean. Amets sendatu egin da, baina ez musu truk: prozesagailu bat paratu diote buruan, jendea kontrolatzeko prototipoa. Naroa eta Amets hara-hona ibiliko dira, Ametsen gogoaz jabetu den programa hori indargabetu guran. Halaxe helduko dira Japoniara, hacker batengana, eta dena aldrebestu egingo da.
Liburuan, suspentse teknologikoa barik, Ametsen eta haren lehengusinaren arteko harremana gailentzen da. Ametsek honela egiten du berba lehengusinaz, edo haren gorputz atalez: “Pampatik zaldiz ibilirik gogortutako ipurdia[…]”; “zure bularra… ez da neskatila batena, bihotza lehertu liezaioke indartsu ez duen bati”. Izan ere, Ametsek berak dioenez, “nahiko mairua” da. Badirudi egileak bide horretatik jo nahi duela, zabarretik, eta gaur egun hain boladan dagoen estetika hori erabili. Hala, lirikotasunik batere gabe joaten dira irudiak eta metaforak: Ainararen iturriak zarata egiten du, txiza egitean; zeruak txalaparta amorruz jotzen du; zigarretak labe garaiak dira ezpainetan, eta gorpu hautsontzietan. Sexu-harremanez ari delarik, goia jotzen du estetika horrek: iskilua prakak erre beharrean igartzen du Ametsek, eta haren “sumendia”ri laba dario.
Hari nagusia nahiko agerikoa da. Hasieratik bertatik irakurleak antza hartuko die gertakariei: zer duen Ametsek buruan, nork antolatu duen operazioa… Ezusteko bakarrak Japoniara heltzean jazoko dira, eta orduantxe bizkortuko da liburua. Bitartean, pertsonaien barne-ahotsek eramango gaituzte, eta, bide batez, zernahitaz iritzia emateko probestuko dute: Windows-en eta Linux-en arteko gatazkaz; nazioarteko politikaz… Bestetzuetan, berriz, antzerki-oharrak bezain xehe deskribatuko dizkigute jokalekuak: hamaikatxo musika talderen izenak aipatzen dira, Japoniako garagardo etxe guztienak, jatekoen azalpen xeheak. Japoniako gidaren traza hartzen zaio batzuetan liburuari: zer musika entzuten den, zer edaten den, nolako bizimodua duten gazteek (batik bat, neskek).
Sexuaren tratamendua nahiko xelebrea da. Mutilek “adarrak” dituzte, eta neskek “gerezitxoak”. Eta sexu-saioak ere halatsu kontatzen dira: “Ordurako biak biluzik, Ametsen ontzia olatu apartsuetan murgildutako neskaren kaian porturatzen hasi da, brankak, laban zorrotz batek gurin epeletan bezala…”.
Nago idazleak nahita bilatu duela estilo hori, xehea, gordina, topikoa, hizkuntza arrozteko edo kontamoldea behartzeko batere asmorik gabe. Pasarte eta leku asko oso ezagunak izango dira irakurlearentzat, eta berbakizunak, oro har, oso hurbilekoak.
Eskertzekoa da idazleak egindako ahalegina, euskaraz hainbestetan ibili ez diren bideetan barrena abiatzeko. Apustua ez zen makala, horratik! Gainera, Aselen lehenbiziko liburua da euskara batuaz. Sarritan akzioa falta du, eta kontaera astiroegi joaten da, debaldeko deskribapenetan eta xehetasunetan galduta, baina liburuak badu zer edo zer. Horixe, bada, liburu desberdina, beste era bateko irakurleentzat gozagarri, seguru asko.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera