kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Biolinaren jatorria / Jon Aiastui / Elkar, 2004

Biolinaren doinuak Aritz Galarraga / Gara, 2005-02-05

Jon Aiastui oñatiarrak Biolinaren jatorria izeneko liburuarekin egin zuen iaz euskal letretara jauzia. Hala ere, ez da erabat zuzena kaleratzen duen lehen lana dela esatea. Aurretik poema sorta bat plazaratu zuen argitaletxe txiki batekin eta zenbait lehiaketatan ere parte hartu izan du inoiz. Baina esan dezakegu eskuartean dugun liburu hau idazle gazte honek publiko zabalagoaren aurrean egin duen lehen agerpen publikoa dela.

Liburua aurkezte aldera, aipatu beharra dago adierazpide ezberdinak batzen dituen lanaren aitzinean gaudela. Elkar argitaletxearen Poesia bildumako hamabigarren emaitza izan arren, irakurleak poema mordoxka irakurtzeko aukera izateaz gain liburua osatzen duten hiru ipuinekin egingo du topo, baita egileak berak egindako zenbait marrazkirekin ere. Bi poema sorta ezberdinek osatzen dute liburuaren lehen erdia: “Nongo nor” eta “Argia eta itzalaren artean” izenekoek. Poemak bi sorta desberdinetan biltzearen arrazoia hauxe da: “Nongo nor” atala Oñatiko Potxon argitaletxeak kaleratu zuen 1999. urtean. Bestela, poema bakoitza izan daiteke atal txiki bat, atal berezitu bat, ez dute lotura berezirik gordetzen beren artean. Horien artean badira istoriotxoak kontatzen dituztenak, narratiboak eta erritmoa zaintzen dutenak. Badira laburragoak, hitz gutxirekin leiho zabalak irekitzen dituztenak. Poema biluziak dira Aiastuirenak, artifizio handirik gabeak, zuzenean idazleak irakurleari helarazten dizkionak, eskalarik gabeko hegaldien antzera. Bizitzari, bidaiari, bidaideari buruz hitz egiten duten poemak.

Beste erdia, berriz, hiru ipuinek betetzen dute. Lehen biak idazleak berak idatzitakoak dira eta, garapen egoki bati esker, duin eusten diote erritmoari. “Cuencak” du izenburutzat lehenengoak. Bertan mendeku baten istorioa kontatzen zaigu. Hasiera batean iraganeko zauriak primeran itxita daudela badirudi ere, zoriak aspaldiko zorrak kitatzeko aukera emango dio protagonistari. Txikiteoa, apustu bat eta errepidea tarteko, ipuinak bukaera arte ongi mantentzen du irakurlearen arreta. Bigarren ipuinak, luzeenak, “Eguzkiak jotzen duen aldetik” du izena. Eroetxe batean dago kokatuta eta bertako pertsonaiek bizitako egoera bereziak kontatzeen dira ipuin samur eta ero honetan. Irudimenak eta bidaiatzeak duten indar askatzaileaz hitz egiten da eta gaur egungo gure gizartearen alegoriatzat ere har dezakegu. Liburu osoarentzat aukeratutako izenburua azken ipuinetik hartua da. Azpitituluak dioen bezala, Danubio inguruko ijitoen elezahar batekin osatu du Aiastuik bere lehen liburua.

Orain arte irakurritakoarekin ondoriozta daitekeen bezala, liburuak ez du batasun bat gordetzen, ez eta, nire irudirako, gorde nahi ere. Hau ez da, ordea, azken emaitzaren kalterako izan. Hasi eta buka hari bakar bati jarraitzen dioten liburuak dauden bezala, norabide askotako liburuak ere badaude. Agian, beste irakurtzeko modu bat eskatzen dute halako lanek edo bestelako irakurketa bat eskain diezaiekegu. Liburu honek, adibidez, autobusean goazenean bidaia atseginago egin diezaguke edota bikotekidea etorri arteko itxaronaldia arindu, hasierako orrialdetik azkeneraino irakurtzea ere onartzen duen bezala.

Auskalo zergatik baina Biolinaren jatorria isil-isilik eta oin puntetan iragan da gure muturren aurretik. Berri labur batzuk eta elkarrizketaren bat liburua argitaratu zen unean baina zarata handirik ez. Isil-isilik eta oin puntetan iragan da, baina pasaeran doinu gozoa utzi digu, ijito batek biolina jotzerakoan uzten duenaren antzera.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak