« Pako-Pako | Eta handik gutxira gaur »
Gure etxeko kontuak / Natalia Ginzburg (Fernando Rey) / Igela, 2004
Gureko berbeta Karlos del Olmo / Berria, 2004-10-30
Familia hizkera komun eta partitu batean ehuntzen diren mintzoz egina da, senideok baino ulertzen ez duten hiztegi berezi eta kanpotik ulertezin batez, sendi barruko oroipen eta jazoera sare halako baten ondorio denez gero. Aurkezpen handiren beharrik ez duen Fernando Rey itzultzaileak euskaraturiko Gure etxeko kontuak liburuan Natalia Ginzburg guraso, neba-arrebak eta lagunak gomutara ekartzen hasiko da etxeko berba eta esakuneetatik tiraka, baita, bidenabar, Sendia deritzogun izate misteriotsua aztertzen eta mataza erabat askatzeko apukoz, inguruko gizartea arakatzen ere. Dena eleek izaten duten osagairik antzemanezinenaren ildotik, hizkuntzalariek edo psikolinguistek nekez deskriba dezaketen hizkuntzaren alderik berezienetik abiatuta. Zer da familia, azken buruan, ahaideak elkarri itsasten dizkion berbazko lika hori barik?
Gertaera txiki eta minimoen bitartez, gizakiaren eta gizartearen arimak printzaz printza ematen ditu, inpresionismo ezari-ezariko batez literatura guztiz modernoa egiteraino. Idazlearen memoria munduaren neurgarri, gainerako idazlanak ulertzeko giltza.
Lanaren xume itxura gorabehera, nahiz eta barruan tragedia handi ere handi bat edo beste azaldu, Lessico famigliare liburuak hain izan zuen eragin handia italiar belaunaldi berrietan, non, azkenean, kritikarien begiak Nataliaren beste lanei begiratzen hasi ziren. Egunkarietan idazteko bidea ere irabazi zuen bere familiaren arima ele biluzgorritan jarriari esker. Ia hil arte egunkari zutabetxoetan etxeko kontuak azaltzeko erabiliriko estiloa bera baliatu zuen, itxuraz noraezeko eta arretarik gabea, benetan, era ezkutu batean zirikatzaile.
Idazleak bere burua atso zahartzat aurkezten du, beharbada denok erosoago senti gaitezen goiz alban idaztera jaikitzen den andre edadetuaren irudi topikoarekin. Orria, kulunka aulkia eta artean lotan datzan Italiari idazten dion idazlea, urruntasun apur baten beharrekoa, bizi izan duenaren gainean berba egingo badu. Lehenaldiarekin koherentea izateko, etorkizunari begira bizi behar, gaurkoaz ahaztuta. Zelan berba egin lagunak, senideak eta belaunaldikoak hilez doazela ikusita? Morante zahar etxean hil da, Italo Calvino eldarnioaren bisitazioek jota joan da, Sciasciaren hiletetako omenaldira joan behar mingotsa… Elkarrekiko fidelen taldea murriztuz doa gerra, jazarpena eta ia iraultza moduko bat bizi izana gorabehera.
Itzulpen honetan ere, idazleak bere barne-barneko irakasgai pribatua ematen digu lezio: bizitzan ikasten dugun apurtxoa, gure egin eta esan xume bezain hauskorretan taupadaka diharduen azken misterioa, guztiei errespetatu beharreko isil gordea, giza tragedia guztietan dautzan poesia eta elkartasuna topatzeko bidea.
Idazlana familia hebraiko baten bizialdia dugu. Hori esanda ere, ez dugu ezer argituko, familia bakoitza bat eta bera, errepikatzen gaitza, hiztegiaren, izan ere, mundu ikuskera bereziaren jabea denez gero. Eta horrek, nahitaez, itzulpengintzara gakartza, hortik begiratuta, sendiak bere burua mundura itzuli behar duelako, eta mundua, etengabe, bere barne hizkerara bihurtu ere. Bost seme-alabetan txikiena izanagatik, horrek bidea ematen ziola gainerakoei behatzeko, halatan, egiari traiziorik egin gabe, oroitidazkia eleberria balitz bezala idazteko, baita hiru hilabetean izkiriatu ere. Horrelako literaturak gizaki xeheen eguneroko gertaerak, bizitza, heroi eleberri bihurtzen laguntzen digu. Eskuz paratu zuen lehenengo idazketa, txiki-txikitatik mainadaren albiste emateko guraria betetzeko. Autobiografiek, Ginzburgen iritziz, arriskurik ere badute: bestela baitakoan, fikzioa benetako jazoeren gomutekin nahastuz joatea. Hurkoen berri ematen ahalegintzerakoan, ostera, errealitateari, egiazkotasunari estu oratu arren, berehala konturatu zen askeago idatz zezakeela, idazketa libreago egiteko modua zuela. Azken buruan, txikerretatik bertatik, jazoeren lekuko izan edo gauzak egiterakoan, nagusitan haiek guztiak idatziz jarri beharko zituela zerabilen gogoan. Ederto bete zuen gerokoan!
Paveseren suizidioaren gainean berberak idatzirikoak aipa litezke Nataliaz esateko: “Bere bizitzaz haratago ere pentsatu zuen, gure geroko egunez, kontuan hartu zuen nola jokatuko zuen jendeak bere liburuen eta bere oroitzapenen aurrean, heriotzaz haratago begiratu zuen”. Buruan, gogoan Herio erabili arren, bizitza eurrez maite dutenen antzera jokatu zuen.
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi