kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Gau ertzekoak / Luigi Anselmi / Pamiela, 2004

Denboraren eltzean Asier Sarasola / Gara, 2004-10-23

Hamaika liburutan topa genezake Anselmiren izena, egile eta itzultzaile den aldetik behintzat, bai euskaraz, baita gazteleraz eskainitako izenburu eta poetikan ere. Ibilbide horri hala-moduzko jarraipena egiteko baliagarria da, dudarik ez, K.I.k egindako lan antologikoa. Honen bidez, ondoriozta genezake idazle bilbotarraren Gau Ertzekoak hontarainoko garapena zer-nolakoa izan den. Eta nola autorearen idaz-errezetan hainbat idazle, mitologia eta natur-izendegi ezinbesteko osagai bihurtu diren. Aurrerabide kronologiko horretan, era berean, hizkuntzaren jasokunde baterako joera nabari liteke. Ez inongo amildegitik altxatzeko, baizik eta euskara jaso eta dotore baten erabilera geroz eta sarri eta joriagorako joera, hain zuzen ere. Batuaren urekin nahastutako iparraldeko olio fina, belarrientzat gozagarri, nahiz eta ulermenaren argizaria nekez zeharka dezakeen, hiztegia ez ezagutzea izanik kausa.

Horrela, hizkuntzaren baliabide ederki erabiliez, aipatutako jasotze eta erreferentziak direla medio, artifiziala baino, ez-gertuko poesia gertatzen ahal da Anselmirena. Nolabaiteko saio intelektuala irudi ahal du poema sorta hau irakurtzeak. Irakurle gazte ezjakin honentzat jolaserako tarte gutxi geratu da, agian ez baitzen hori inola ere egilearen asmoa. Idazketak bai baitu halako lasaitasuna erritmoari dagokionez, esaldien joskera luze eta zehaztuan, giro hausnarkoi eta batez ere atzera-begirakorrean, sortze patxadatsu baten isla agian, edo jakinduria eta adin kontuak besterik ez, baliteke. Hala ere, ezin uka irudi eta metafora askoren ederra, eta egiazkoa, nahiz urruntasun sentsazio hori orokorrean gailendu.

Atzera-begirakorra, denbora, denboraren iragatea, geratzen den astia ezin atxikia baitira hausnarketa orokorraren ardatz. Zerk iraungo du idazleaz? Galdetuz. Zerk iraungo pertsonaz? Testu sorta bat eta ingurukoen oroitzapenak ez besterik. Heriotzaren presentzia gertu balego bezala. Heriotzak edozein une bere ainguraz ezerezean hondoratuko balu bezala. Paradisu galdutik etor, etorkizun gautura joan. Eta hala izanik, unearen gorazarre egin beharrean, nolabait bizitza ospatuz, hausnar etsi horietara bideratzen ditu kezkak Anselmik. Eta hori guztiari kontrajarriz, natur irudiak. Bizitzaren behin eta berriroa irudikatzen dutenak. Arima eta hutsune hain gizakoietatik urrun, gizakiaren arima eta hutsunetik begiratuak. Kutsu existentzialistadun, kutsu erromantikodun poematan. Eta naturari kontrajarriz, dio; gizakiak denbora horri eusteko, edo denbora hori neurtzeko, edo bizitza bizi beharreko zigor-denbora betetzen egindako ahalegin oro hutsalak direla; erlijioak, iratzargailuak, gudak, horren adibide, eta horiek ditu elementu poetiko. Elementu poetiko, halaber, greziar eta bikingoen mitologiak. Bide eta helmugaren sinbolotzat. Baita biblia ere. Alegien moduko poemak tartekatuz, amaieran eten puntuen erabilera iradokitzailea lagaz, egilearen hausnarketa bere horretan gelditzetik haratago joan nahian, irakurleak azken puntua, halakorik balego, eman dezan aukera eskainiz.

Gogoetak, irudiak, aitzitik, ezagun izan ditzake irakurleren batek baino gehiagok, niaz aparte, orokortasunera jotzen baitu poetak, edo orokortasunetik abiatuta ni indibidual horretara iritsi nahi bailuen. Baina, nahiz eta indar lirikoz beteriko irudi ugariak, erabilitako hizkera jasoak, zeinak indar liriko horixe areagotzen duen, ni horren gertutasuna lausotzera darama uste honetan, bederen, denboraren eltzean astiro egosten ari den edozein niarena, poetikoa izan ala ez.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak