kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Gloria Mundi / Fernando Morillo / Elkar, 2004

Kezkak bideratzeko Oier Guillan / Gara, 2004-09-25

Garai bakoitzak bere erronkak ditu eta haien isla izan ohi dira gizakion kezkak, eztabaidak, beldurrak. Hauek guztiak sarri ezin dira ulertu iragan gertu nahiz urruna aintzat hartu gabe. Gaur egun gero eta handiagoa da, kasu, gizakion ustezko garapenak mundu mailan ekarri dituen ondorioekiko kezka, aldaketa klimatikoa, besteak beste, eta haien baitan gizarte ezberdinen arteko gatazkak askotan autosuntsiketara bideratuak direneko sentipena nagusitzen da. Eleberri entretenigarria osatu du Fernando Morillok Gloria Mundi argitaratu berriarekin, baina liburua bada hori baino gehiago ere, zientziaren balioaz gogoeta egiten baitu trama garatzearekin batera.

Elkarri estuki loturiko bi hari eskaintzen dira liburuan. Batetik orain mende erdi Einstein eta Oppenheimer zientzilarien gidaritzapean egindako bilera sekretu baten berri ematen da. Zientzilari ugari elkartzen dira bertan eta, Hiroshima eta Nagasakiko gertaeren itzalpean, zientziaren norabidearekiko kezka biziak lotzen ditu hitzordu berean, batez ere arlo honetako aurkikuntza berriek boterea dutenen aldetik izan lezaketen erabilpen interesatuengatik arduratuta. Azken buruan, bonba nuklearrekin gertatutakoen ildotik, gizadi osoaren kalterako izan litekeen ezagutzaren erabilpenak eta funtsean gizakiarekiko mesfidantza sakonak elkartzen ditu jatorri ezberdineko zientzilariak.

Bestetik, berrogeia hamar urteren bueltan Euskal Herrian bertan kokatzen den trama dago. Donostia inguruko eskenatoki ezagunak aukeratu ditu Morillok pertsonaia nagusien gorabeherak kokatzeko, era berean CIAren esku ezkutuak bultzatutako hilketa eta haren osteko ikerketaren bidetik eskenatoki hori mundu mailara zabalduz. Bigarren hari honi dagokionez, pertsonaien marrazketa nahiz egoera zenbaiten azalpena sinesgarritasunaren muga hauskorretan dabiltzala esaten ausartuko nintzateke (ez naiz ari “errealismoaz”, irakurlea istorio batean barneratzen laguntzen duen “sinesgarritasunaz” baizik). Horrekin batera tramaren bilakaerak ez du agian sorpresa handiegirik ekarriko, baina orohar erritmoak eta kontatzeko modu gertuak atsegina bilakatzen dute narrazioa ezein zalantzaren gainetik.

Badira, edonola ere, autoreak liburua hornitzeko landu dituen ezaugarri gehiago. Bi hari paraleloek aurrera egin ahala elkarrizketetan zientziari loturiko kontzeptu, teoria eta esperimentu ezberdinen berri ere ematen da. Orri bazterreko oharren laguntzaz haien azalpen laburrak eskaintzen dizkio autoreak irakurleari. Ohar hauen presentziak ez dio istorioari kalterik egiten eta narrazioa aberasten du. Zientzia kontuetan jakitun denak ez du topatuko, agian, aportazio gehigarri berezirik, baina lerro hauen buru dabilen ezjakin honentzat, kasu, interesgarria suertatzen da oharren zerbitzua. Ohar horien ildotik liburu osoaren oinarrian dagoen aipatu gogoetara itzultzen naiz. Gizakien jakin-nahi asegaitzak naturaren oinarria bera interpretatu eta ulertzera eraman lezakeen arren, jakinduria hori kontrolatzeko ezintasun kontraesankorra agerikoa da oso. Horren aurrean protagonistek nahiz irakurle askok ere ziur aski sentitu lezaketena dago, nola kaleko jendearen eskuetatik guztiz at mugitzen diren mundu osoaren historia eta patuaren norabidea baldintzatu dezaketen erabakiak, eta horrek sortarazi lezakeen ezintasuna, nahiz eta azken buruan kaleko jende horrek berak jasaten dituen erabaki horien ondorio zuzenak.

Funtsean, sorpresa handiegirik gabeko trama eskaintzen du Morillok, baina irakurlearekiko hurbilekoa suerta litekeen erritmo eta kontatzeko moduz idatzia.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak