kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Batak ez du bestea kentzen / Gerardo Markuleta / Alberdania, 2003

Batak ez du bestea kentzen Pello Otxoteko / Egan, 2004-03

Liburu berria oraingo honetan hizpide duguna. Eta ez soilik bere edukian berria delako (jakina, hori aipatu behar ez genuen eta), bere kanpo itxuraren moldaera ere berria delako. Alberdania argitaletxeak ale batzuk darama bere formatu berriaz argitaratzen, baina jantzi berriko poesia bildumaren lehen liburua hauxe dugu, Gerardo Markuletaren “Batak ez du bestea kentzen”. Gainera, badirudi izenburuarekin itxuraldaketa berriari erreferentzia egiten ariko balitzaio bezala itauntzen digula.

Hau dena alde batera utzita, liburu txukuna dugu edukietan ere. Hiru zati nagusietan antolatuta dago: Iferneguan, Gosari jendetsua, eta Ertzetan. Zati bakoitzak nortasun berezia dauka, ezaugarri zehatzak islatzen dituenak. Honela, lehenengo zatiko poemek kezka dute gai nagusia, eta aldian-aldian etsigarritasuna ere transmitituko dute. Bigarrenekoak, aldiz, lasaiagoak dira. Nire ustez politagoak dira (ez hobeagoak!), poza eta jolasa argiro igortzen dute eta, oro har, goxoagoak dira. Hirugarren zatikoek, azken zatikoek alegia, galderak (egilearenak eta irakurlearengan sortarazten dutenak) eta kritikak dituzte ardatz nagusia gehienbat, ukitu ironiko eta bihurri batzuez eginak, izan ere, sakontasunezko oldoztetara bultzatzen gaituzte eta hauen mezuetan hitzaz haratago dagoena iradokitzen baitute.

Liburua erraz irakurtzen da. Irakurketan barrena aurrera egitera zerbaitek bultzatuko baligu bezala, lerroak bata bestearen atzetik jarraian irakurtzen dira. Charles Dodgson-en (Lewis Carrol-en) “Erregina Gorria” datorkit gogora, zeina etengabe mugitu behar baitzen leku berean mantentzeko. Modu berean begiak liluraturik, ezin gelditurik izango duzu, irakurle, begien arrapalada misteriotsu hau, eta “Erregina Gorria” bailiran aurrera mugitu beharko dituzu lerrook hitzen gatibutza zoragarri hau gainditzeko.

Suma daiteke Gandiagaren zenbait oihartzun, hala nola, Hosto adarrean helduak eta Eder da zuhaitz bat eder poematan. Poema hauetan natura gurtzeko eta goraipatzeko joera baten lorratza daramala iruditzen zait, nahiz eta azken honetan etsipenaren mezua ere mozorroturik agertzen den, baina betiere, borondateak gainditzen duen oztopo ttikia lez, beraz, etsipen eraldakorra. Eta hau gutxi balitz, batetik zein bestetik elementuak eta asmoak gehitzeko joeraz eta grinaz ohar gaitezke espresio estetiko baten bilaketan edota pentsaera baten moldaketan.

Eta hitzen joan etorrian, hauek eta horiek irakurriko ditugu: “Hemen, inoiz, sobera da argia, / argi sobera da. Ez naiz sekula izan / zure betazalen bestaldean”. Eta behin eta berriz plano mugagabeak zeharkatuko ditugu, Aritz Gorrotxategi lagunak dion modura: “Gure memoria zulatu nahian. hautsetik sortu zen mundua berriro hauts bihurtu artean, memoria dugu itsumutil bakarra”. Honelakoa baita Gerardo Markuletaren poesia, lasaia, pausatua, baina aurrerantz daramatzan mezu batez horditzen gaituena, norberaren memoria zulatu nahi duena, bukaera edo helmuga nolanahikoa delarik ere.

Izan ere, zirkularitate batean preso gaude eta Markuletak hala diosku:

“Errekan behera
Izan guran
erreka bera”.

“Urrun zaitut hurbilean,
hurbil urrunean,
antzo dira nire hitzok”.

Antzekoa gogoratzen digu T.S. Eliot handiak bere “Eguberriko arbolen landaketa” poemaren bukaeran:

“izan ere, hasierak bukaera gogoratzen digu
eta aurreneko helmugak bigarren helmuga”.

Holand-en poesiarekin ere antzekotasunen bat dago tonu, giro edota atmosfera berdinen kutsua nabari delarik. Alderatu bestela Noland-en “Igitur I” eta “Haec summa est” poemak Markuletaren beste bi horiekin:

“Igitur I”
“…
Baina bera, gaur bereziki,
bizitza ukatu du
existitzeari uzten zaionean
geratzen dena izateko…”

Markuleta:
“…eta, oroz gain,
goranzko asmo
mendera ezina.

baldin gertatu bazaio
haizea zakar,
trumoia usu,
euriak urri,
elurra gertu,
eta, oroz gain,
behera behar
mendera ezina,

berdin-berdin da
eder zuhaitz bat, ederra,
hiletara bizirik heldu bada”.

“Haec summa est”
“Zer geratzen zaigu bada, eternitatea bera ere
ezerezean hondoratzen baita.
Amaitze abisal bat…”

Markuleta:
“Marratik kanporaz gero
pilota ez da sekula itzultzen”.

Era berean, tarteka, suma daiteke hustuketa baten zentzua, humanismoaren sakratutasunaren hustuketa. Beraz, esanen genuke izpiritualitate laiko baten haizearekin inguratzen gaituela. Arestian aipaturiko Gandiagaren poesiaren oihartzun zantzuak topatzen ditugu, baina Gandiaga laiko baten aurrean egonen ginateke oraingoan. Aurrerago begiratzera ausartuko nintzateke eta “metafisikaren gainditze” baten aurrean gaude (Nietzsche-ren eta Heidegger-en zentzuan, alegia), poesia hauekin modernitatea eta postmodernismoa gainditzeko ahalegina dago; “izpirituaren garaian” sartzeko erregistroak topa ditzakegu, nik garai hauxe bera ulertzen dudan moduan, hots, sinbolismoaren eta arrazoiaren sintesi gisa, Hölderlinetik aurrera poeta askotan aurki dezakegun modura. Horren adierazgarri honelakoak esaten dizkigunean:

“Beldurraren etxean,
—jakizu, badakit—
ez dago etxerik.”

Hustuketaren prozedura edo grina hori argiro azaltzen zaigu, zer esanik ez, “Partitzeko tenorea” deritzon poeman, Descartes-en “il faut partir” hura gogora arazten diguna:

“Zapatak erantzi ditu suizidak
hegara baino lehen,
eta bata bestearen ondoan
ezarri, lerro-lerro, mundu hau
bere ausentziaz
txukunago utzi nahi balu legez.”

Bestalde, aforismo eta haikuekiko joeraz zipriztindua izanen duzu liburua, irakurle. Baina gustagarriena eta burmuinen sonoritatea kilikatuko duena hitz jokoen joritasuna izango da, gehienak batez ere hirugarren atalean azalduko direlarik. Hitz jokoetan, nire aburuz, aberatsena den poema “Gezurren tamainaz” izenburua duena da, poema hau erritmo bizia du eta antolaketa dela medio kaleidoskopikoa dirudi. Beste bat kantu modukoa eta musikalitate handia duena “Azken aurreko eskaria” poema izango da. Ikusten duzunez, denetarik aurkituko duzu lerroetan aurrera zoazela.

Mezuak ulerterrazak eta hurbilak ematen ditu eta hau, irakurketa erraza izatearen beste arrazoi bat dela esanen nuke. Sentsibilitatea, estetika, sentiberatasuna modu gaurkotuan eskaintzen dizkigu; areago joanen nintzateke, zenbaitetan poesia urbanoaren kutsu batekin edo garai bateko Luis García Monteroren poema batzuetan irakurtzen den antzera datozkigu Markuletaren hitzak:

“Gaur zure konpainia berriak
goxatzen dit ohiko gosaria;
ez dezatela nire konpainia zaharrek
zure gosari berria mikatz.

Ardura barik hartu, laztana:
Kruasanak zein musuak
Egun-egunekoak dira”.

Ez dut bukatu nahi nire ustez liburuko poemarik onena dena aitatu gabe, konkretuki liburuari izenburua ematen diona da:

“Batak ez du bestea kentzen.
Ez iltze batek beste bat,
ez ardoak tristura, ez hitzek
ahaztura, ez denborak mina.

Batak ez du bestea kentzen.
Ez lortuak amestua, ez
Ikasiak huts egitea,
ez arrakastak larridura.

Batak ez du bestea kentzen.
Ez liburuek gose, ez
urak egarri gabezia,
ez nire egiak zurea”.

Benetan poema sakona, oldarkorra, kemena igortzen duena eta mezuaren ideia erabat balioesten duena, izan ere, egiak ezin baitira prestatu, utzi edo eman. Egiak dastatu eta barneratu egin behar dira. Irakurketa bukatutakoan lurrin gozo bat uzten duen poemategia da. Une xamurrak eta gogoangarriak pasaraziko digun irakurketa. Hitz gutxitan liburu bikaina, dudarik gabe.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak