kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Itoko dira berriak / Karlos Linazasoro / Alberdania, 2003

Tragediaren komikotasuna Aingeru Epaltza / Nabarra, 2004-01

“Itsu-itsuan sinesten dut umore beltza dela heriotza eta oinazea gainditzeko era bakarra, eta, beraz, askotan erabiltzen dut nire kontakizunetan gehiegikeria edo gustu txarreko omen den baliabide arbuiatu hori”. Halaxe mintzo da Karlos Linazasororen Itoko dira berriak nobelaxka edo narrazio luzearen protagonista. Egileak berak bezala Karlos du izena eta, haren gisara, liburuzain eta idazle da aldi berean. Erran gabe doa kontakizuna nika idatzia dagoela.

Ez da gure artean oso ohikoa idazlea bere liburuetako pertsonaia bilakatzea. Kanpoko izkiriatzaileen eskuetan —horra, konparaziorako, Cercasen Soldados de Salamina— baliabide hiper errealista honen xedea irakurlearen nahasmena piztea da, behin eta berriz zalantzak eraso diezaion irakurtzen ari dena fikzioa edo autobiografia ote den, edo bakoitzetik zenbat. Linazasororen kasuan, berriz, egilearen agerpena kontakizuna errealitateari lotzeko hari mehea dugu, eta sar-atera metaliterarioak —autometaliterarioak ere bai— egiteko bidea.

Egun hodeitsua B izeneko opor hirian, eta inor guti hondartzan. Ezustean, itotzen ari den bainuzale baten laguntza eskeek erakarriko dute udatiar multzo tiki baten arreta. Ez dute elkar ezagutzen, nor bere uku¡lukoa da, zein baino zein bere gisakoagoa. Eta halere, solas eta solas, elkarren kutsaduran tristuratik poztasunera eta irritik negarrera jauzi eginez, taldea trinkotuz joanen da, bainuzalearen oihuek urratutako minutuak iragan arauz. Absurduaren antzerkiaren lan baten antzezpenean bezala, zer egin – zer ez egin erabaki garbirik hartu ezinetik abiatuta, uste ez den tokietara ailegatuko da udatiar xelebreen jardun aldrebes eta surrealista: “zertarako bizi da gizakia Ludian?, zertarako ugaldu eta zabaltzen da?, noizdanik bizi dira geurean gaizkia eta barkamena eta mendeku-egarria?, nolakoa da zerua?, ba ote da inon salbatuko gaituen Jainkorik?…”. Galdera mamitsu usteen ondotik, tragedia funsgabea; ez ote genekien, badakigu: taldeak ez du desertziorik onartzen. Beharrik ez ei dagoen tragikotasuna baino gauza komikoagorik.

Gizakiaren eta gizartearen alderdirik ilun eta zentzugabeenen agerpen esperpentikoak ez dira berriak Karlos Linazasororen lanetan. Itoko dira berriak honetan, lehengo obsesioen giderretik heldu zaigu tolosarra, luzeago, mamitsuago eta, hain segur ere, dibertigarriago ere bai. Munduko bertze bazter batean, taula gainera eramateko manera aurkituko lukete obra labur baina borobil hau.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak