kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Batak ez du bestea kentzen / Gerardo Markuleta / Alberdania, 2003

Haria eta kea Asier Sarasola / Gara, 2004-01-03

Durangoko Azoka ospatu da berriki egunkari, irrati-telebista, patrika eta hizpidean. Termometro, erreferente eta gisakoak, eraikina nahiz aldatu, urtero errepikatzen diren iritzi bertsuak feriaren osagarri. Hainbat libururen argitalpenerako aitzakiazko datak dira horiek, eta berritasun horien artean, Batak ez du bestea kentzen Gerardo Markuletaren laugarren poema-liburua aurki genezake. Irakurri arte, esandakoaren arabera; istorio hiperlaburrak, haikuak, pop abestien moldeko testuek osatzen dute liburua, hiru ataletan banatuta, eta bizitza eta maitasunaren gaien gainean eraikia. Ea bada, zer litekeen.

Bada bai, badira istorio hiperlaburrak, haikuak eta beste; beraz, esandakoak baino, esan gabe doanak du garrantzi gehiago. Idazlearen helburua, horrelakoetan, irakurlearengan olerkiak oihartzuna laga dezan izaten da. Harridura, hitzen bihurgune ederrak, zalantzaren hazia aipatuko nituzke oihartzun horien adibidie gisara. Horrela, modu ezberdinen bidez saiatzen da idazle gasteiztar-oñatiarra (izenburua); errimak kasu. Errimak libreki ulertuta, metrikaren legeak —horrela esanda, nork ez— bete gabe idatzitako poemak direlako. Errima hori bada, olerki batean edozein bi lerrotan egon daiteke, irakurlearen belarrien esperoan, irakurlearen belarriak aintzat izanik idatzitako testuak baitira liburukoak, abesteak komunikazio-zubiak luzatzen dituela azalduz. Oihartzunaren jazarpen horretan aipatzeko beste bide bat hitzen bihurguneen ildoari jarraitzen diona dela nioen. Labur izaeraren ondorio edo kausa hitz bakoitzak pilatzen duen garrantzian datza. Markuletaren hitzak esanahi eta norabide bat baino gehiagotan zabaltzen dira, hitz-jokoetan bihurritu adiera ezberdin posibleen bila. Hitz edo ahapaldi baten inguruan espiral batez bezala olerkia korapilo sortzailetik askatuz, norabait iristen diren olerkiak, eta sarritan, norabait hori, helmuga beharrean, irteera da; hala nola galderak darabilzkienean. Orduan, erantzuna irakurlearengan pizten den zalantza edo hausnar-bidea da, arestiko oihartzuna. Ironia ere beharrezkoa da kasu hauetan, idazkera laburrean diot, eta horrezaz jakitun, sinesteko gutxi duenaren —eta izatekotan, norbait zerbait baino areago— begiradaz, irribarre ozpin eta gazien kidetasuna helburu duten ziriak utziz.

Bestetik, komen erabilera aipatu beharrekoa dut. Sarritan aurkituko ditu irakurleak erritmoaren etenak, arnasari tartea emanez, isiltasunari. Koma bakoitzean ñabardurak gehitzen ditu poetak, olerkiaren azkenera iristeko bidearen pausuen gisan.

Lehenago begirada aipatuta, Markuletarena lasaia begitandu zait. Samurra maitasunaz ari denean, hiztegi tragikorik gabe, mina agertzeko bestelako moldeak erabiliz. Une ttikiei erreparatuz, sugar baino, txingar. Bizitza, edo heriotza, edo jaio eta hil arteko tarte honetaz ari denean, eszeptizismora jotzen du ordea. Sinesteko gutxi, bizitzearekin nahiko. Eta ezinegona sortzen diona, edo egona bera, idaztea eta haren inguruko kezkak agertzen diren testuetan topatuko du irakurleak. Literatur-asmoz, poliki idaztea ulertuta, beteriko orriak dira eskuartekoak. Horrela, aipatu oihartzuna, hari finez josita izan arren, Cortazar, Monterroso eta enparauen itzulpenean trebatu den jostun abilaren eskuaz, zabaltzen zaigun hitzen oihalean, ke-firuen antzera desagertzen da, kedar iraunkorrik gabe, une baterako baidaide atsegin. Adiorako, nola ez, erraza zen; egia honek ez du besterik kentzen.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak