« Edo ez | Espekulatzeko istorioak, gure historia nola —euskaldunona— »
Hiri gorazarre / Juan Ramon Makuso / Elea, 2006
Hiri gorazarre Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2026-06
Bidaiatzea ez da helmugara heltzea, bizitzeko irakaspena baizik. Bizitzea ere ez da hiltzera iriste hutsa, ongiaren eta gaizkiaren arteko orekari eustea baizik. Tarteka, haizea kontra dugula ibili behar izaten dugu; marteka, alde. Tirainak ere ez du etsiko noizbehinka gu urperatu arte, are itolarrian egon arte ere. Baina hori ere bidaiaren atal saihetsezina da. Eguzkitan zein euripean, ekaitzarekin nahiz bero sargoriarekin, bidaiatzeak merezi du. Ez izan beldurrik Poseidon hiratuari.
Hiriak ere baditu berezko arriskuak. Lestrigoiei eta Ziklopeei aurre egin behar izaten diegu, gau eta egun. Estetikaren eta etikaren baitan eraikitzen ditugu arima eta gorputza, hiriak eta hiritarrak. “Estetika eta etika / gizakiaren haitzuloetatik / uztarriaren alboetan. / Arima eta gorputza / bizitzaren, adarraren / zauri kulunkatuak”. Haitzulotik ateratzeko beldur gara, ez kanpoan dagoenaren beldur garelako, egon daitekeenaren irudipenak izutzen gaituelako baizik. Oroimena, batzuetan, beldurraren lagun mina da. “Orainean ditut oroimenaren talkak”. Baina itzalaren irudiak susmoa eraikitzen laguntzen digu, onerako zein txarrerako. “Arrotzak dira kaleak San Franciscoko munduko hiritarrentzat / kaleek ez baitute gerizperik txanponik gabeko poltsikoentzat”.
Antzinako hiri zaharretan, polisetan, hitzari plaza bat egiten zitzaion, agora bat, hitza aintzat hartzen zelako eta guztiena zelako. Hiritarren hitza ez zen tabernetan soilik entzuten, eta, batez ere, entzun egiten zen. Horrela hedatzen baita kultura, estali gabeko foro publikoetan, haizeak urrutiraino zabal ditzan pentsamenduaren solas gardenak. Argia behar da itzala egiteko, baina argiari tartea utzi behar zaio ilunak jotako hiri laiotzetan egunak ere badirela oroitarazteko, eguzkia ez dela telebistan noizbehinka ageri den iragarpen soil bat sinetsarazteko. “Polisetan, agoran, / hitzak zuen bere gotorleku. / Eta guda buztina zen. / Buztinezko inperioak sortu dira. / Hirian ez dago kulturarik. / Soinuaren kultura, zarata”.
Beti bizi gara orainean, nahiz eta orain ez bizi lehengo toki berean. Orainak ere badu bidaiatzeko ahalmenik, poetaren gomutaren bitartez. Eta oroitzapenak batzuetan zaratak asmatzen ditu iraganaren pisua arintzeko, edo erabakiaren zama zuritzeko. Baina oroitzapenak badaki zaratak isilarazten ere, harkaitzera lotzen gaituen katetik askatu ahal izateko. “Kaleko zaratak estaltzen du / larunbat gaueko inkomunikazioa. / Koldo Mitxelenaren whisky basoak / ongarritzen du ene poema isila”. Aspalditik jabetu gara, ostera, gizakiaren txikitasunaz herioaren handitasunaren aldean. Eta bakardadea inoiz ez da bakardade osoa kontzientzia lagun dugun heinean, norbait begira dugula jakin ez dakigunean. “Oinezkoen kaleak / Oinezkorik gabeko kaleak dira”.
Horrez gainera, hiria basamortua ere bada sarri askotan, anabasaren eta harrabotsaren erdian. Eta hiria, halaber, daudenen eta ez daudenen izenez osatzen da, biztanleria ez baita neurtzen erroldatze-ziurtagiritan, batzuen herriminean eta besteen ihesean baizik. Hiritartasunaren mugak norberak zehazten ditu: civitas. Nongoa eta nongotarraren arteko desberdintasunean oinarritzen gara. “Herrigabeak daude / baina hiri hiritartasuna / nik / badaukat”. Paperak ezin dezake erabaki gu nor garen. Bitxia da komunikatuak izatea nagusi inkomunikazioa nagusitu den garaian. Baina joanaren eta etorriaren ibilbidean barrena, aberria atzerri bilakatzen dela ohartzea ez zaio samurra suertatzen bizilagun malenkoniatsuari: “Atzera egiten du herriak / eraikitzean ene atzerria. // Zergatik asmatu aberriak?”.
Hiriak, bestalde, begiradaz josita daude. Irribarreak garesti saltzen dira, eta begiak lurrera zuzentzen. Goibel, presati, serios dabiltza ibili heldu gehienak hirietako kaleetan zehar, euren bizitzaren atsekabeari aurrez aurre begiratzeko indarge. “Ez dut irribarre bat / ezpainik gabeko aurpegian. / Diotenez heriotzak ez du leihorik / ateak zabal-zabalik dituenean”. Aitzitik, inor ez doa biluzik karrikaren hutsune luzeetan. Kolorez janzten ditugu egunik ilunenak, itxaropenaren egiari aukera bat ematearren. Odolaren gorriz margotzen ditugu bestearen ezpain beluriak. “Kolorerik gabe biluzik / dira formak”. Heriotzak ere beltzez margotzen ditu hiriak hornitzen dituztenen bizitzak: “Kaleen arteko fabrikek pozten zituzten gazteen patrikak, / biriken arnasetan koadro beltzak margotuz”.
Maitasuna ere hiriko kantoirik ospelenean egon daiteke. Karrika zeharkatu behar da amodioaren aukerari jaiotzea ahalbidetzeko. Ibilian-ibilian, bidaian maitatzen ikas dezakegu, eta maitatuak izaten, batak ez baitu bestea beti bermatzen. “Maitasuna kandela / bat da, haizeak / itzaltzen badu / ez zen maitasuna”. Gizakiaren kontzientzia biluzik ibili ohi da, nahiz eta gu mozorrotzen saiatu behin baino gehiagotan. Orbelak agerian utziko du, amairik gabeko udazken orotan, gizakiaren kontzientzia biluzia. Umetatik hasten gara gure kontzientzia janzten, ohartu gabe hasieran, eta ezagueraz beranduago. “Biziaz maiteminduta gaude. / Lagun mina, bizi mina, minbizia, maitemina, / mina ematen al didate?” galdegiten du poetak, eta baietz erantzungo nioke, Saforen hitzak gogora ekarriz, maitasuna, eta bizitza, finean, gozoa eta mingotsa baita, bidaia bera bezalatsu.
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Epilogorik gabe
Elena Sanchez
Maite Lopez Las Heras
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo