kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Bacchabunda (Catulus-en omenez) / Luigi Anselmi / Pamiela, 1992

Bacchabunda (Catulus-en omenez) Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2024-06

Klasikontzia edo, txukunago esanda, klasikoetan aditua edo zalea ez denak nekez uler dezake izenburua bera nahiz poema ia gehientsuenen hasierako latinezko aipuak. Zinez merezi du, ordea, originaltasunagatik ez ezik poetak gai iradokitzaileez aritzeko duen trebetasunagatik ere itxuraz hedonistak diren poema hauek irakurtzea; alegia, egileak lagunak eta irakurleak (batzuetan pertsona bera izan daitezkeenak) eramaten dituen munduak ezagutzea; bere “pitokeriak” finean, Anselmiren hitzetan.

Izenburuak, bada, Bako dakarkigu gogora ezinbestean, Greziako Dioniso jainkoa, alegia. Horrexegatik, hain zuzen, ardoaren gaia errepikakorra da liburuan zeharreko poema askotan, baina izan daiteke ginebra eran ere. Eta horrexegatik, bestalde, litekeena da primadera estaltzen duen hilarri zabala baino ez den hiriaren izena ere Vinogrado izatea, Jon Juaristik bere Bilborako asmatutako izena, alegia.

Azpitituluko parentesiak gehiago argitzen du, halaber, egileak liburu hau ontzeko edan duen iturburua zein izan den, Catulus poeta latindarrari egindako omenaldia delako. Katulo Epikuroren jarraitzailea zen, eta Lesbia maiteari idatzi zizkion poema lirikoak; Anselmik, berriz, ez dagoen amorantea aipatuko du behin baino gehiagotan, loti ederrik gabe hutsik dagoen ohe hotzean sartu behar duenean, kasu, edo izterren arteko atearen gabeziaz jabe denean, edo gauez inor agertuko ez den biltokira abiatzen denean.

J. E. Urrutia Kaporen irudiek ere aipamen berezi bat behar dute, poemen osagarriak baitira, elkarren lagunak, eta oso ederrak. Horietako bat, adibidez, Eduardo Gil Bera euskal idazlearena da.

Kultura klasikoaren haria eten gabe, idazleak tarteka mitoetara jotzen du, eta ederki uztartzen ditu bortitzenak eta ankerrenak arinagoekin batera. Zauri larria ukendu dionisiakoz sendatzen du, eta zuloa bakanalez betetzen saiatzen da, ahal den neurrian bederen.

Ez da beti horrela izango, ordea, poetak sarri hartzen baitu tragikoranzko bidea, batzuetan ironia dei diezaiokegun umorez josia, hiri mortuaz ari denean batik bat. Hiriaren eta gauaren sinboloetara ere maiz jotzen du. Arlotez jantzitako usoak, gaueko zikinkeria, lohikeria eta arratoi-saldo eskergaz betetako hiria, bertan bizi eta, menturaz hiltzen delako jakitun den Bilbo, hain zuzen. Txoriaren goizeko gosea eta iluntzeko unadura doinu ilunagoz abesten ditu behiala tristea izan zela aitortzen duen eta zaratarik atera gabe hilko dela jakinaren gainean dagoen poeta itxaropentsuak.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak