« Historia aurrera begira | Antena parabolikorik gabeko etxearen gaineko parabola »
Ilunetik... argira / Arantza Aldalur / Egilea editore, 2013
Ilunetik… argira Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2024-10
Lau atalez osaturiko poema-liburu honetan, Arantxa Aldalur poeta azkoitiarrak ilunetik argirako ibilbidea egiten du, malkoen hezetasun gazitik itxaropen idorreranzko bidaldi gazi-gozoa, alegia. Jaiotza bera izan daiteke, esaterako, ilunetik argirako bidea, ondorengo bizitza izango dena bera bezalaxe. Eta bizitzak asko duelako gazitik, ugariak dira malkoz eta itsasoz bustitako poemak; baina, gozotik ere baduenez, kanpoko euriak blaitzen ditu maiz behinolako maitearen oroitzapenak.
Maitasunak berezkoa du nortasuna, geure ahalmenaz gaindi, gizaki guztiok baikara berdin xumetasunean, hutsaltasunean, poetaren ustez. Azkenean, berak gogoratzen digunez, denok gara ume. Eta etengabea da oroitzapena, bizitzan, azkoitiarraren poesia-liburuan bezain, galdutako maitearena batez ere. Norbait maitatzeari uztean, desagertu egiten baita, txalupa baten eran, gezurra ez bezala, haren pisuak luzaroan baitirau maite izan duenaren gogoan. Gezurra esatea askotan egia irenstea da, baina batzuetan gezurra eta egia elkar nahasten dira, eta halakoetan, kanpotik barrurako eta barrutik kanporako itxuraldaketa egiten dugu, sugeak azalberritzen diren gisan.
Maitatzeko nahiak, bestalde, min ematen du. Maitea berniganatu nahi izateak, berriz, geure buruari min ematen jarraitzea da. Eta negarrak badu denborarik: mindu ordukoa eta mindu ostekoa. Min hori, ordea, norberaren etsaitasunetik etor daiteke batzuetan, halakoetan ezinezkoa baita besteek alai ikustea. Barruko tristura estal dezakeen kanpoko dirdirarik ez dago. Inoiz maitatzeari utzi ez dion maitalea iluntasunean ari da erantzunaren bila, gauaren belztasunaren izarra balitz bezala.
Minaz ari da, beraz, ia etenik gabe Aldalur, gogoetaren arnasguneak noizbehinka tartekatzen dituelarik, urrina bezain sarkor eta ahaztezin, oroiminak baduela atsedenerako tarterik oroitarazteko. Orobat, gomuta mingotsa izan arren, hobe dela gogoeta ezereza baino azaltzen digu poetak asmakizun itxurako hitz-jolasen, errimen eta aliterazioen bidez. Maitearen urruntzeaz dihardu sarri, haren aldentzeaz, askotan biak batera doazelako, edo bat direlako, marinelak itsasoratzerakoan bezalatsu, amak eta emazteak malkotan geratzen diren hein berean. Etorkizunean inoiz ahaztuko ez dugun abesti bat ere izan daiteke joandako maitearen biziraupenaren seinale betierekoa. Elkarrengandik aldendu ondoren, noizbait elkar maite izan dutenek bata bestearengan irauteko joera dutela baieztatzen digu, eta maitearen gogoeta aurkitzea zailagoa dela malkoa aurkitzea baino itsas barrenean.
Bizitza itxaroan aldentzen zaigu; itxaropena, hain zuzen, itxaroan egotea delako. Eta bizitza denboraz osatzen denez, toki oro ageri den haren irudia denborak baino ez du lausotuko. Pozik egoteko, daukagunarekin bizitzen jakin behar dugu, ez eduki ahal izango genukeenaren errukiarekin edo izan zitekeenaren bihozminarekin. Beste bat maitatzearen onarpena izan daiteke ilunetik argira egiteko lehen urratsa, eta onarpen hori, hain justu ere, maitale gisa egin daiteke, edo maitatua izan denaren azaletik.
Amodioa, finean, lotura bilaka daitekeelako, poetak hausnar egiten du bigarren aukeraren erreguaz eta horrek sor dezakeen zalantzaz. Askatasunaren bilaketan, ihesa da maiz irtenbidea, batez ere elkar ukitzen ez duten bi maitale direnean, marearen pare, kointziditu gabe elkar ukitzen dutenean. Eta heriotza jaiotzetik hasten denez, amaierak hasiera behar du, osterantzean kaosa bailitzateke. Hortaz, malkoz eta esperantzaz bustitako poemak ondu ditu Arantxa Aldalurrek, batzuetan geure buruari egiten dizkiogun galderak aldatu besterik ez dugula gogorarazteko, erantzun bat aurkitzeko.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez