« Azalberritze bat | Soinuen dantza »
Oroimenaren xaflakortasunaz / Paloma Rodriguez Miñambres / Erein, 2019
Oroimenaren xaflakortasunaz Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2025-02
Haurtzaroa oroitzapen bilakatzen denean, postal baten gisan datorkigu gogora, baina ez beti berri onekin. Umezaroko lekuek eta batez ere ezlekuek osatzen dute izango garen helduaren zimendurik sendoena, kreatura beldurgarrietan sinetsiko duen heldua eraikiko dutena. Ume izatetik heldu izaterako mudantzan, asko dira bota beharreko egiak, beste norbaitentzat baliagarriak izan daitezkeenak. Horien artean mamuak, memoriako maizter agnostiko eta agonikoak, inoiz guztiz hiltzen ez direnak.
Bizitzaren epikotasunean, heroiek bezainbesteko protagonismoa dute antiheroiek, nahiz maitale edo poeta. Haatik, Ponpeiako lupanar bateko hormako grafitiak maitasun epikorik ez dagoela gogorarazten digu. Maitasunak, uste genezakeenaren kontrara, eta paradoxikoki, hurkoengandik urruntzen gaitu sarri askotan. Erotikaren eromen kaotikoa baita munstroa gordetzen duen bizitza deritzogun labirintoa, edo amodioa, askatasunaren eta aldi berean gatibutzaren muina eta helburua.
Maitasuna, bestalde, galeraren, ahanzturaren eta hipokondriaren hariarekin jositako oihala da, eta gu, labirintoan galdutako izakiak garen heinean, noizbait maitale eta maitatu izan den izaki gisa, Penelope. Hala gertatzen da, poeta bilbotarraren ustez, batez ere maitasuna obsesio bihurtzen denean, orduan hasten baikara desioen erregutzaile izaten. Horrez gainera, maitatzeko ausarta izan behar da, edertasunaren hauskortasunari muzin egiten dion maitaleak atsegin baitu porrota.
Halarik ere, ninfak jeloskorrak badira, jainkoez mendekua hartzeko da, baina jainkoek ez dute beti errukirik izaten eta mintzeko aukera asko dauzkagu. Galdetu bestela Didori, Kartagoko erreginari, Eneasek bakarrik utzi eta Erroma izango den hirirantz alde egiten duenean, ez al zuen min-ziztadarik izan. Begi-keinu baten atzean otsoak ezkutatzen direla ohartarazten digu Blas de Otero Bilbo Uria XI. Poesia Lehiaketaren irabazleak.
Argi ibili, beraz, maitaleen liburu gomendioekin edo euren burua salbatzailetzat duten hautagaiekin. Amodioaren mapan ulermenaren bidea lausoa izaten baita. Zahartzaroaren mapetan, berriz, letra txikian agurren kartografia ugariak pilatzen dira, senitartekoenak batez ere, mingarrienak, edo ahaztezinenak. Kartografia horren letra txikiak izango dira, hain justu ere, oroimena galtzen ari den amatxiren mutazioa edo poetak, berak eskatu gabe, aditzen ez zuen anaiaren zaintza edo aita hilarekin telefono elkarrizketak asmatzen dituen alabaren salmoa. Eta zahartzeaz bat maniak ere ugaritzen eta betirako txertatzen zaizkigun bezalaxe, ohitura horiek bihurtzen zaizkigu babesleku.
Baina bada letra txikirik beste mapetan ere. Galderez jositako kartografiak dira: poetaren izaeraz edo betierekotasunaz itaunka ari direnak, hain zuzen. Lolita ala Errauskiñe, hortxe dago koska. Aitor dezagun behingoz, hortaz, oroi-aferak konponezinak direla, eta bizitza izan daitekeela lore bakartiaren sekretuaz jabetzea, malenkonia ukagaitza dela barneratzea, lur mitikoetara ez daraman tren bidaia bat, ezlekuen akordu bat-batekoa eta ustekabekoa, edo akaso oroibide huts bat. Neurria desira da.
Zahartzaroaren ispiluaren aurrean, objektu galduak ikusiko ditugu, gure mapamundi inperfektuaren laburpen zuzen gisa. Baina geure buruari galdetuko diogu, nor da ispiluaz bestaldeko munstroa? Zer da, oroimena? Nork ez du paradisuan sinisteko premiarik? Azkenean bizitza zorioneko paisaien bilduma bat besterik ez da. Halabiz.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi