kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Birika zatiak / Xabi Borda / Susa, 2004

Birika zatiak Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2025-07

Medikuaren hitz-jario hotzaren arabera, birikak arnas-aparatuko organo nagusiak dira; poetaren barrunbe geldigaitzaren arabera, berriz, sentimenduak besarkatzen dituen bi babes puska. Bihotza estutzen duena ez baita estutuaren gehiegikeria, nahitaezko zatien hutsunea baizik. Asfixia kanpotik ere etor daiteke; kanpotik dator batez ere; eragile ikusezin bezain susmaezinetatik sarri askotan. Baina gogoa digu itotzen, bizitza bera, eta estualdiari ihes egin ezinean biltzen ditugu indarrak aurrera egiteko, elkar ulertzeko, norbera eta bere burua konprenitzeko, alegia.

Hotza azalean senti daiteke, baina ez bakarrik, baita askoz sakonagoko oroitzapenetan ere. Bizitzea begiak zabaltzea denez, egiaren gezurraz ohartzea da, eta batez ere hura onartzea: “minez begiak zabaldu genituen / estreinakoz egia batzuk ikusiz / egiak beren buruaz beste egiten”. Minak zuzenean jotzen du itxuraz sinplea baina egiaz sentibera den gorputzaren atalera, egonkortasunaren tenperatura egokia ez denean.

Ia dena jan dezakegu. Orojaleak gara izatez. Baina noiz ahaztu dugu birikarik jaten ez dugula? Halere, ahanzturak berak laguntzen du maiz, lauso dagoen egoera garbitzen, hutsik dagoen kikara kafez betetzen edo balantzaz urri dabilen itsasoa gazitzen. Askotan, dena eman dezakegu, baita ez daukaguna ere. Eman dezakegu ezereza, inork eskatu gabe, edo jar dezakegu poza atseginez onartuko duen aldarearen gainean. Batzuetan, eskain dezakeguna arnasa baino ez da, edo geure egiten gaituen mugimendua: “ez dinat / hiri emateko ezer / mugitu behar hau ez bada / nori errendatu ez dakidan / zirkin hauek ez badira”.

Ez da erraza bereiztea zerk eragiten duen zer: gaixotasunak ahuldadea ala alderantziz. Ez da samurra makaltzen gaituenari barkatzea. Zauriarekin bizitzea da lehenbailehen barneratu beharko genukeen jakintzagairik nagusiena. Zauriak beti egongo direlako, odolez hustuak, edo arnasez estuak: “zure lurrean odol tanta bat lodia / zure zauritik mailubi bat gorria”.

Zerua odolustu daitekeen gisa berean alden daitezke etorkizuneko damuak bilakatuko diren abaguneak, eta pertsonak. Nekez egin daiteke aurrera oinak geldirik eta borondatea asaldatu gabe. Bi bakardaderen batuketak izu ugari uxa ditzake. Baina beldurra oztopo denean “aise asetuko dira egarri diren padurak / petalo bakarreko loreez estaliko ordekak”.

Norberaren arnasa maite duenarenaren erritmora moldatzea, hots, arnasketak bateratzea eta elkarren gurariak konpasatzea zoriontasun iragankorra da, bide bazterrean aurkituko ditugun birika zatiak, besterik ez. Maitasuna, funtsean, metrika kontua baita. Galerak, gehienetan, aurreikus daitezke, edo behintzat susmatu; ekiditea da zailena. Mina saihestea, aitzitik, ezinezkoa da, eta kaltegarria osasunerako.

Eta onartu behar dugu, birika batek bestearen presentzia onartzen duen hein berean, ez gaudela inoren bakardadea betetzeko, bakardadeak berak bakarrik izan behar duelako, bere izatea ametitzen badugu bederen. Erradiografian, medikuak ez du birikarik ikusiko, airez beteak daudelako, gaixotasuna baizik. Poetak, aldiz, hodeiak ikusiko ditu, eta beteko zaizkio eskuak negu-malutaz, “elurra ari du zainetan / bil nazazu mina egosi arte”, eta helduko da negua eta birika-bilketarako sasoia.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak