kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Sano erradikal / Isabel Diaz / Alberdania, 2020

Sano erradikal Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2025-09

Emakumetasunetik ari zaigu Isa Díaz poeta bizkaitarra bizitzaren irrintziaz kantuan. Egilea lehenengo pertsona pluraletik ari zaigu, bada, deseraikitze bidearen norabidea erakusten Sano erradikal poema-bilduman. Eta sano hitzaren lehenbiziko adierak osasuntsua esan nahiagatik, Díaz ez da ari liburu honetan preseski emakumearen egoeraren osasun onari buruz, kontrakoa baizik, hots, emakumezkotasuna erabatekotasunez bizitzeko aukerari buruz ari da aldarrika.

Hortaz, poetak emakumetasuna balioan jartzeko olerkiak ondu ditu aipaturiko liburu horretan, era oso erradikalean, izenburuaren izenkidea den poeman adierazten duenez: “Eta bai, elkartasuna jorratu: / elkar zaintzea / elkar maitatzea / elkar onartzea / jendarte berri batentzako ongarria”. Lehen begi-kolpean oso baieztapen errazak diruditen arren, eskarmentuak eta aldarriaren beraren beharrak jendarte berria eratzea nekeza dela erakusten dute.

Jendarte sanorik ezean bizitzak merezi ez duela berrestea, aldiz, gehiegikeria izan daiteke, baldin eta jendarte sanoa zer den zehazten ez bada. “Samurtasuna sendo sustraitzea / jendarte sano horretako humusa” dela adierazteak ez du bermatzen harremanen osasun ona. Harremanak, horizontalak izanagatik, konplexuak direlako eta emakumetasuna balioan jartzeko jorratu beharreko elkartasuna elkar zaintzan, maitasunean, babesean eta onarpenean oinarritzen baldin bada, emakumeen artean zein gizon eta emakumeen artean ere izan beharko lukeelako. Erradikaltasuna, hain zuzen, jokabide onuragarrian errotzen dela esango bainuke, genero guztien artean, berekoak eta bestekoak, alegia.

Horiez gainera, erruduntasuna ere ageri da eta emakumeen gerra aldaezina: “eta bortxatu zuen neskatoa / eta apaizak esan zuen / errua amarena zela / ez zaintzeagatik alaba”, emakumearen gorputza gudu-zelai gisa. Oraindik askatu gabe baitaukagu emakumearen eta zaintzaren arteko loturaren korapiloa; are emakumearen gorputzaren erabilera sozialaren ikuspuntuaren kate estua ere.

Bizimodu komunitarioaren aldeko bertso-lerroak dira Díazenak, ahizpei egindako dei zuzenak erreminta eta erreferente izan daitezen (edo egin gaitzaten, edo egin gaitezen) eta singularretik pluralerako joaneko ibilaldiaren oihu esoterikoa. Eta hala eta guztiz ere, bizitza ederra ere badela egiaztatzen du egileak: “eta zorionekoa ni, / gure adarrak gurutzatu direlako / erreka egiazko honetan // eta bai, / egiazki bizitza ederra ere bada. // Benetan”.

Gizonari ere laudoriozko poema bat eskaintzen dio Gizon berriaren panegirikoa izeneko olerkian, maskulinitate eredu berriak eraikitzen laguntzeko eskaera moduko bat. Poetak ez du barkamenik eskatzen, aitortza eta erreparazioa baizik, egindako urteetan emakumeek musu-truk egindako erreprodukzio eta zaintza lanagatik, besteak beste. Halaber, heteronormatibitatearen etikatik kanpo, festarako deia egiten du gibelsolasean, deseraikuntzarako aho-korapilo festa bat.

Solas arteko ipuinarekin ixten da poema-liburua hausnarketarako lagun izan daitekeen itaun pare batekin: hitzek oroimenik ba al dute? eta, nora garamatza denborak, barrura ala kanpora? Azken solaseko asanbladarako deiak adierazten duen gisan, denok gaude hitza hartzera gonbidatuta. Har dezagun, beraz, guzti-guztiok jendarte sanoaren sustraiak egokiro ureztatzeko engaiamendua lehenbailehen.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak