« Estekamenduaz | Unibertso bat paperezkoa »
Rifqa / Mohammed el-Kurd (Eider Beobide) / Katakrak, 2024
Haserrea luxua denean Ibon Egaña / Deia, 2024-10-19
“Nakbaren berrogeitamargarren urteurrenean jaio nintzen”. 1998an erditu zen Mohammed el-Kurden ama semeaz, ospitalearen atarian askapen kantak entzuten zirela. Jaiotza-egunaren sinbolismoak are bistakoago egiten ditu idazle palestinarraren eta bere familiaren bizitza markatu duen testuingurua zein historia: okupazioarena, kolonizazioarena eta sarraskiarena. Jerusalem Ekialdeko Sheikh Jarrah-n sortutako idazle eta kazetariak 2021ean ingelesez argitaratu zuen Rifqa poema-bilduma eman du argitara Katakrak argitaletxeak, Eider Beobide Urkizarrek euskaratuta. Aurten euskaratutako Adania Shibliren Detaile xume bat nobelarekin batera diptiko aparta osatzen du el-Kurd-en argitalpen honek. Shibliren lanak bezala, Rifqak ere egungo sarraskiaren urruneko erroak eta orainaldia ondoz ondo irakurri beharra gogorarazten digu, nortasun indartsuko ahotsez.
“Hemen, urrats bakoitza hilobi bat da, / amona bakoitza Jerusalem bat da”. Rifqa zuen amona poetak, 2020an 103 urte zituenean hila. Nakba aurreko sasoiko Haifan sortua, Israelen okupazio eta erbesteratze behartua baino lehenagoko sasoiaren lekuko bizia da Rifqa, baita erresistentziaren eta borrokaren subjektu ez ezik haren sinbolo ere. Egia ur-azaleratuko den esperantza gorpuzten du amonak, okupazioa eta erbesteratzea amaituko den egunarena. Hari eskainia da liburuko poema luze eta ederrenetakoa, eta haren ahotsa, eskuak eta urratsak han-hemenka ageri dira poema-liburuan barrena, halako moldez, non amona gorputz-haragizkoak eite mitikoa hartzen baitu ia, nola duten izaera mitikoa zenbait espaziok ere, esaterako Jerusalemek. Eguneroko albiste ankerretan (demagun: Israelgo armadak futbolean ari ziren lau ume hil zituen hondartzan), gertaera historikoetan eta testuinguru sozio-politikoan errotutako poesia da Rifqa liburukoa. Baina el-Kurden testuek transzenditu egiten dute lekukotasuna eta aktualitatea, beste tenporalitate eta espazialitate batzuk direlako poesia honenak, sinbolikoaren eta narratiboaren artean dabilelako saltoka.
“Poemek ez dute etxe bat eraikiko”. Bortxazko etxegabetze eta erbesteratzeen oihartzuna dakar etengabe liburuak. Gutxienez erbeste hirukoitz batena: amona Haifatik kanporatutakoan hasitakoa, Sheik Jarrah-ko famili-etxearen kolonizazioarekin jarraitu eta Atlantako erbestean behin-behineko amaiera duena. Inon aske sentitzen ez den ni baten, inoiz etxerik izango ez duen palestinar baten oihua entzuten da orriotan, eta espazioak beraz, ez du dimentsio ohikorik, nongotasunaren sintaxia ere bestelakotu egiten du el-Kurd-ek: “Nongoa naiz Jerusalemekoa?” galdetzen duenean.
“Masakreaz hitz egin dut festan”. Jai-izorrantearena da poetaren posizioa. Lekuz kanpo eta garaiz kanpo hartu behar du hizpide Palestina eta sarraskia AEBetan eta Mendebaldean idazleak. Ahots disruptibo bat da el-Kurd. Amorrutik mintzo da biktimaren lekutik bainoago, haserrerako eskubiderik aitortu ez zaion herriaren ahotik. Eta irakurleoi amorru horrek eztanda egiten digu sarri poemen amaierako lerro bortitz eta gogoangarrietan. Espazio-denboren logikak bezala, sintaxiarenak, logikarenak, narrazioarenak maiz hausten ditu ahots poetiko horrek. Hitzen arteko hutsune mutu eta enigmatikoek eten egiten dute maiz zentzu arrunta, herrialde zatikatu eta gutxiagotu bati forma poetiko zulatu bat eraikiz. Elipsi eta hutsune horiek hein batean argitzera datoz liburuaren amaierako prosazko testuak, orobat ederrak, non bere postura etiko-politiko eta estetikoaz eskaintzen baititu zenbait gogoeta.
“Hirurogeita hamapiko urte beranduago / ez gara egun bat ere bizi izan”.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi