kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

...eta gauetik, euria / Fertxu Izquierdo / Pamiela, 2023

Aterpe bila Nagore Fernandez / Berria, 2024-06-16

Aterpe bila dabil Inaxio, Fertxu Izquierdoren …eta gauetik, euria nobela mardulean zehar. Hasieratik bertatik Pablo Escobarren hilketak ainguratuko du irakurlea liburura, eta 1993ko Iruñeko testuingurura eramango. Bertan, etengabeak izango dira liskarrak, piketeak, derrigorrezko zerbitzu militarrari planto egin eta gazteen intsumisioak, kaleratzeak, gau-giroak. Ur-laster horien artean ezagutuko dugu Inaxio protagonista bera ere, bere kide diren Amaia, David, Luis, Rosa eta enparauekin batera, gizarte-gatazka horietan buru-belarri, klase zapalduaren alde.

Askotariko arte adierazpenek, musikak, zinemak girotzen dute obra, baina esango nuke bereziki poesiak ematen diola protagonistari eurite horiei guztiei aurre egiteko aterkia. Gabriel Arestik esan zuen bezala, “Esanen dute hau poesia eztela, baina nik esanen diet poesia mailu bat dela”. Eta iruditzen zait hori bera ezkutatzen dela nobelak dakartzan hitzperimentuetan ere, errealitatearen latzari aurre egiteko estrategia estetiko eta politikoak. Hortxe dago, hain zuzen ere, liburuaren indargunea, guztiaren gainetik aipamenez eta kulturaz betetako obra bat delako, eta igartzen da horretan idazleak, ikerketa-lan temati bat egiteaz gain, baduela nahikoa eskarmenturik ere. Fikzioz betetako nobela bat izanagatik, eta, are, maiz, zentzu batera, zientzia fikziozkoa ere, errealistatzat etiketatuko nuke duda barik. Artefaktu fantastiko horien guztien gainetik 93ko giro nahasgarrian, krisian eta liskarretan bertaratzeko trebezia erakutsi baitu Izquierdok paisaiaren, pertsonaien eta gatazken girotzearekin; hortxe dago obraren muina. Guztiz sinesgarriak egin zaizkit eszenak, guztiz errealak Iruñeko lanbro eta izotzak abenduan, tabernetako neonak eta Ducadosaren keak; postmemoriaren belaunaldikoa naizen honek asko eskertu du obrak eskaintzen duen memoria puskatxoa.

Aitortu behar dut, ordea, Izquierdoren estiloak ez nauela horrenbeste konbentzitu. Idazteko moduaz, erabilitako hizkuntzaz eta poetikaz ari naiz. Hainbat akats aurkitu ditut liburuan zehar, ergatiboak faltan edo sobran, egin aditz fokalizatzailearen erabilera okerrak, besteak beste. Halako despisteek, liburuak azken orrazketa bat behar duela salatzeaz gain, irakurketatik atera naute; nire sen filologoak ezin izan die halako xehetasunei entzungor egin. Horiekin batera, gainera, narratologikoki ere asebete ez nauten hutsuneak aurkitu ditut traman: nola jakin dezakete poliziek lehen atentatuaren atzean Inaxio ere bazegoela? Bukaera zoriontsuak bai, baina ez ote da nekez sinestekoa guztiek aurkitzea euren bidea? Hutsuneak gustatzen zaizkit, baina ez dakit obra honetan ez ote dituen autoreak gehiegi deslotu korapiloak.

Balantzak alde batera edo bestera lerratu ohi dira; kasu honetan aurkitu ditudan alde onak ez dira aski izan nire balantza konpentsatzeko. Dena den, interpretazio horren atzean irakurle honen mania eta juzgu subjektiboak baino ez daude, eta Izquierdoren nobelari, objektiboki, ezin zaio ukatu memoriaren eta kultura zehatz baten transmisioan egiten duen ekarpen garrantzitsua. Ziur nago irakurle bati baino gehiagori aterpe emango diola liburuak.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak