« Aterpe bila | Parien kontakizuna »
Aingeruak eta neskameak / June Fernandez / Susa, 2024
Erraiak eta argudioak Ibon Egaña / Deia, 2024-06-22
Gizon marika askori bezala, niri ere barruak mugitzen dizkidan eztabaida da haurdunaldi subrogatuaren ingurukoa: aitatasun biologikoaren desira gauzatzeko aukera aurrez aurre jartzen digun teknologia eta merkatuari zer erantzun? Nola eta nondik kritikatu jardun hori, zure gertuko lagunen batek merkatu horretara jo duenean? Zelan erabili argudio feministak prozesu horietan parte hartzen duten emakumeei erabakitzeko aukera ukatu gabe?
Gogoz heldu diot June Fernandezen Aingeruak eta neskameak. Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak liburua irakurtzeari. Aitor dezadan zalantza puntu bat sortu zidala egileak lanaren abiapuntua azaltzerakoan botatako ideia batek: alegia, haurdunaldi subrogatuaren alde/kontra dikotomiatik harantzago joan eta polarizazioaren logika gainditu nahi izan duela. Gaia konplexua dela jakinik ere, eta jabetuagatik ezin dugula eslogan errazetan laburbildu, ez ote du gaiaren inguruko, edozein gairen inguruko posizio politikoa hartzeak nolabaiteko polarizazioa eskatzen? Hau da, gaiari sakontasuna edo konplexutasuna aitortzeak eragotzi egiten ote du derrigor hari buruz politikoki posizionatzea? Liburua irakurri ahala, kezka horri zeharka erantzuten zioten ahotsak topatu ditut: “baina enpatizatzeak ez du eragozten diskurtso politikoa egitea” (Estitxu Fernandez eta Ana Mendiak), “diskurtso konplexuak eta zainduak ehundu behar ditugu, indar politikoa galdu gabe” (Borja Muñozek). Eta pentsatu dut gaia bere konplexutasunean politizatzea izan daitekeela gakoa, enpatia edo ikuspegi-aniztasunari uko egin gabe, eta horretarako tresna ezinbestekoa dela Fernandezen liburua bera.
Tesi bat defenditzen duen saiakera baino, entzuketa-ariketa bat da liburua. Ez alferrik, Euskal Herriko 19 lagun feminista elkarrizketatu ditu Fernandezek eta ezinbestean da gaiaren trataera konplexua eta askotarikoa. Ez soilik elkarrizketatuek auziarekiko postura ideologiko desberdinak gorpuzten dituztelako, ezpada, 7 kapituluetan zehar, alor desberdinetatik heltzen zaiolako gaiari (filosofiatik, kulturatik, gizarte zientzietatik, legegintzatik, eta abar). Argudio eta diskurtso batzuk ezagunagoak egingo zaizkio irakurleari; beste zenbait atal eta ikuspegi niretzat bederen berriagoak izan dira (ijitoen posizioa, esaterako), batzuk deserosoak eta zer pentsatua eman didatenak. Gogoan geratu zaizkit besteren artean Elixabete Imazen hitzak, Indiako gestanteei buruz ari dela dioenean haurdunaldi subrogatua aurretik zituzten lanak baino esplotazio gutxiagokoa zela.
Adituei egindako elkarrizketak txostenekin, aldizkari zientifikoekin eta liburuetako ideiekin osatzen ditu Fernandezek, eta horrela iritziak eta esperientziak bestelako iturriekin kontrastatzen ditu, baita zenbait kasutan kontra-argudiatu ere. Halaber, azken urteotan gaiaren inguruan feminismoak egin duen ibilbidea ulertzeko gakoak ere ematen ditu liburuak, zehatz jasotzen baititu izan diren eztabaidak, topaketak, kongresuak edo kultur adierazpideak. Hala, haurdunaldi subrogatuaz hausnartzeko bazka ez ezik, hari buruz gure inguruan pentsatu denaren genealogia bat ere eskaintzen du Fernandezen liburuak.
Ahots aniztasuna handia izanik ere, egingo nuke liburutik atera daitezkeela kontuan izan beharreko oinarrizko zenbait ideia, elkarrizketatu ugariren ahotan jasotzen direnak: ezin dugula pentsatu auzi honetaz kapitalismo globalizatuaren markoa aintzat hartu gabe, industriaz eta merkatuaz pentsatu behar dela eta ez erabaki indibidualen egokitasun moralaz, emakumeek agentzia dutela herrialde eta testuinguru pobretuetakoak izan arren, eta familia-ereduak eta filiazioak malgutzeak lagunduko lukeela gurasotasuna beste modu batzuetan pentsatzen, besteak beste. Pentsatzen jarraitzeko mami ugari dakar Aingeruak eta neskameak liburuak.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi