« Haien izenak ere abestu ditzagun | Elkarren arteko hariez »
Metamorfosia / Franz Kafka (Anton Garikano) / Erein, 2016
Kafkaren polisemiaz Aritz Galarraga / Berria, 2024-06-02
Kontu ezaguna da: goiz batean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, zomorro bihurtuta aurkitu zuen bere burua. Zomorro beldurgarri bat: oskol antzeko bizkar gogorra, sabel konkor marroia (uztai formako gogortasunekin), zango ugariak (gainerako gorputzaren aldean mehe-meheak). “Hator, kakalardoa!” oihu egingo dio aitak, entomologo ez garenon lagungarri. Galdera litzateke, akaso: Zergatik? Zer dela eta itxuraldaketa hori? Nola interpretatu behar dugu Metamorfosia? Zer esan nahi digu Kafkak nobela labur, ustez arin, enigmatiko horrekin? Ehun urteren buruan afera ez baitago, eta zorionez, erabat argi.
Obra literario gutxi izango dira Kafkarena bezain enigmatikoak —Prozesua, Gaztelua—, eta horien artean Metamorfosia, XX. mendeko narraziorik ezagunen, editatuena, Kafkaren idatzien artean interpretazio gehien eragin dituena. Kontakizunaren kutsu misteriotsuagatik, segur aski, ukitu fantastikoagatik, protagonista intsektu bilakatzen duen antzaldaketagatik. Horiek eraginda, segur aski, egin da irakurketa ugari: teologiko, psikologiko, marxistarik. Bada, Sartre eta Camusekin batera, Kafka existentzialistetan lehena izendatu duenik, mundu absurdo baten aurkako lehian. Labur, denik eta irudimenik sukartsuenak ere asmatuko ez lituzkeen irakurketak.
Eta batzuetan funtzionatzen du, edo funtzionatzen duela ematen; pieza guztiak ondo sartzen direla dirudi. Gregor Samsa, hala, gizabanako alienatu bat litzateke, mundu modernoak azpiratua. Eleberriaren hasiera, modu horretan, lan-esplotazioaren kontrako alegatu bikain bat genuke: “Zergatik zegoen Gregor kondenatua lan egitera enpresa hartan, non akatsik txikienak susmorik handiena eragiten zuen?”. Edo irakurketa biografikoa egiteko tentazioa handiegia da, ia edipikoa, Gabriel Ferraterrek proposatzen zuen ildotik: familiarekiko eta, batez ere, aitarekiko lotura suntsitzeko saiakera bat litzateke Metamorfosia —eta gogoangarria, zentzu horretan, aitak semea sagarkadaka akabatu nahi duen unea—. Kontxo, Roland Barthesek esaten zuen hura, ezta? Garai bakoitzak iraganeko obra handiak bere lengoaia propioarekin, bere interes eta erreferentzia sistema propioarekin estaltzen dituela.
Baina, kontxo berriz, irakurketak eta interpretazioak aldatu egiten diren arren, eta, denboraren joanean, kontraesanean ere sar daitezkeen, testua beti da bat eta bakarra —editore goranahiren batek eskua sartzen ez badu, bederen—. Eta, ebidentekeria dirudi, baina ez ote genukeen edozein azalpen testutik abiatuta eraiki behar. Testu batek gordetzen duen ideia errebelatzeko joera baitago, narrazioa ideia horren itzulpen sinbolikoa besterik ez dela ulertzekoa; testua, hartara, haratago dagoen esanahi baten adierazpena baino ez litzateke. Baina testuak berak ez ote duen errebelatzen egia —eta barka tonuaren handia—. Zer diosku kasu honetan testuak? Bada, Gregorren itxuraldaketa Samsa familiaren eguneroko bizitzan sartu, ustekabean, eta goitik behera asaldatzen duela. Halako galdera bati erantzungo lioke, ondorioz, Metamorfosia-k: Zer gertatuko litzateke familia arrunt batean bere kideetako bat goitik behera aldatuko balitz?
Noski, gero literatur lan baten zentzua ez da hor agortzen. Testu batek funtzionatuko badu, bere baitatik ateratzen den irakurketa bat osatu behar da, ez kanpotik barrurakoa, barrutik kanporakoa baizik. Stéphane Mosès dator laguntzera: balirudike Kafkak berak kontzienteki kodetu zituela hainbat interpretazio posible Metamorfosia-n; istorio bat kontatzera mugatu bakarrik ez, era berean irakurleari interpretaziorako gako batzuk eskaini nahi izan balizkio bezala: psikoanalitiko, soziologiko, metafisikoa. Literatur, eta oro har arte lanen interpretazioaren arazoak obsesionatzen zuen Kafka. Haren obran agertzen da hori inplizituki —Metamorfosia honetan bezala—, baina une batetik aurrera, bilakatuko da testu batzuetako gai nagusi —Prozesua—. Metamorfosia-ren xedea ez litzateke, orduan, istorio bat kontatzea soilik, baita irakurleari jakinaraztea ere ez dagoela istorio hori mugatuko duen esanahi objektibo bakar bat. Kafkaren polisemia ez litzateke esanahi diferenteen gehiketa hutsa, baizik eta ibilbide laberintiko bat, haren lana irakurri eta berrirakurtzera gonbidatuko gintuzkeena, interpretazio aukera diferenteak eskainiz, bata bestearen baztergarri batzuetan, lagungarri besteetan, baina bakar batek ere ez duela azken hitza.
Erabat garaikidea gertatzen da, azkenerako, Metamorfosia, istorio oso ohikoa, eta, neurri batean, oso erreala, Nabokoven esanetan, Kafkaren narrazio laburren artean handiena. Aurkeztu izan denaren aurka —goibel eta tragiko—, umore pindarrak, ironia fina askatzen duena, esaldi honetan laburbil daitekeena: “Horretan pentsatzean ezin izan zuen irribarre bat gorde, larritasun guztiak gorabehera”. Horiek guztiek —polisemia ahaztu gabe, noski— egiten dute Kafkaren eleberri labur hau gaur egunean ere hain kitzikagarri.
Baden Verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres