« Maitasunaren aldamioak | Hitzei eutsi behar diegu, gure izatea atxikiko badugu »
Keinura itzuli / Elena Olave / Susa, 2022
Keinura itzuli Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2024-01
Poesia irakurtzea keinu bat da; sentiberatasunezkoa akaso. Keinura itzultzeak noizbait egondako tokia adierazten du. Izandako leku batetik joan eta atzera bueltatzea. Litekeena da, haatik, keinuak norbait gogoraraztea. Alegia, keinua norbaitena izatea eta dagoeneko oroitzapen bihurtu den horrengana itzultzea. Norbait maitatzeak haren keinuetara moldatzea eskatzen du nahitaez.
Keinua, bestalde, errituzkoa izan daiteke, hasiera berri bati ekiteko desagerrarazi beharrekoa. Deuseztu behar baita aurretiazko jestu oro hutsetik hasi nahi bada. Edalontzia hustu, gero betetzeko.
Keinua, halaber, biluztea izan daiteke, eta ez preseski gorputzarena, azalarena, edo ez bakarrik. Lotsak, askotan, ez dio pikuari uzten barneko loretxoak erakusten. Horretarako lotsa erantzi behar da eta ausardia jantzi, edo konfiantzaren haziz ereindako soroak landu. Zerbait esan edo egin ezin denean, guztia galtzen da, are keinua bera ere.
Hutsalak dira batzuetan keinurik garrantzizkoenak, ahotsa bezainbeste, isiltasuna eta murmurioa, biziraupena eta kontzientzia bermatzeko, bizikidetzaren jakituria sustatzeko.
Keinurik sinpleenak, berriz, zailenak izan daitezke azaltzen. Idazteko eszenak aukeratzea esaterako. Horretan datza poetaren begirada zolia.
Itzultzeak beste behin esan nahi du. Gurea ez den gotorlekura esaterako, ilargia bertan gordetzen delakoan. Iraganaren konparazioa izan daiteke itzulera, asko aldatu ez garela jabetzeko agian, edo batere ez ziurrenik. Askotan, itzultzea atzera begiratze soila izan daiteke, irudiei, azalerei eta pentsamenduei bukaera barea emateko xedez.
Gerta daiteke, ostera, atzera bueltarik gabeko puntu batera heltzea, jada gurea ez den toki batera, dagoeneko gure sentitzen ez dugun lurralde batera, non behin ezagututako hitzek esanahia galdu duten, edo agian ez dagoen hitzik gu izan ginena adieraz dezakeenik.
Zalantzez eta desiraz beterik gaude, edo horietaz osatuak, poemak hitz zehatz eta tonu aproposaz nola. Beldurrez eta dudaz beterik gaude, sarritan onartu ez arren, maiz ohartu ez arren. Eta batzuetan gerta liteke izu eta zalantza horiek eskuetan izatea, eta ez ariman, ez gogoan, ez bularrean, ez erraietan, geroa iragartzen duten marrak gordetzen dituen esku-ahurretan baizik.
Poema-liburuaren izenburua Chantal Maillard poeta eta filosofoaren Hariak liburuko Gaia IV poematik jaso du Olavek, liburuaren hasieran irakur daitekeen gisara. Keinu motzera, interes bakora itzultzeari buruz ari da. Nia idazketan betetzeaz, hain zuzen. Zer da, ordea, keinu motza? Nolakoa da laburra ez den keinua? Interesak ba al du gabeziarik? Izan al daiteke hutsa?
Olavek aldaketez dihardu, gorputzaren eta ekintzen eraldaketaz. Baina baita bakardadeaz ere, eta definizioez, izateaz eta desiraz. Gezurra dirudien arren, aldaketak onar ditzakegula baieztatzen du poeta durangarrak, galerak, berriz, ez horren erraz. Andaluziakoak, berriz, keinua ibilbide bat dela dio, estuario bat, gorputzak batzen diren delta bat, eztanda bat; eta gaineratzen du keinua ez dela ezeren hasiera ez amaiera, keinuan ez dagoela borondaterik, talka bat baizik; keinua ez omen da egiten, gertatu egiten da.
Bukaeran, seguruenik, ospakizun nahia gailenduko da itxaropena taupaka duen lehengo lurralde batean.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza