kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Gaueko azken expressoa / Eneko Aizpurua / Alberdania, 2023

Ur biziak Asier Urkiza / Berria, 2023-12-17

Irakurle dezente harritu zuen Eneko Aizpuruaren 2019ko Bidasoan gora liburuak. Saiakera itxurako kronika liburu hartan tradizio jakin bati lotzen zitzaion Aizpurua, nire irudiko: Mitteleuropa delako ideiaren inguruan ibili izan diren Sebald eta Magris bezalako idazleek gorpuzten dutena. Lurraldea eta identitatea, deserrotzea eta ibiliaren zentzua, saiakera hartan jorratutako gai horiek eta bestetzuk landu ditu berriz ere idazleak Gaueko azken expressoa nobelan. Oraingoan ere Bidasoa ibaia da kontakizunaren haria, hark uztartuko ditu liburuko pertsonaien patuak.

Miguel Barros da nobelako protagonista. 1974an, Salazarren diktaduratik eta bere zerbitzu militar derrigorrezkotik ihesi, Antonio lagunarekin batera Frantziara migratu asmo zuen Barrosek. Kontrabandoan aritzen ziren pasatzaileen laguntzaz muga zeharkatu behar zuten Irunen, baina Poliziaren segadak harrapatu zituen Bidasoa ibaiaren ertzean. Ozta-ozta onik atera zen Barros, Antonio ibaiko uretan abandonatuta. Geroztik, Irunen kokatuko da, damuak jota eta laguna aurkitzea beste nahirik ez duela. Narratzailea Barros bera izango da hasieran, makina bat urte geroago psikologoari mintzo, iraganean gertatutakoak aletzen. Portoko psikiatriko bateko gutuna jaso, eta Antonioren bila etxetik eskapo egin du, familia abandonatuta. Psikologoaren kontsultan, Barros ez ezik, Garbiñe emaztea, bien semea eta Gisele maitalea ere badaude. Horiek ere parte hartuko dute narrazioan, lehenengo pertsonan beren bertsioa eskainiz eta nobelari itxura polifonikoa emanez.

Ezer baino lehen, aitortu beharra dago anbizio literario handiko lana dela. Aizpuruak agertutako gaiak konplexuak dira, hari narratibo ugari aktibatzea eskatzen dute. Bidasoa, Minho, Douro eta Sena ibaiek osatutako amaraunean, hildako migrari portugaldarrak, euskal gatazka eta euskal identitatearen gaineko hausnarketa edota deserrotzearen bizimina azalduko dira, besteak beste. Izaera polifonikoak ere nobelaren mataza kiribiltzen du, ahotsok zein bere erara menderatzea eskatzen duenez. Lortutako emaitza, nire ustez, gorabeheratsua da. Arazorik handiena pertsonaion karakterizazioan antzeman dut. Pertsonaien berezko ahotsa itotzen du tarteka tonu didaktiko samar batek; enfatikoegia iritzi diot, eta narrazioaren sinesgarritasunari kalte egiten diola uste dut. Bakarrizketen berbaro etengabean esandakoaren dekantazio hobea hartu dut faltan, pertsonaien eraikuntza konplexuagoa ahalbidetuko zuelakoan. Nobelaren indargunea, aldiz, idazkeran bertan dago, Aizpuruaren grina literario harrigarrian. Prosa gihartsu eta sukartsua darabil autoreak, zeinak Barrosen itzulerako pasarteetan goia jotzen baitu, protagonista Gisele prostituta gisa ibilitako Valença do Minho auzora iristen denekoan, kasurako. Deskribapenetan dohaina ere badu Aizpuruak, tokien deskribapenetan bereziki, eta ederrak dira uzten dituen irudi asko. Esan bezala, nobela kementsua da Gauerdiko azken expressoa, gorabeherak gorabehera, ibaiaren ur bizien gisako esaldi eta pasarteak dituena.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak