kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Ararat mendiaren sumina / Yasar Kemal (Fernando Rey) / Elkar / Alberdania, 2003

Ekialdeko boza Maider Ziaurriz / Berria, 2003-10-18

Ume garaiko ipuin miragarrien harriduraz eta jakin-minez irakurtzen da Elkar eta Alberdania argitaletxeek orain elkarrekin euskarara itzulita argitaratu duten Yasar Kemalen Ararat mendiaren sumina liburua. Turkian jaio zen Yasar Kemal, familia kurdu batean, baina idazle kurdua ez ezik, kurduen idazlea ere bada; dohain berezia du, gainera, bere herriko literatura estilo bereziz jantzi eta soin apaindurik ostera ere herriari bueltatzeko eta, istorioak kontatzeko duen abilezia horrekin, mundu osoan ezagutarazteko. Hain zuzen, bere lanetan ohi duenez, eleberri honetan ere Ekialde Hurbileko sinesmenak eta tradizioa testuratu ditu Yasar Kemalek. Eta ez dira falta, noski, molde horretako kontakizunetan ohikoak diren osagaiak: gizon ahaltsu eta maltzur bat; menditar gazte ausart bat; mutilaz maitemintzen den alaba amultsua; eta, guztiaren gainetik, bi gazteen maitasun istorioa eta tradizioa itsu-itsu defendatzen dituen herri xehea.
Gainera, herri tradizioko literaturetan ohikoa denez, pertsonaiak dikotomikoak dira: batetik, pertsonaia ankerrak, eleberriaren hariak aurrera egin ahala gero eta maltzurtzenago direnak; eta, bestetik, pertsonaia zintzoak, hanka-sartzerik egiten ez dutenak eta, beren erabaki eta jokamolde heroikoen ondorioz, kontakizunaren hondarrean jainko baten pare agertzen direnak. Bestalde, pertsonaiak konta ahalak dira, narraziorako beharrezkoak direnak baino ez baititu bataiatzen eta nor bihurtzen, eta guztien artean, bada bat hezur-mamizko pertsonengandik harago dauden balentriak iristen dituena. Azken batean, epikotasun handia dario nondinahi Yasar Kemalen prosari: Homero, narrazio erromantikoak eta Indiako epikotasun klasikoa hartu izan dira Yasar Kemalen iturri gisa; ez da nolanahiko idazlea, gainera, oraindik orain eman baitiote Homero literatur saria, eta Nobel sarietako hautagai ere izan baita behin baino gehiagotan. Nazioarteko literaturan sona handiko idazlea da, beraz; bere herrian, ordea, bereak eta bi ikusi behar izan ditu, hain zuzen kurduen eskubideen defendatzaile sutsua izateak kartzela ere ekarri baitio.

Ararat mendiaren sumina eleberrian ere agertzen ditu herriaren zintzotasuna eta miseria, atzeko oihal gisa bada ere; baina, nahiz eta herriaren ahots isila agertzen duen, ezin esan berea narrazio soziala denik; izan ere, herriaren miseria bizi eta bertatik edaten badu ere, eleberrian beste balio batzuek hartzen dute indarra: tradizioa, maitasuna, duintasuna, ohorea… Funtsean, herriaren sinesmenak eta sentimenduak erakusten ditu lirikotasun handiko prosa landuaren bitartez: naturako elementuek garrantzi handia dute, eta deskribapen eta irudi aberatsez betetako hizkera poetikoa erabiltzen du.

Hitz-totela omen zen Yasar Kemal: aita meskita batean hil zioten, eta 12 urte bete zituen arte hizketarako motel geratu omen zen; kantatzean bakarrik zuen, nonbait, hitz segida korapilorik eta trabarik gabe ebakitzeko gaitasuna; esan gabe doa idazten ere ez zuela mihi-trabarik barruan zuen lirikotasuna kanporatzeko; izan ere, aparteko abileziaz josten ditu hitz kateak, musikaltasun handiko testuak iruteraino. Lan horretan, noski, euskarazko itzulpena irakurri dudan aldetik, zerikusi handia izan du Fernando Rey itzultzaileak ere, Yasar Kemalen hizkera poetikoa euskarara bikain aldatu baitu. Fernando Rey lehen mailako itzultzailea dela esan izan da lehenago ere kazeta honetan bertan. Bada, hona hemen beste lan bat, baieztapen hori berresten duena. Bestalde, eskertzekoa da literatura unibertsala gurera ekartzeko saioa; alde horretatik, hasi gara EIZIEren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenetik ernetutako uzta biltzen, baina horretarako ezinbestekoak dira ereileak, Fernando Reyren moduko euskarazko itzultzaile emankorrak, Yasar Kemalen mailako idazle handiak gure artera ekarriko dituztenak.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak