kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Egarria / Josu Penades / Alberdania, 2023

Patu sargoritsua Hasier Rekondo / Deia, 2023-12-09

Josu Penadesen (Bermeo, 1962) literatur ibilbidea laburra bezain esanguratsua izan da. Idazle bermeotarra beti mugitu izan baita literaturaren moden mugen ertzetan. Haren lanak tanttaka besterik ez zaizkigu heldu, kasik isilpean igaro ere, betiere Albernania argitaletxearen eskutik, hiru eleberri hain zuzen ere. Bitxikeri gisa, zur eta lur geratu nintzen Bizkaiko kostaldeko herri bateko Literatura Klub ezagun batera joan ohi den lagun literaturazale batek aitortu zidanean ez zuela Penadesen berririk. Gure literatura sistemaren ajeak asmaezinak baitira.

Lauaxetaren gainean idatzi saiakera baten ondoren, 2006an argitaratu Etxea opera prima izan liteke orain arte oihartzun gehien jaso duen haren literatur-lana. Hastapeneko hartan narrazio eta lexikoaren konplexutasuna aukeratu bazuen ere, Egarria honetan soiltasunaren aldeko apustu narratiboa ondu du.

Deborah Eisenberg idazle amerikarraren esanei jarraiki, narrazio baten klimaxa edo gertakizun dramatikoena ez da garrantzitsuena. Penadesen nobela labur honetan, ipuin luze baten zantzuak agertzen dituena, bete-betean gauzatzen da idazle amerikarrak aipatzen duena. Izan ere, gauzarik erakargarriena ez da drama, pertsonaia-narratzaileak klimax ezberdinen aurrean sentitzen duena baizik, sentipen horiek elipsiekin eta sintaxi zuzen eta zehatz batekin erditu ditu egileak.

Pedro Artika aitaorde apustu-zale “ankerrarekin” bizi den, ugazama “idealizatua” goizegi galdu ondoren, Galo Elorriaga mutikoaren bizipenak kontatzen dira lehen pertsonan, “Nire izena Galo da, Galo Elorriaga Armendariz.” aurkezpenarekin ekingo zaio narrazioari. Gerra osteko Bermeoko baserritar munduan girotu eleberria dugu. Penadesen eredu tematikoak gure literatura klasikoan aurkitzen dira: Txomin Agirre, Orixe, Zubikarai etab., moden zirrituetatik kanpo.

Esan beharra daukat Penadesek kontatzen dituen zenbait kontuk ukitu egin nautela emozionalki: haurtzaroan ibilitako lekuen zantzuak, beste edozein tokitakoak izan daitezkeen arren, orduko munduaren, nire gurasoek jasandako gogorkeria azaleratu baitu ene barnean. Orobat, Bermeoko lexikoaren zenbait “harribitxi” berreskuratu ditu ene memoriak. Eskertzekoa da Penadesek gure historian burutu lan “arkeologikoa”, batez ere galduta edo galbidean diren zenbait berba, esamolde etab. berreskuratuz.

Galoren ikuspegitik bete-betean kontatzen zaigun istorioa nahiko historia ezaguna da, berehala datorkigu gogora, zeharka bada ere, Andu Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez. Narratzaile-umeak erabili tonuak gorabehera batzuk ditu: ume heldu bati suposatzen zaizkion ikusmoldeak haur ez-jakin edo inozo batenarekin uztartzen baitira. Horrezaz gain, nago narrazioak indarra galtzen duela erraz aurreikusi daitezkeen zenbait jazoerek ez dutelako ustekaberako betarik ematen.

Alta bada, Penadesen idazkuntza neurtuaz gozatzeko aukerarik ere aurkitu daiteke. Jazoerak zein protagonistaren burutazioak paragrafo labur eta zizelkatuen moldean eskaintzeari esker estetika oso berezko baten jabe dela erakusten baitu. Halaber, liburu osoan zehar doitasunez neurtuak daude esaten direnak eta ez direnak, azken hauek egilearen etxeko marka direlarik.

“…etxeak berriro hartzen badu su, kedarraren kiratsa bizitza osoan izango dugu geurekin, esaten zuen amak”. Kirats hori protagonistek jasan behar duten bizitza latz eta sargoritsuaren metafora izan liteke, azken finean, bizitzaren jokoan ez ditugu guk geuk soilik jokatzen apustuak, nobelan antagonistaren papera jokatzen duen Pedrok Artikak bezala, izerdiz eta egarriz betetako patuak badu zerikusirik.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak