« Beto parentala euskarari | Patu sargoritsua »
Erretzaile damutuen konpainia / Aingeru Epaltza / Elkar, 2022
Kostaldean mairurik bai, wesh! Eleberri bortitza eta eztia Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-12-05
Sargia, estreinako
Ez duzu labetik jalgi berria, eleberri beltza duzu halere. Generorik genero, poliziakotzat jo daiteke. Edonola dela ere, balizko euskal jendarte baten alderdi aunitz lantzen/islatzen ditu Erretzaile damutuen konpainia nobela zoroak. Egungo Nafarroaren isla —bat— da, handi-handika; Iruñea-Pamplonarena zehatzago. Fikzioa da, bistan da. Alabaina, gaurko fikzioa errealitate suerte bat bihurtu daiteke bihar.
Aingeru Epaltza idazleak euskal gizarte geroz eta erreagoa eta beltzagoa deskribatu digu erretzaile damutuen abaroan. Hots, erretzaile damutuen lagunartean —kuadrillan—. Gaur gaurkoz errepikaezina den —iragan berri bateko— jendartearen idiosinkrasia antzeman dezakezu berean. Iraganean haztakatuz, egungo gizartearen kraka karrakatzen baitu iruinxemeak.
Labea nolakoa halakoxea nobela: bero-beroa, beltz-beltza, iluna. Hartara, eta iluntasunean bizitzeko argi-errainuak beharrezkoak direnez gero, etengabeko bristadek argitzen dute Erretzaile damutuen konpainia delako istorioa; edo bertzela erranik, istorio honen tramaren kontakizuna. Trama eta drama hitz kidekoak izaten dituzu nobela beltzean. Tragediaren funtsaren oinarria duzu drama. Drama horrexek egiten du posible akzioa. Halaxe eraikia duzu nobela hau.
Idazleak eriden du non haztatu eta non karrakatu. Erretzaile damutuen konpainiako kideen abaroan, joan doan “belaunaldi baten eskatologiaren” zantzuak antzeman ditzakezu. Iragan heterosexualitatearen ezkutukoa —gizonezkoen kasuan; Andoni eta Txapo— eta egungo homosexualitate agerikoa —emakumezkoen kasuan, Bea eta Ainara—. Immigrazioa: globalizazioak ekarri dituen giza-oldeak. Estatu(ar)en nagusitasuna eta beren estoldak. Boteretsuen arteko lehiak. Familia ereduaren krisia eta bilakaera. Kontsumozko gizartea —Ingelesean ederto azaldua—. Nobela irakurtzera gomitatzen zaitut. (Nire) iruzkinak bidea ilunduko ez dizun igurika.
Ezaugarri zenbait
Nobela bortitza eta eztia duzu, Eduardo Saragueta Redin nola. Horixe eleberriaren pertsonaia nagusia. Edu kazetaria da —idazle honen Rock’n’roll eleberri gogoangarriaren morroi bera: antiheroia, galtzailea… —. Morroi bortitza denak —morroi adieraren zentzu guztietan— eztitasunez apaindu behar du bere porrota. Halakoxea duzu Edu. Horixe bera duzu protagonista. Iraganeko Rock’n’roll haren bera duzu, baina are beheitiago etorria.
Berarekiko miresmenik bakan aurkituko duzu nobelan, ez bada, aldian-aldian, tantaka. Kazetari-ikertzaile honek sorrarazten duen miresmena hutsaren hurrengoa da. Alta bada, horrexegatik edo, morroi maitatua da. Gorrotatua bezain maitatua. Halakoxea begitantzen zait galtzaile(ar)en idiosinkrasia: gorrotatua(k) eta maitatua(k) aldi berean. Halakoxe begitandu ere euskaldun utopia-zalea. Halakoxea duzu Edu. Euskaldun utopiko bat.
Edu Saraguetaren alter egoa Aingeru Epaltzarena ote den nago. Ez osotara, ordea. Pentsatzea egungo Epaltzaren ni-a eta Saraguetaren ni-a bera direla, larregi iruditzen zait. Halaz ere, artean, Eduk orain dela hogeita bost urteko kazetari-ikerlearen grina atxikitzen du, edo atxiki dezake. Erran nahi baitut, egungo Edu Aingeru izan liteke Epaltza kazetariak iraganeko bere lanbidea utzi izan ez balu. Hipotesi bat besterik ez da.
Epaltzaren ezaugarri zenbait agerikoak dira Saraguetarenean, iraganean eta orainean. Musikari dagokionean, kasurako. Nobela honetan Edu Fleetwood duzu —bere garaiko hainbat lagunentzat, noski—. Fleetwood Mac taldearen jitekoa, hots. Saragueta kasko-pelatuak egungo gazteen —hainbat— musika zabortzat jotzen du, eta Epaltza burusoilak ere bai, naski.
Sinopsia
Hirurogei urte gainditu berri Edu Saraguetari tokiko komunitate islamiarrari buruzko erreportaje sorta egitea eskaini dio NTV telebistak; gaztelaniaz egiteko agindu ere. Bi astetan burutu beharreko lana. Lan gaitza. Bere abantaila, Iruñeko Arrosadia auzoan bizi izatea. Etorkin-auzoa. Idazleak deskribatzen digun Arrosadiak gutxi du Iruñea idealizatutik, ezta Pamplona irudikaturik. Arrosadia etorkinen bizitokia duzu, arrazakeriaren arragoa eta labea.
Lan gaitza, hainbat gaitzek jotako Saraguetarentzat. Kristina, emazte ohia da ondikoz, aspaldi hautsi zuten bikoa. Erretzaile damuturen konpainia delako koadrilan abaro gisako bat atxiki du halere. Unai semeak ez dio bizkarra ematen, ez horixe. Alta bada, bere nortasun grinatsu eta ziztagarria dela eta, Eduk ez du ingurukoen begirunea aise erdiesterik. Lagunek ez dute horregatik begietan hartuta. Iraganeko adiskideen arteko konpromisoa laguntasun “sendo” bat da nolabait. Euren arteko solasaldiak lekuko. Erretzaile damutuen bizipenek elkarren arteko komunikazio berezko bat sorrarazi zuten iraganean. Hizkuntz molde hori —umorea, ironia, trufa, eskarnioa, sarkasmoa— eskarmentu eta sufrikario moduko baten adierazpena duzu. Nobelaren ezaugarri eta dramaren erakusgarri.
Kazetari senak eta ofizioak ikertzaile izatera bultzatzen du Edu. Justiziarik ez dagoen jendartean, justizia xerkatzen duen morroia duzu. Utopiko bat. Are, bestelako justizia agintzen duen islamismoaren munduan murgilduko da. Islamiar terrorismoaren erraiak ezagutuko ditu, bertako indar politikoen —tokiko polizien arteko talkak— azpikeriak eta ustelkeriak ezagutuko ditu. Estatuaren gerizpean praktikatzen den bortizkeria legezkoa. Hala berean, protagonistak hamaika katramila —familiarena, lagunena, lankideena, auzokideena…— libratzera behartuta ikusiko du bere burua. Gauzen edota gertakarien peskizetan bizi ezean, ez dago bizitzerik Edurentzat.
Egungo jendartean egokitzeko zailtasunak dituen pertsona baten erretratua duzu nobela. Harremanetarako pertsona mugatua da Edu. Bizitzaren gainbeheran —60 urte gainditutakoan—, are nekezago eta gaitzagoa da bizitzari zuzen eta taxuz ekitea. Gaztetasunetik jendartearen arauen ildoan “egokitu” ezin izanak deskribatzen du pertsona galtzailearen nortasuna. Horixe duzu Edu.
Nobelaren tramaz eta bilbeaz
Nobela orok hizkuntzaren erabilera egokia behar du, jakina. Genero beltzaren lanketa idazle gutxiren esku dago. Jendarte arras konplexu eta anitz baten erradiografia egitea, haren espresioak ezagutzea eta berauek ezagutaraztea berebizikoa lana da. Lana are biziagoa izaten da, bilbe horren tentsioa mantendu behar duen —thriller bihurtzen duen— gertakari odoltsu bat tartekatzen delarik. Beraz, kasuon, nobelako hamaika pertsonaien ezaugarrien deskribapenak zeureganatzeaz beste, nobelako tramak zabaltzen dituen ertzei so adi-adi egon behar duzu.
Aingeru Epaltzak pertsonaien bitartez gauzatutako elkarrizketak apartak dira. Apartak, hagitz originalak direlako. Ipar-ekialdeko euskararen maisutzat jotzen dut. Eduren esaldi xarmagarrien gordailua horren lekuko. Epaltzak deskribatzen duen jendartea ez dugu izaterik gaur gaurkoz. Euskal fikziozko jendartea da. Alta bada, konparazioenera: garai batean guardia zibil bat euskaraz irudikatzea ezinezkoa egiten zitzaigun eta gaur egun literaturak eragozpen hori gainditzen lagun digu. Bada, Epaltzak eraikitako nortasun eta zeinu guztietako pertsonaien ahoan euskara entzuteak Euskal Herria euskaldun batean bizitzen jarri nau, anartean fikziozko Euskal Herria badarik ere.
Idazlearen dokumentazio lana baitezpadakoa duzu. Eleberrigile honek Erresuma eta fedea trilogia historikoa gauzatzeko burutu —behar— izan zuen dokumentazio lanak txunditu ninduen. Bada, oraingo nobela hau gauzatzeko, Iruñea-Pamplonaren metamorfosia aditzera emateko egin duen kultura-arakatze-lan itzelak gatibatu nau. Ez nadin laino izan. Jakitun naiz, garai bateko dokumentazio zentroak Googlen daude. Alabaina, globalizazioak —Afrikatik nahiz Asiatik, Hego Ameriketatik edota Balkanetatik— nafar metropoli foralera idazleak ekarri dituen kulturen idiosinkrasien deskribapena zinez estimagarria da.
Nobelaren mezu sublimea
Edu morroi egiatia da, sintzeroa. Biziro bizi izanagatik, ez du ikasi egitasunak giza-harremanak hondoratzen dituela. Egiaren peskizetan bizi da, eta egiaren ezagutza erdietsi arren, ez du ikasi desengainatzen. Edu kazetari egiatia da. Gure bizitzako filosofiaren ildoan eraikitzen dugun gezurra nola, halakoxea duzu gezurra kazetaritzan.
Literatura izan dezakegu horien antidotoa, gezurraren antidotoa hots. Literatura fikzio den aldetik, gezurrezkoa den heinean, errealitatea erdiesteko espresio argiena da. Tira, izan daiteke. Errealitate erdiesterik ez dago, haren interpretazioa egin dezakegu, ordea. Nork berea. Erretzaile damutuen konpainia eleberriak egiazko hainbat printza oparitzen dizkigu. Egia, betiere, errealean dagoela entelegatuz gero.
Jalgia, hondarreko
Ezinbertzean, eleberria irakurtzean, antzinako —Erresuma eta fedea-ko— Iruñea/Pamplonaren jite musulmanarekin oroitu naiz. Edonola ere, orain eta hemen, nobelako sujetu garrantzikoenak musulmanak dituzu: Hassan, Habiba, Dalil, Leyya, Gassaba, Lalla. Shaina, Jahed, Nahma… “Kostaldean mairurik bai, wesh!“.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres