kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Arrain hezur bat eztarrian / Olatz Mitxelena / Elkar, 2023

Irudimena da guztia Ibon Egaña / Deia, 2023-09-02

Izenburu iradokitzailearekin plazaratu du Olatz Mitxelenak lehen ipuin liburua, Arrain hezur bat eztarrian. Ekar diezaguke gogora mina, ezinegona, itolarria, eta bada horietatik ipuin horietan, min arinago edo larriagorik, ezinegonik, baina beharbada inkomunikazioarena, trabatutako hitzena, hitz egin ezinarena da arrain hezurraren irudiak testuotan sarrienik hartzen duen forma. Ez da hau ipuin liburu tematikoa, baina narrazio guztiak irakurtzen amaitutakoan ohartzen da bat nola zeharkatzen duen errotiko kezka batek liburua, hain zuzen, esan ezinarenak. Bertsotan ari zela bat-batean mutu geratutako neskaren istorioak, gaztelaniaz mintzatzea saihestearren isiltzera jotzen duen gazte herabearen ipuinak, itxuraldatu eta katu bilakatu ostean miauka baino hitz egin ezin duen bikotearenak ematen dute hondoko egonezin horren berri, baina gainontzeko ipuinetan ere bada esatearen eta ez esatearen arteko tentsio hori. Ahotsek hartutako baserriaren inguruko ipuinak ere, akaso, kezka horri bestelako ertz batetik heltzen dio. Estimagarria iruditu zait hondoko kezka bat zein forma narratibo ezberdinetan ager daitekeen liburu bakarrean, eta nolako gaitasuna izan duen Mitxelenak istorio anitzak sortzeko, hala formaz nola edukiz. Aniztasunaren eta koherentziaren arteko oreka zail bat lortzen du horrela liburuak.

Iradokitzailea eta aztoragarria du liburuak azala ere; Xabier Sagastaren ilustrazioak giza itxurako katu eta sai bana irudikatzen ditu kafetegi batean. Egunerokoaren eta arroztasunaren arteko elkarrizketan dabiltza sarri Mitxelenaren ipuinak, errealitatearen eta fantasiaren artekoan, gizakiaren eta animaliaren arteko mugan. Egunerokoarekin, bikote-harreman, familia-arteko erlazio edo lagunarteko enkontruekin lotutako eszenak dira abiapuntu ipuinetan, baina aztoratu egiten da egunerokoa, batzuetan gertaera xume baina durduzagarri batekin: ume bat, trenez bakarrik bidaiatzen duena, eskuz egindako billete batekin. Beste batzuetan fantasiara lerratzen da erabat ipuina, metamorfosi kolektibo bat azalduz. Akaso interesgarrienak, dena den, fantastikoaren eta errealistaren arteko erdibide horretan dauden narrazioak egin zaizkit, errealitatea gehiago interrogatzen dutelako beharbada “Behe-lainoa” edo “Hori dena zor dizut” bezalako ipuinek.

Liburuko lehen ipuinak Sarrionandiaren “Estazioko begiradak” narrazioko aipu ezagun bat dakar, Mitxelenaren ipuinek irudimenaren alde egindako apustuaren adierazgarri: “irudimena da guztia” zioen iurretarrak. Ideia eta abiapuntu interesgarriz josita dago oiartzuarraren lehen liburua, nahiz eta ipuinek ez duten beti esperotako biribiltasunik lortzen. Zenbaitetan, ipuinek zeharbidez hizpide duten herabetasuna narratzaileari berari ere sumatzen zaiola dirudi, eta sentsazioa izan dut ipuina hastera zihoan unean amaitzen zela, neurri batean kontakizunaren klabeak mahai gainean jarritakoan atzera egiten zuela narratzaileak, eta bat-batean ixten zela istorioa. Noski, isiltasunari espazioa irekitze hori izan daiteke irakurleari tartea uzteko modua, baina ipuin batzuetan sumatu dudana ez da irekitasun mota hori izan, ezpada garapen luzeagoaren falta. Xehetasun eta konkrezioetan gehiago sartzea, pertsonaia eta egoerei garapen gehiago ematea hartu dut faltan ipuin batzuetan, izan ere, osagai interesgarri horiekin apur bat harantzago joanda testua urrutira heldu zitekeela iruditu zait maiz. Ipuina genero gisa maite, ezagutu eta errespetatzen duen idazle irudimentsu baten lehen obra iruditu zait Arrain hezur bat eztarrian, ziurrenik etorriko diren beste ugaritan lehena.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak