kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Irunberri 1990: Arroilaren negarra / Pako Aristi / Erein, 2023

Arroilaren negarra eta hilketen ezbeharra Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-06-25

Prologoa

Liburu hau kazetaritza-ikerketa lana duzu. 1990eko ekainaren 25ean, Nafarroako Irunberriko arroilan gertatu ziren hainbat hilketen nondik norakoa kontatzen du. Etakide bi —Jon Lizarralde eta Susana Arregi— eta guardia zibil bat —Jose Luis Hervas— hil ziren, hirugarren etakide bat zauritua gertatu zen: German Rubenach. Espainiako Estatuaren (PSOEko gobernuaren eskutik) bertsio ofizialaren arabera, hildako etakideek beren buruaz beste egin zuten, hirugarrena ere saiatu omen zen. Ez zuen lortu ordea. Estatuak etakideen suizidioaren tesia mantentzen du gaur egun ere. Pako Aristi kazetaria eta idazleak tesi hori desmuntatu du Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburuan. Liburuak tesia eta bertsio ofiziala deuseztatu ditu, nire aburuan.

Literatura “kritika” egiten dut batez ere. Literatura liburuen iruzkinak, zintzo erranik. Irunberri, 1990: Arroilaren negarra ea irakurri dudan galdetu dit lagun batek bi bider —lagun bakarrenetako bat—. Nire “iritzia” ezagutzea gustatuko litzaioke. Urduri nago. “Gure” historia berriaren gaineko liburuek —ETA fenomeno politiko-sozial armatuaren ingurukoak, kasu— durduzatu egiten naute. Sosegua uxatzen didate. “Memoria historiko-histeriko ditxosokoak”, deitzen ditut.

Kristau erlijioan hezi ninduten —funtsean, hitz hauek irakurtzen ari zareten denak/gehienak bezala—. Gaur egun, filosofiak hezten laguntzen nau. Alabaina, literatura jotzen dut hezi-iturri gorentzat. Letren munduaz ari naiz. Nola nahi den ere, ongi hezi aldera, harago joan behar da. Zientziaz harago. Bizi-esperientziaz harago. Lur bat hara(ta)go dago munduaren erreala. “Egia” sinesleentzako.

Filosofiaren-egiaren ildoan premisa bat: “Lagunik? Ez dago lagunik!”; Aristoteles gogoan. Edo Schopenhauer ote zen?, hori zioena. “Etsairik? Ez dago etsairik!”. Nietzsche gogoan. Egiaren xerka segitzen dut gaur egun ere. “Erreala” kausitu nahiz. Alabaina, eta batez ere, berriz diot, literatura —fikzioa— hobesten dut errealera iristeko. Salbuespen bat eginen dut. “Egia” eta “erreala” sinonimotzat hartuko dut iruzkin hau gauzatu artean.

Hizpide dudan liburu hau ez da literatura, ez da filosofiakoa, bistan da. Irunberri, 1990: Arroilaren negarra kazetaritza-ikerketa lana da, berriz diot. Datu bat, objektiboa, liburua gertakariak izan zirenetik 30 urtera egina izan da. Pako Aristik ikerketa talde zabal baten laguntza ukan du. Ezinbestekoa, tamainako eta sakonerako lan hau taxuz gauzatu ahal izateko. Irunberri, 1990: Arroilaren negarra ikerketa-lan eskerga begitandu zait. Zaila, alegia.

“Gertakaria” ondo baino hobeto ikertu eta agertu du idazleak. Arroilaren negarra sentitu dut, literaturaren hotsak entzun ditut. Badauka ukitu poetikorik. Badu ere saiakeratik. Ez alferrik, Pako Aristi idazlea da. Nobelaren zantzuak ere baditu. Maitasun franko dago. Hala nola, hildako etakideen familiartekoen lekukotasunetan: Jon Lizarralderen Dominika Urretarenak. German Rubenachen aita Juanitorenak; Germanen Jon anaiarenak tarteko. Susana Arregiren Enkarna Maiztegirenak. Lagunen eta etakide guztienak orobat. Eta abar. “Lekukotasunak” ez da hitz egokiena euren sentimenduak adierazteko. Maitasunezko berbak dira. Liburua generoko poliziakoa ere bada neurri handi batean, gertakarietan parte hartu zutenen —zuzen edota zeharka— ehunka polizietako batzuen lekukotasunak jasota baitaude ere bai; garaiko hainbat kazetari, politikari edota epaileenak barne. Hildako guardia zibilaren senitarteko eta lankideen lekukotasunak ere badaude. Horienak ere, noski, maitasunezko berbak dira. Nork bereak ditu maite.

Oharra: Arroilaren negarra hilketen ezbeharra da. Ezbehar hitzaren bertze adiera bat ere aintzat harturik.

Nork bereak maite ditu. Arroilaren negarra ez da isildu. Isuria ez da eten. Zuzen edota zeharka, hurbiletik edo urrunagotik, “gatazka” delakoa ezagutu edo parte hartu zutenek/genuenok segitzen dute/dugu kateatuta historiaren norian. Oroimenak nekez argitzen digu iragana, gerraren ondorioz ernatzen dena —loratzen nekez— oroimina da batez ere. Oroit eta mina.

Oharra: ez nadin ildo poetikora lerratu, ez nadin errealitatetik urrundu, ez nadin eletan jausi. Ez nadin hitzen loraldian ito. Gerra-lurraldean maitasuna loratzen da. Alta bada, iragan 60 urteetan ez da gerrarik izan “gurean”. Izatekotan gaizki ulertutako “gerra” izan da. Alde batekoen aldetik, diot. Bestaldekoek —bortzaren monopolioa dutenek— gerra suerte bat “egokitu” dute aldian aldiko eta euren beharren arabera.

Historia beti garaileek idazten omen dute. Omen eta ei. Irunberriko gertakarien harian, ordea, galtzaileek ere idatzi dutela erran nezake. Axioma hori deuseztatu daiteke, beraz. Lan eskerga hau duzu horren froga. Harago joanen naiz, liburuak ez du soilik Irunberriko gertakariaren lekukotasuna ekarri, liburuak 80 eta 90reko —zabal-zabalik hartuta— ETAren izaera/egoera eta modus operandia ematen du ezagutzera. Hau da, Euskal Herriaren izenean diharduen erakunde politiko-militar eta Espainiako Estatuaren talde armatuen arteko konfrontazio mota. Pako Aristik Nafarroa komandoaren duintasuna eta birtuosismoa begietaratu dizkigu. Idazlearen lerro honetan duzu ageriko: komandoaren “laguneko egitura suntsitu ostean, ez da beste zortzi urtetan ETAk hildakorik izango Nafarroako erresuman”. ETAk Tomas Caballero Iruñeko zinegotzia hil zuen 1998an. “Zinegotzien aurkako ekintzak egiten hasia zen”, diosku Pako Aristik. Epaileen eta kazetarien aurka, gehitzen dut nik. Ez da Pakori eginiko zehazpen bat. Ez dago afrunturik. Ez naiz ere moralismo merkerik egiten ari. Liburua eta fenomeno armatuaren bilakaera ulertzen lagundu aldera, ari naiz.

Modus operandi aipatu dut, aipatzen du liburuaren egileak. “Gerra”n ari diren bi aldekoen modus operandiak hizpidera ekarri ditu, baita berauek erkatu ere. Begi-bistakoa, hauxe: alde batekoen eta bestekoen jardueren izaera ezberdinak dira, prefosta. Baina… beti dago baina madarikatu bat. Ez dago absoluturik.

Oharra: ez dago absoluturik, absolutu bakarra jainkoa da, eta bera ez da existitzen —ohiko nire errekurrentzia—.

Beti dago baina madarikatu bat. Eta horrek hurbiltzen gaitu etsaiarengana; amiñi bat baino ez bada ere. Hona diodanaren adibide bat. [ETAk] “tregoak errespetatu egiten ditu, 2006koa salbu” idatzi du Aristik, egiari atxikia. Zuzen. Baita idatzi ere: “[ETAk] esandakoa egiten zuen, eta egindakoa esan…”. Ez da guztiz egia/erreala Aristik idatzia. Pako Aristik hori jakin beharko luke. ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa irakurri badu/balu behintzat.

Tartekoa

Tartean, suizidioaren tesia: “Euskaldun fededun”. Liburu honetako protagonista nagusiak —eta gainerako guztiak/gehienak ere bai— kristautasunean heziak izan dira. (Espainiako) Estatuaren kontra ari direnak hala nola haren alde ari direnak ere. Alde batekoak katolikoak dira, baita beste aldekoak ere. Hots, “gu” barne. Euskaldunon “euskaldun fededun” ezaugarria lekuko. ETAko militanteek (bere hasieran) eragindako hilketen mina “gainditu” ahal izateko “bitarteko” nagusia erlijioaren beraren sinesmenean izan zuten. Halaxe/halatsu izan zen eta izan da ere geroago. Kontua “unibertsala” duzu. Ez da soilik euskaldunon aiurria, alegia. Ez gara horren bereziak. Horiek horrela, liburuak ontsa islatzen duenez, etakideen suizidioa ez da beren izatekoa izan. Etakideen borroka-askapen bidean eta azken buruan —kultura islamistarenean ez bezala, adibidez— zerua ez dago irabazia gerran hil ostean. Pako Aristiren liburuan ongi baino hobeto agertzen da etakideen jitearen alderdi hori.

Alabaina, baina madarikatua, horretan ezin ere absolutistarik izan. Ez dago inoiz ez inola absoluturik. Hau da, hainbat etakidek beren buruaz beste egin izan dute espetxean —Espainiako kartzeletan edota Frantziako presondegietan—. Suizidio horiek itaundu egin didate eta itauntzen didate gaur egun ere. Itauntze hori ez da kontu filosofikoa. Tarte horretan ez dago “egia ez egia” edota “sinesmen edo ez sinesmen” dilemarik. Etakide horiek beren buruaz beste egin dutela/zutela “onartu” dugu “denok”.

Oharra: ez dut kontu teologikoaz jardun nahi, zeruko kontuez, lurreko kontuez —gertakariez— ari naiz. Erran nahi baitut: “Estatuaren jokabide maltzurrak” suizida-arazi egin dituenaren argudioa ez zait balio izan egundo. Nolatan, beren kideez inguraturik beren buruaz beste egitea? Inguraturik diodanean “babesturik” erran nahi dut.

Erlijioa hartu dut ardatz. Bizitzari zentzu emateko bidean lagungarria. Halaxe hezitu ginen, hezi gintuzten. Erlijio hari uko egin ostean, filosofia suerte guztiez “elikatu” gara. Nork berea. Ismo haiek eta ismo hauek “laguntzen” digute gaur egun ere. Erlijioaren ildoan ez dago guztizko askatasunik, ezta filosofiaren ildoan ere. Filosofia, hots, idealismoaren ildoa. Askatasuna eta egia “errealean” daude. Eta hori helezina dugu betiere. Ismoen ildoan urratzen dugun bidean —edozein ismoaren ildoan— ez dago kontzientzia askatasunik. [Mamitu dugun] teologiaren aurkako a-teologia, teologia besterik ez da. “Hitz potoloak” dituzu nire hauek, inondik ere. Unibertsal hitzera ekarri naute ordea. Hitzek bidea argitzen eta trabatzen digute. Dena dela ere, kontu lurretara heldu nahi dut. Adibide batean ari naiz berriz ere. Aristik ere, unibertsal hitza darabil: “Legea unibertsalki biztanle guztiei ezartzen ez zainean ereiten baitira injustizia, bazterkeria, partzialtasuna eta estatu-krimenak”. Bai horixe!

Alabaina —beti baina— zein dira balore unibertsalak? Nork idatzi zuen lehen aldiz unibertsoaz? Biblian agertu zen lehen aldizkoz. Unibertsala, jainkoaren hitza beraz. Hor nonbait. “Ez, ez, ez…”, gaztigatu dit gogoak. “Platon eta Aristotelesekin hasi ziren unibertsalei buruzko hausnarketak”. Literatura Unibertsala badugu halaber. Erran nahi baita, unibertsala zilegitzat jotzen dugun terminoa duzu. Haizu ote den!?

Galdera gehiago daukat: gure unibertsoa lurra al da? Unibertsoa lurraz harago doa/dago? Edo lurra planetara mugatzen da? Prefosta, metaforak dituzu. Jainkoaren ideia metafora den legez.

Epilogoa

Idatz dezadan liburuaren funtsezkoaz. Etor nadin liburuaren funts lurtarrera. Hots, etakideek beren buruaz beste egin al zuten? Ez. Liburuak eskaintzen dizkigun gertakarien “bertsioa” aintzat hartzekoa da, oso ongi osatua baitago, sano eratuta. Itzela da liburua. Lan ikaragarria. Gertakari gaitz hura nola, lan gaitza hau ere. Lan objektiboa. Alabaina, bertsio ofiziala desmuntatzen duen arren, ez da nahikoa “bertso ofiziala” deuseztatzeko. Alde batekoon ustez, liburuko tesia eta bertsioa haizu dira erabat, legezko bertsioa bertan behera gera dadin. Alabaina, Pako Aristiren bertsioa ez dago “ofizialki eratuta”. Ez de jure ez de facto. Jainkoaren hitza nolakoa halakoxea estatuarena. Jainkoa “gure” metafora da. Batekoon nahiz bestekoena. Nietzscheren “jainkoa hil da” metafora izan zen. “Jainkoa ez da hil” metafora duzu halaber. Bigarren hori nirea duzu.

(Espainiako) Estatuak etakideek ez zutela “beren buruaz beste egin” bestelako bertsioa onartuko du —liburu honen tesia, kasu— “egia hori” onartzeak bere izatea indartu eta berretsiko duenean. Onarpen molde hori hagitz lurtarra duzu. Beste gisa batez errana —honako hau onarpen teologikoa duzu edota jainkotiarra—: estatuak hori onartuko du —egungo jainko guztiahaldunak— lurtarron kontzientzia hautu libre bat izanen denean.

Azkenik, ideologiari lotua berriz ere —edozein ismori buruzkoa, beraz—: liburu honek estatu-munstroaren erraiak erakusten dizkigu, hots, Leviatán. Estatuaren izaera monstrua azaltzen digu. Estatua ankerkeria, basakeria eta gogorkeriaren adierazle eta egile handiena duzu —jainkoak nola, historia lekuko— eta hona paradoxa: etakideek estatu bat dute helburu —ez haiek soilik; ulertzeko diot—. Euskal Estatu bat helburu estatu-monstru tipia bihurtzea zilegitzat joz. Haizu ote!? Galdera anitz ditut. Zuk irakurle? Irakurri liburua. Ez dizut pozkaririk agintzen. Nik poza baino sufrikarioa bizitu baitut. Alabaina, sufritzeak —nonbait hori ere— nor egiten gaitu.

Post scriptum madarikatua

Pako Aristiren Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburu bikainaren gaineko iruzkin hau ez da biziki estimatzen dudan armiarma.eus webgune bikainera pasako. Arrazoia: liburu hau ez baita fikziozkoa.

Anartean, “adimena prest, entzumena zoli, mintzoa zuhur” idazten saiatzen naiz. Labur ezin idatziz, zuhur izan nahian. Iparrari so ibili dabilen hegoaldetarra nauzu(e). Errealaren xerka ari den irrealista. Idealismoa gainditzeko bidean betiere.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak