« Euskaldunen azpiratze prozesu historikoa | Denontzako eta inorentzako ez »
Ura saltoka / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 2023
Txantxangorri buruarekin Irati Majuelo / Berria, 2023-05-21
Ezaguna da Juan Kruz Igerabideren ibilbide literario oparoa, batez ere haur eta gazte literaturan nabarmendu dena. Hala ere, esan daiteke genero literario ia guztietan esperimentatu duela, nahiz eta, agian, saiakera ez duen poesia, narratiba, edo antzerki-testua bezainbeste landu. Saiakera batekin dator oraingoan, Alberdania etxean argitaratu baitu Ura saltoka, bizitzari atzera begira maiz, memoriaren eta gogoaren uretan murgiltzeko proposamena eginez irakurleari.
Naturarekin harreman estuak eraikitzen dituen lana da Igerabiderena, hori du helburu nagusi, izatez, Natura eta kultura jolasean azpi-izenburuak iradokitzen duen gisan. Natura gogoetagai hartuta, beraz, harilkatzen ditu askotariko pentsamenduak, umetako oroitzapen lausoak eta egungo kezka sozialak, gaztetako anekdotak eta pentsalari, poeta zein ikerlari ugariren ideiak. Hari-mutur bat proposatzen du kapitulu labur bakoitzean, eta horri tiraka osatzen du bere hausnarketa ildoa, hara eta hona jauziak eginez, digresioak arau. Idazleak aipatzen duen bezala: “Txantxangorri-buruarekin pentsatzen ari naiz gauza hauek guztiak. Ohartzen naiz askoz ere xeheago eta sakonago azaldu beharrekoak direla. Niri, hala ere, txantxangorriaren jauzikako hurbilketa gustatzen”.
Honenbestez, jauziz jauzi azaleratzen ditu, erabat sakondu gabe, hamaika gairi buruzko iritziak: gizakiak teknologiari dion miresmena, krisi ekologikoa, izadiak sortzen duen lilura, ehiza, poesiaren eta naturaren arteko harremana edo gerla, besteak beste. Gaiak badatoz eta badoaz, baina ez du, hala ere, hutsaltasunik erakusten Igerabideren jarioak. Aldiz, gehiago hurbiltzen da basoan zehar egurastu ahala sortzen den hizketaldira, solas-hariak hasi, galdu eta berrartzen dituen jardunera. Hori hala, idazlea berriketa gozoan sumatzen da eta irakurlea entzule adi izatera gonbidatzen du, harekin batera hausnarketa isilean. Darabilen hizkuntza aberatsa eta malgua nabarmendu behar da saiakera honetan, bai eta aipatzen dituen erreferentzia literario, filosofiko eta zientifikoak ere, idazlearen ideiak pausatzen baitituzte testuan, lurrera ekartzen.
Liburuan zehar kritikatzen duenez, gizarte honetan “benetako arrazoia non dagoen ez zaigu axola, arrazoiarekin irtetea baizik” eta, ildo horretan, hausnarketa gehienek izaera irekia dute, ez determinista, malgua. Alabaina, azkeneko kapituluetan, COVIDaren gaiari heltzen dionean, Igerabideren gogoeta kritika gogor bilakatzen da, eta argudioak arrazoiaren jabe izateko defendatzen ditu, ez eztabaida osatzeko asmoz. Hori dela eta, nahiz eta bere burua ez kokatu jarrera batearen ez bestearen tarteko bidean, garatzen duen diskurtsoak nabarmen jartzen du zalantzan zientzia, pandemian erabili ziren neurriak, etab. Kontua da, hainbatetan datu ez-fidagarriak edo are gezurrezkoak haizatzen dituela, adibidez, bidaiatzeko COVID pasaportea beharrezkoa dela aipatzen duenean. Ondorioz, uste dut liburuaren amaierako pasarteek testuak hasiera batean hartutako bide xalo eta zabala nahastu edo narrasten dutela, gogoeta irekiak zirenak gotorleku bilakatzen baitira.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi